Anttoni Okariz Gorrotxategi • Itsaso
Ez da kasualitatea Itsasoko igoera izeneko txirrindu- larien proba Alegiako zubiaren gainean eta erdi parean hastea, zubi historiko horrek hiru herriren lurrak mugatzen baitizkigu (Itsaso, Ormaiztegi eta Gabiria); alboko mugarria da horren adierazle (Y,O,G).
Zubi historiko hori 1998an berritu zen eta hormigoizkoa egin zen. Erreka drenatu, zubiaren begia zuzendu eta ur kabida handiagoa izango zuen zubi berria eraiki zen, uholdeek ez baitzuten barkatzen eta Errotakoek edo Armaindegikoek hamaika aldiz nozitu zuten errekaren indarra. Apunte historiko moduan, Gaztelatik kostarantz zetorren errepide zaharrak zubi hau igaroko zuen, 1760 hamarkadan Altzibar aldetik «Camino Real de coches y postas» egin zen arte.
Abuztuaren 24an izaten zen karrera, San Bartolome egunez eta Itsasoko festen aitzakian. Batek daki zerk eramango ote zituen 60ko hamarkadako gazte batzuk nor gehiagoka ibiltzera, baina ez zen urruti ibiliko taberna giroko apustu, aurreko marka ondu behar edo antzeko beroaldiren batetik. Zortzi edo hamarreko taldea lehiatzen zen, ez gehiago, baina nahikoa ziren ikusmira eta giro aparta sortu eta jaiak girotzeko.
Esan bezala, irteera Alegiako zubi gainean izaten zen, Itsaso aldetik, eta amaiera, berriz, Itsasoko kaskoan, eliza parean. 3 km-ko errepidea aldapatsua da ibilbide osoan, eta bihurgune askokoa. Ezinbestekoa da, beraz, sasoiko egotea 10 minutuz azpitik helmugara heltzeko.
Parte-hartzaileak ez omen ziren soilik itsasoarrak, Gabiriako eta Ezkioko zaletuak ere han izaten omen ziren (bi herri horietan ere antolatzen omen zituzten karrerak). Herrikoen artean gehiengoa Alegia ingurukoa edo gertukoa izan arren (Atsusaingo Matias, Iburko Patxi, Beitiko Joxe Ramon edo Urkulegiko Juan Migel), bazen herriko kaskotik gora bizi zen bat, Mendeungo Juan, bitan behintzat irabazlea izandakoa. Lehen postuetan iristen zirenek bazuten saria, noski: irabazlearentzat lore sorta eta tamaina txikiko kopa izaten zen, bigarren eta hirugarrenarentzat, aldiz, kopa soilik.
Oñatira txirrinduz
Garai hartako bizimodua izaki, zaildutako mutilak zirela esan genezake. Esate baterako, Juanek Oñatiko enpresa batean egiten zuen lan, eta txirrinduz joaten omen zen bertara. Hori gutxi ez, eta eguerdi partean Arantzazuko buelta egiten omen zuen bizikletan, iluntzerako etxera gurpilen gainean itzuli aurretik. Kontu hauek baserrira kaminorik ez zen garaikoak izanda, esan beharra dago Mandubiako bide ondoko Kortegi txabolan uzten zuela bizikleta, eta handik oinez, aldapan gora eta gora, joaten zela bere jaiotetxeraino. Soldaduskara joan aurreko kontuak dira hauek.
Urte gutxi batzuetan egin omen zen igoera, baina Itsasok txirrindularitzari lotuta jarraitzen du oraindik ere. Itsasoko mendi bizikleta trabesiaren 22. edizioa egingo da aurten, abuztuaren 26an. Zorionez, beste garai batzuk dira, eta emakumeen presentzia ziurtatuta dago, bai parte-hartzaile moduan, baita animatzaile moduan ere.
Oharra: Garai hartan ume koxkorra izanik, eskerrak eman nahi nizkieke oroimen lausotuak argitzen lagundu didatenei (Agustin, Bittori, Jexux, Joxe Agustin, Joxe Ramon, Maite eta Martini).