Goiekik 26. aldiz jarri du martxan Enpresa Ekimen Berrien Lehiaketa, hiru kategoriatan banatuta. ‘Gaur hasten da zure etorkizuna!’ da aurtengo lema. Iazko sari nagusiaren irabazleak, Kaxolako Iker Markinezek, bizitako esperientziaz hitz egin du.
Hiru kategoriatan banatuta dator aurten ere Goieki Garapen Agentziak urtero antolatzen duen Enpresa Ekimen Berrien Sariketa. 26. ediziorako deialdia egin berri du, Gaur hasten da zure etorkizuna! lemapean. Enpresa Ekimen Berriko Proiektu onena saritzen dute kategoria nagusian, bigarrenean Enpresan egindako proiektu berritzaile onena, eta hirugarrenean Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez sustatzen duen proiektu onena. Agiriak aurkezteko epea bi hilabete barru bukatuko da hiru kategorietan, irailaren 22an.
Enpresa Ekimen Berriko lehiaketan parte hartu nahi duten sustatzaileek nahiz ekintzailetzaren bidez proiektu inklusiboa lantzen dutenek negozio ideia berriaren balio nagusiak azaltzen dituen bideragarritasun plana aurkeztu beharko dute. Goiekin bertan eskuratu dezakete eredua partaideek. Berrikuntza proiektua garatu duten enpresek, berriz, proiektuaren deskribapena, berrikuntza maila eta balio erantsia zertan oinarritzen den azaldu beharko diete epaimahaikideei. Hiru sariketen oinarri, betebehar eta informazio zehatzagoa goierri.eus/lehiaketa webgunean aurki daiteke. Telefonoz ere jar daiteke harremanetan: 943 16 18 31.
Iker Markinez, iazko irabazlea
Iker Markinez Munduate (Beasain, 1974) da Enpresa Ekimen Berrien lehiaketaren azken irabazlea. Ormaiztegiko Kuko jatetxe ezagunaren gidari izan da 21 urtez, eta aurten janaria etxera eramateko Kaxola proiektua jarri du martxan Beasainen. «Proiektu bat norberaren buruan hasten da, ekintzaile edo sortzaile den pertsona horren buruan. Horrek prozesu bat edukitzen du, eta izaten da norberak bere buruarekin egiten duen lehia konstante bat». Ideia horrekin jo zuen iaz Goiekiren atea, proiektu berria garatzeko egin beharreko urratsak ezagutzeko. «Norbaiten babesa edukitzeak asko laguntzen du horrelakoetan, eta esan zidaten lehen gauza izan zen bideragarritasun plan bat egin behar nuela. Sariketaren berri ere eman zidaten».
Goiekira «buruan nuen sorkuntza hori txukuntzera eta antolatzera» joan zela zehaztu du. «Nik behar izaten dut sentitu proiektu bat esku artean dudanean beste norbaitek esatea proiektua ona dela». Hartara, sariketara aurkeztea erabaki zuen, «banekielako norbaitek nire proiektua irakurri behar zuela eta iritzi bat jasoko nuela». Agiri denak bete, aurkeztu, eta gero, notizia. «Poza sentitu nuen irabaztean. Dirua ere garrantzitsua da, baina niretzat garrantzitsuena da norbaitek positiboki baloratu duela zuk egindako proiektua».
Ideia berritzaileren bat duten goierritarrei «animatzeko» deia egin die Kaxolako sukaldariak. «Lehiaketak zein aurretik eman beharreko pausoek asko laguntzen dute zure ideia antolatzen. Goiekiko teknikariek beti esaten dute laguntzeko daudela, eta laguntza hori aprobetxatu beharra dago, hemen bertan baitakagu. Proiektua norberarena da, eta arriskua ere bai, baina oso garrantzitsua iruditzen zait zure familiakoa edo laguna ez den norbait zuri laguntzeko prest dagoela jakitea».
Enpresa ekimen berriko proiektua
- Helburuak
- Sustatzailearen irudia sustatu.
- Balio erantsi handiko enpresa berritzaileak sustatu.
- Eskualdean lana eta aberastasuna sortu.
- Enpresa berrien garapena eta sorrera.
- Urteko proiektu onena saritu.
- Nori zuzendua?
- 2022-2023 urtean zehar negozio ideia baten bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten sustatzaileei.
- Enpresa proiektu hauek Goierri eskualdean kokatuak izan beharko dira.
- Sariak
- 6.000€-ko diru kopurua.
- Goilan-en eskutik 3.000€-ko diru kopurua, beti ere sortu den enpresak Kooperatibaren izaera juridikoa baldin badauka.
- Goiekiko enpresa gunean kokatzeko aukera.
- Enpresa Ekimen Berrien arloak eskainiko dituen zerbitzuei sarbidea.
- Jardueraren lehen urteetan aholkularitza, babesa eta jarraipena.
Enpresan egindako proiektu berritzailea
- Helburuak
- Berrikuntza prozesuak helburu dituzten inbertsioei laguntzak ematea ETEei.
- Enpresek berrikuntza prozesuak martxan jarri ditzaten eragitea.
- Enpresak berritzeko egindako ahaleginak eta aurrera eramandako ekintzak aintzat hartu eta publikoki zabaltzea.
- Goierriko enpresak are eta lehiakorragoak izaten laguntzea.
- Nori zuzendua?
- 2022-2023 urtean zehar Goierri eskualdeko ETEetan berrikuntza proiektu bat gauzatu duten enpresei.
- Sariak
- 2.000€-ko diru kopurua.
- Enpresa arloak eskainiko dituen zerbitzuei sarbidea. Ordainketa proiektua martxan jarri eta gauzatzean egingo da.
Gizarte inklusioa ekIntzailetzaren bitartez
- Helburuak
- Lan munduan txertatzeko zailtasunak dituztenei bultzada bat ematea.
- Sustatzailearen irudia sustatzea.
- Eskualdean lana eta aberastasuna sortu.
- Enpresa berrien garapena eta sorrera.
- Urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena.
- Nori zuzendua?
- 2022-2023 urtean zehar negozio ideia baten bideragarritasun plana landu eta enpresa martxan jarri duten zailtasun edo bazterkeria egoeran dauden pertsonei.
- Enpresa proiektu hauek Goierri eskualdean kokatuak izan beharko dira.
- Sariak
- 2.000€-ko diru kopurua.
- Enpresa Ekimen Berrien arloak eskainiko dituen zerbitzuei sarbidea.
- Jardueraren lehen urteetan aholkularitza, babesa eta jarraipena.
* Lanak aurkezteko epea 2023ko irailaren 22an amaituko da.