Ormaiztegiko herritar eta eragile talde batek Errotek herriari eta herritarrei emandakoa ikus-entzunezko dokumentalean jaso du herrian historikoki izan diren erroten berri. Ekainaren 22an aurkeztu zuten lana, Ane Aranburu kultura teknikariak eta Gipuzkoako Errota Egunaren bultzatzaile Alex Rotetak gidatuta. Zortzi herritarrek eman dituzte ezagutu dituzten erroten testigantzak, Ormaiztegiko Errotak lantaldeak eta udalak abiatutako egitasmoan: Begoña Gurrutxaga, Bernardo Osinalde, Javier Baztarrika, Joxe Lorenzo Murua, Joxe Osinalde, Juantxo Mujika, Vitoriano Teran eta Xabin Ezkurdiak. Bittor Argiñano artxibo arakatzaileak jasotako aipamen gehiago batu dituzte.
Kantauri isurialde guztian bezala, Ormaiztegin ere errota ugarik funtzionatu izan dute, menderik mende, erreka eta errekastoen uraren indarra baliatuta. Rotetak urrutiago jo du ondorioetan: «Ekimen industrial berritzaileen oinarrian errotak daude». Ormaiztegiko industri garapena da horren lekuko.
28 minutuko ikus-entzunezkoan, hiru errotaren ezaguera eman dute: Lapatxa edo Goiko Errota, Eztanda errekan Gabiriako mugan eta San Esteban baserritik gertu zena; Lapatzatxikia; eta, batez ere, Iraegi, funtzionamenduan eta azkena ezagutu zutena.
Lapatzatxiki (1782) erabat desagertua da, ez da aztarnarik geratzen. Oraingo inork ez du errota bezala ezagutu; bai, ordea, txikoria fabrika, argindarra sortzeko turbina, aroztegia, eta 1915etik aurrera Azurmendiren ferra eta laminazio lantegi modura.
Iraegiko ondare etnologikoa
Goiko Errotan (1637) oraindik badira etxea, hondakinak eta oinarriak. Arkudun sotoa zeukan, harlanduz egina. Errota martxan ezagutu zuenik ez da. Argindarra sortzeko turbina egon zen azkena. Ormaiztegiko bainuetxeari indarra ematen zion, eta 1903tik aurrera Ormaiztegiko herriari ere bai.
Testigantza gehienak eta oparoenak Iraegi errotarenak jaso dituzte (1612). Ramon Zabala errotariak gobernatzen zuen, eta bi errotarri zeuzkan: artirinarena eta «ogiarena» (garia ehotzeko). 1963an eho zuen azkeneko aldiz alea. Uherkaldeko presatik zihoan Iraegira ubidea. Azken hondarrak 2008an desagertu baziren ere, aldaparoaren zati bat ikus daiteke oraindik.
Ormaiztegiko beste errota historiko batzuen aipamenak ere aurkitu dituzte artxiboetan: Elizalde errota (1691) Izuzkitzane etxean, Sagastiberrin ere errota bat izan zela diote agiriek (1635), eta Olabarrieta errota (1635) zen beste bat. Erroten etnologia ere bildu dute.