Josetxo Mujikak (Legazpi, 1957) distantzia luzeko Munduko Triatloi Txapelketa irabazi du, 65 eta 70 urte bitartekoen mailan. Mujikak ia 40 urte daramatza triatloi munduan eta 14-15 Iron Man egin ditu dagoeneko. Bere hurrengo erronka munduko Iron Man txapelketa da. Hilaren 10ean jokatuko da.
Non jaio zinen?
Legazpin jaio nintzen, Brinkola auzoan. Bi urte bete arte bertan bizi izan nintzen. Aita Zarauztik etorritakoa zen, Orbegozon lan egitera. Arrebatako bat Brinkolan zuen eta bertan lo egiten zuen. Bizikletan etortzen zen lanera. Ama ezagutu zuen eta ezkondu zirenean Brinkolara joan ziren bizitzera. Ondoren, Zumarragako Legazpi auzora etorri ziren.
Non hasi zinen lanean?
17 urterekin Letag enpresan hasi nintzen lanean. Eta asteburuetan Golden dantzalekuan lan egiten nuen. Zerbitzaria nintzen. 20 urte bete arte horrela ibili nintzen. Letag enpresan 20 urte eman nituen eta ondoren beste 22 Ordizian suhiltzaile.
Zer dela eta erabaki zenuen Letag lantegiko lana uztea eta suhiltzaile hastea?
Berez, ez nuen utzi. Lantegian nengoela, udaltzain batek suhiltzaile izateko probetara aurkeztea proposatu zidan. Garrantzitsuena proba fisikoak zirela esan zidan. Garai hartako probak egungoen ezberdinak ziren. Orduan ofizioak eskatzen zituzten. Denetik pixka bat jakin behar zenuen: galdaragintza, iturgintza, elektrizitatea, igeltserotza… 36 plaza ziren eta 2.000 lagunetik gora aurkeztu ginen. Azterketa teorikoa pasa nuen eta proba fisikoen ondoren 100 bat gelditu ginen. Ofizioen probaren ondoren, 50 bat gelditu ginen. Puntu banaketaren ondoren, 38. gelditu nintzen. Handik zortzi hilabetera deitu egin zidaten, bitarteko (interino) bezala lan egiteko. Fabrikan lan finkoa nuen eta hiru urteko eszedentzia eskatu nuen. Hiru urteak pasa ziren eta bitarteko bezala jarraitzen nuen. Suhiltzaile lanean jarraitzea erabaki nuen, arriskatu egin nuen, eta hurrengo deialdian plaza lortu nuen. 61 urterekin jubilatu nintzen.
Suhiltzaile lanean gustura aritu al zinen?
Oso gustura. Legazpiko parkea egin zutenean bertara joateko aukera izan nuen, baina Ordizian lankideon artean oso giro ona genuen, dagoeneko herria oso ondo ezagutzen nuen (hori suhiltzaile lanean oso garrantzitsua da)… eta han gelditzea erabaki nuen. Suhiltzaile lana gustukoa nuen eta gainera entrenatzeko aukera ematen zidan.
Beti izan al zara kirolzalea?
Bai. Mutikotatik. Aitak ere afizioa zuen. Aita Zarauzkoa zen eta Azken Portun kros bat egiten zen. Joan behar nuela esaten zidan, baina lotsatia eta beldurtia nintzen. 7 bat urte nituenean, eraman egin ninduen eta irabazi egin nuen. Kopa bat eman zidaten eta aita ni baino gusturago zegoela uste dut. Bertakoa izanda… Ondoren, Urolaren atletismo taldean aritu nintzen. Soldadutzara joan aurretik behazuneko arazo bat izan nuen eta korrika egiteari utzi nion. Soldadutzan gauza onik ez eta urte bete eman nuen alferkerian. 10 kilo gizendu nintzen. Soldadutzako gauza on bakarra, kamioiak gidatzeko baimena atera nuela.
Zer egin zenuen soldadutzatik itzuli zinenean?
Bigarren eskuko bizikleta bat erosi nuen eta zikloturismoan hasi nintzen. Inguru honetan duatloiak antolatzen hasi ziren eta lehenengoa Azkoitian egin nuen, 1984an. Denontzat kirol berria zen eta hirugarren egin nuen. 1985ean Zumarragan antolatu zen. Taldetxoa osatu genuen: Murillo, Santos Agirreneko Victor, Carlos Moran, Jesus Etxeberria… Urola-Apaolaza zen taldearen izena. Apaolaza optikak babesten gintuen.
Gogoratzen al duzu noiz egin zenuen lehen triatloia?
Garai hartan, inguru honetan Donostian bakarrik antolatzen zen. «Gai izango al naiz?», pentsatu nuen. Apenas nekien igerian eta ikastaro bat egitea erabaki nuen. Lehen triatloia Kantabrian egin nuen, Cabezon de la Sal herrian. Burua uretatik kanpo nuela igeri egin nuen, denbora guztian. 124 lagun atera ginen eta bakar bat ikusten nuen nire atzetik. Boxetan, bizikleta hartzean, dortsala galdu nuen. Bizikletan 10 kilometro egin ondoren konturatu nintzen. Boxetara itzuli, dortsala hartu… eta aurrera. Jendea pasatzen hasi nintzen eta 100. edo egin nuen. Murillok hirugarren egin zuen.
Ordutik, triatloi askotan parte hartu duzu.
Hurrengo mugarria Zarauzko triatloian parte hartzea izan zen. Proba mitikoa da eta, gainera, distantzia erdikoa da. Getariatik Zarautzera igeri egiteak errespetua ematen zidan eta bizikletan egin beharreko ibilbidea nahiko gogorra zen, gainera. Egun egiten dena baino gogorragoa. 1988an edo 1989an egin nuen lehenengoz Zarauzko triatloia. Ordutik, behin bakarrik kale egin dut: nire anaia hil zen urtean (Juan Mari Mujika futbolaria). Inork ez du nik bezainbeste aldiz egin. Garai batean 90 bat ginen. Egun parte hartzaile kopurua mugatua dago (600 pertsona) eta 6.000 lagun inguruk ematen dugu izena.
Zarauzko triatloia mugarria izan zela esan duzu. Lehen Iron Mana ere mugarria izango zen.
Lau kilometro igerian, 180 bizikletan eta maratoia korrikan… «Hori ere egin behar diagu ba!», esan genuen. Dozena erdi bat lagun joan ginen Ibizara, duela 24 urte. 10 ordu eta 32 minututan egin nuen. Maratoia luze egin zitzaidan, baina gustura bukatu nuen. Ordutik, 14-15 egin ditut.
Non egin dituzu?
Ibizan, Mallorcan, Hawaiin bi, Nizan, Boltonen, Lanzaroten, Hegoafrikan, Israelen… Egin dudan Iron Man gogorrena Embrun-ekoa da, Frantziako Alpeetan. Bizikletan 188 kilometro dira eta Tourreko mendateak igotzen dira. Irailaren 10ean munduko txapelketa dugu Nizan (Frantzia).
Dena, zuen poltsikotik ordainduta.
Afizioz eta gustuz egiten dugun gauza bat da.
Aurtengo udaberrian distantzia luzeko Munduko Txapelketa irabazi duzu, zure adinekoen artean. Podiumera ikurrinarekin igo zinen eta antolakuntzako lagun bat ikurrina kentzen saiatu zen.
Euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko ekintzetan parte hartzen dut. Espainiako jantziarekin parte hartzera behartzen gaituzte eta aldarrikapena proba amaitutakoan egiten dut. Munduko Txapelketako sari banaketan, poltsikoan ikurrina eraman nuen eta podiumera igo nintzenean poltsikotik atera nuen. Jesus Mari Piñeiro laguna proba ikustera joan zen eta podiumekoa grabatzeko eskatu nion, badaezpada ere. Morroi bati ikurrina kentzeko eskatu zioten, baina ez nion utzi. Ez zidaten saria eman nahi, baina Ibizako alkateak, PSOEkoa, domina eman zidan. Zumarragako banderarekin atera izan banintz, ez zen ezer gertatuko. Ofizialtasunaren alde nago, baina 65 urte dugunok indar handirik ez dugu. Gure eliteko triatloilariak ez dirudi lanerako prest daudenik, ordea.
Zer dela eta erakarri zituen horrenbeste triatloiak?
Giroak. Gainera, kosta asko gustatzen zait. Triatloiaren aitzakiarekin, asteburua proba egiten den lekuan pasatzen dut eta toki asko ezagutu ditut.
Iron Manak egiteko asko entrenatu behar da.
Hala da, baina erretiroa hartu nuenetik atsedena hartzeko aukera handiagoa dut. Goizez entrenatzen badut, arratsaldean atseden hartzen dut. Eta alderantziz. Suhiltzaile bezala lan egiten nuenean ere egutegiak entrenatzeko askatasuna ematen zidan.
Horrenbeste triatloi probatan parte hartu ondoren, erronkarik gelditzen al zaizu?
Iron Man ezberdinak egiten saiatzen gara. Kirola eta aisialdia uztartzen saiatzen gara. Hegoafrikara 15 egunerako joan ginen. Proba egin ondoren, Lurmutur Hiria ezagutu genuen, parke natural batera joan ginen safari bat egitera… Hawaiira joan garenean ere, irla ezberdinak ezagutu ditugu. Suhiltzailea nintzenean Kanadara, Adelaidara, Sidneyra… joateko aukera izan nuen. Hurrengo erronka? Nizako Iron Mana, Munduko Txapelketa izango dena. Hawaiikoa baino gogorragoa da. Oso aldapatsua da eta Nizan irailean bero handia egiten du.
Triatloi munduan luzaroan jarraitzeko asmoa al duzu?
Hawaiiko Iron Manean 80 urtetik gorako jendea ikusi dut. 17 ordu azpitik bukatu behar da eta denbora horretan bukatzen ikusi ditut. Nire helburua ez da 80 urterekin Iron Manak egitea. Nire helburua kirola egiten jarraitzea da, gorputzak uzten didan bitartean. Egunen batean belaunak korrika egiten uzten ez badit, bizikletan eta igerian jarraituko dut, ahal baldin badut. Triatloietan murgilduta nabilen bitartean, ez dut beste ezertan pentsatzen. Batzuk utzi egin beharko dudala esaten didate. Gorputzak agintzen didanean utziko dut. Bitartean, jarraitu egingo dut.
Ez al duzu gainbeherarik nabaritu?
42 urterekin Oñatiko duatloian hirugarren egin nuen. Orduan 3 minutu eta 15 segundotan korritzen nuen kilometroa. Egun, 4 minutu eta 15 segundo behar ditut. Hori, horrelako proba batean. Iron Man batean ia bost minutu behar ditut kilometro bat egiteko. Iron Man batean maratoia 3 ordu eta 45 minututik behera egiten badut, oso ondo dago. Gainbehera egon badago, baina gustura sentitzen bazara eta garai batean bezain azkar korrika egiterik ez duzula onartzen baduzu…
Alderik handiena korrika egiteko orduan nabaritzen al da?
Iron Manetan bai. 30. kilometrotik gora kilometro pare bat oinez egin beharra suertatu zait. Bigarren kilometrotik aurrera maratoia oinez egin duen jendea ikusi dut eta hori ez zait osasuntsua iruditzen. 25 kilometro oinez egin behar baditut, hori ez da maratoia egitea. Maratoia egiteko zortzi ordu behar badituzu, hori ez da maratoia korritzea. Iron Mana egiteko 13 ordu eta erdi baino gehiago behar badut, seguru aski egiteari utziko diot. Egun, 10 ordu eta erdi inguru behar dut. Nizan 12 bat ordu beharko dut, hangoa oso gogorra baita. 2013an, 56 urterekin, Hawaiiko Iron Mana 9 ordu eta 54 minututan egin nuen. Igerian oso ondo, bizikletan ia kilometroko 34 orduko batezbestekoa egin nuen eta maratoia 3 ordu eta 24 minututan.
Nolako zura, halako ezpala
Josetxo Mujikari bere aitarengandik datorkio kirol zaletasuna. Kirol zalea zen eta semea kirola egitera animatu zuen.
Garai hartan ez zen gaur egun bezain ohikoa gurasoek seme-alabei kirola egitera animatzea. «Aita horretarako amorratuta egoten zen beti: entrenatzera, korrika egitera… animatzen ninduen eta tarteka lasterketetara etortzen zen. Anaia gazteena ere korrikan ibili zen. Aitak afizio handia zuen. Izan ere, Zarautzen kirol zaletasun handia zegoen. Iruntxiberri-eta ezagutzen zituen, baina bera ez zen sekula lehiatu», gogoratu du.
Dena ez zen kirola, ordea. «Umetan tarteka Brinkolara joaten nintzen, baserrian laguntzera, baina hemen ibiltzen nintzen gehienbat: herrian eta Ipiñarrietan. Larunbatetan, eskolatik ateratzen ginenean, aitak beti lana izaten zuen guretzat. Pinudiren batean entresaka egin, adibidez. 14 urterekin motozerrarekin ibiltzen nintzela gogoratzen dut».
Goiko argazkia 1960 inguruan atera zuten. Josetxo bere aitaren besoetan ageri da, Donostiako hondartzan. «Ez dakit zer egiten genuen han. Izan ere, Zarautzera joan ohi ginen, aitaren familiaren baserrira. Gaikoetxe du izena. Egun nekazalturismoa da. Abuztuan astebete ematen genuen han», azaldu du Mujikak.
Ama, berriz, Urretxuko Ipiñarrieta baserrikoa du. «Umeak ginenean beti gurekin zegoen eta ondoren aita eta anaia zaindu behar izan zituen», oroitu du.