Leinn graduko 3. mailako ikasturteko lanetako bat izan da Uxue Iruretagoiena zaldibiarrarentzat eta Garazi Ramirez ormaiztegiarrarentzat, Euskal Herriko eta Hego Koreako artistak ‘Between’ erakusketan elkartzea.
Mondragon Unibertsitateko Leinn (Lidergoa, ekintzailetza eta berrikuntza) graduko hirugarren mailako ikasleak dira Uxue Iruretagoiena zaldibiarra eta Garazi Ramirez ormaiztegiarra. Proiektu ekintzaileen bidez, modu praktikoan jasotzen dituzte ikasgaiak. Aurtengo ikasturtean bi bidaia egin dituzte, Indiara eta Hego Koreara, eurek sortutako enpresatik lortuko irabaziekin finantzatuta. Hilabete egin dute Indian eta bi hilabete Hego Korean, proiektu ezberdinak garatzen eta «ekintzailetza ekosisteman murgiltzen». Goierritar gazteen proiektu horietako bat izan da Between kultura arteko erakusketa sortzea, Maria Bela eta Javier Teja taldekideekin batera. «Ekintzailetza eta bertako ekonomia ezagutzera joan ginen. Proiektu desberdinak egin genituen. No art zen bat», azaldu du Iruretagoienak.
Hego Korean euskal kultura zabaltzea helburu zuen proiektua lantzea erabaki zuten. «Atzerrira joan baino lehen ikerkuntza prozesu bat egiten dugu, herrialde horretan ze enpresa edo start up mota dauden… Eta ikusi genuen azken urteetan, batez ere 2021etik, Hego Korean artea indar handia hartzen ari dela eta diru asko inbertitzen ari dela bertako galerietan eta nazioarteko galerietan». Hari horri tiraka, bi helburu jarri zituzten: «Batetik, Euskal Herriko artistak espazio edo erakusketa internazional batean elkartzea; eta bestetik, Euskal Herriko galeriaren batek bertako artistekin konektatzea».
Bi helburuak lortu zituzten, Donostiako Arteztuz galeriarekin harremanetan jarrita, eta Hego Koreako herri txiki bateko Harry Book Villagen kulturarteko erakusketa jarrita, maiatzaren 26tik 29ra bitartean. «Irabazi asmorik gabeko galeria bat lortu genuen, Harry Book Villagen. Lauzpabost etxe eta arroz-ale eremuak dituen herri txiki batean dago. Garai batean eskola izan zen. 2001ean itxi egin zuten eta orain berritu dute liburu, argitaletxe eta galeria modura. Proiektu polita iruditu zitzaigun herrixketara kultura eramateko. Egia esateko, jendea erakartzen duen espazio kulturala da».
Posta bidez
Mail art kontzeptuari jarraituz diseinatu zuten erakusketa. Hego Korean bizi den Ainhoa Martinez madrildar artistaren laguntza izan dute. «Denon artean talde bat osatu genuen eta pentsatu genuen Mail art kontzeptua hari bezala hartuta sor genezakeela erakusketa. Internazionalki artelanak elkartrukatzeko erabiltzen den korrontea da. Hau da, posta bidez artelanak bidaltzea datza».
Beraz, posta bidezko bidea egin dute artelanek Euskal Herritik eta Espainiatik Hego Korearaino. «Posta bidez hiruna artelan eta postal bana bidali zizkiguten artistek. Postalean beraiek idatzitako testutxo bat idatzita eta gutun azala ere interbenituta edo apainduta bidali zizkiguten. Horrekin guztiarekin osatu dugu erakusketa».
11 artista
Euskal Herriko hiru, Espainiako bi eta Hego Koreako sei artisten lanekin osatu zuten «erakusketa presentziala»; erakusketa digitalerako beste bi euskal artista gehiago batu ziren. Euskal artistei dagokionean, Gorka Larrañaga azkoitiarraren, Karlos Torres bilbotarraren eta Uxue Iruretagoienaren artelanak zintzilikatu zituzten. Zaldibiarrarentzat lehenengo erakusketa izan zen gainera: «Nire hobbya eta lehenengo erakusketa uztartu nituen Hego Korean. Hemengo baserriak eta landa eremuko margolanak egitea asko gustatzen zait eta Hego Koreara eraman nahi izan nituen, hemengo herri txikiak nolakoak ziren erakusteko. Interesa piztu zuen hego korearren artean». Gurasoek egin zuten bitartekari lanak eta besteak beste, tintaz margotutako Zaldibiako Iparragirre eta Zubialde baserrien koadroak jarri zituen jendaurrean.
Erakusketa digitala
Bestalde, Spatial plataforma digitalari esker, «metaverso kontzeptuarekin», mundu osoan ikusi ahal izan da Between erakusketa. «Hego Korean egon ez diren pertsonentzat erakusketa digitalki ikusteko aukera eman dugu. 3Dko erakusketa digitala zen. Pertsonaiekin erakusketan mugitzeko aukera izan zen, bozkatzeko aukera, hitz egiteko, interaktuatzeko… jendeari asko gustatu zaio aukera hori». Erakusketa digitalean beste bi euskal artista gehiago ere izan dira, «batzuei ez zielako denbora eman bidaltzeko»: Nestor Otaño muralista eta Javier Soto ordiziarra, Euskal Herriko kostaldea erakusteko.
Gazteek ikasgaia gainditu dute, jakina, eragile guztiak gustura geratu baitira. Ikusteko dago euskaldun eta hego korear artisten arteko harremanak zer emango duen. Iruretagoienak Leinn graduko azkeneko urtea hasiko du egun batzuk barru. Etorkizunari buruz galdetuta, «kultura arloko edo herri edo lehenengo sektorearekin lotutako proiektuetan» lan egitea gustatuko litzaiokeela nabarmendu du zaldibiarrak.