Patxi Garmendia ‘Mendigar’ • Ordizia
Lerro hauek inspiratzen dituen 1904ko irailaren 20ko argazkiak, Isidro Uribesalgoren eskultura multzoaren inaugurazio ekitaldia jasotzen du, Ordiziako Plaza Nagusiaren goialdean kokatua, Andres Urdanetaren irudia betikotzeko eraikia.
Urte horretan, Villafranca aukeratu zuten udalak eta Aldundiak antolatutako Euskal Jaien ospakizunak hartzeko. Euskal jaiak, alde batetik, Antoine D’Abbadiek Urruña eta Saran (Lapurdi) antolatutako euskarazko literatur lehiaketetan eta, bestetik, 1879tik aurrera, D’Abaddiek sustatzen zituenen imitazioz, urtero mugaren alde batera eta bestera egiten ziren literatur lehiaketetan dute jatorria.
Gogo horrek kutsatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1896tik aurrera, urtero Euskal Jaiak ospatzea erabaki zuen. Literatur lehiaketen programa orokorraren barruan txertatzen ziren, abereen eta nekazaritzako produktuen lehiaketak nagusi zirelarik. Bestelako musika, folklore, kirol, erlijio eta abarren adierazpenak ahaztu gabe, euskara eta bere ezaugarri bereizgarriak bereziki azpimarratzen ziren. Euskal kultura berresteko adierazpen bat zen.
Carmelo Echegarayk eta Serapio Mujikak argitaratutako Villafrancako Monografia Historikoan esandakoa sinistu behar badugu, 1904ko ekainaren 2ko udalbatzaren erabakiz, udalak aparteko gertakari horri egindako ekarpen kultural gisa, 1904ko Euskal Jaiak izan ziren urte horretara arte hirian ospatu zirenen artean garrantzitsuenak. Auzotar guztiak, Salustiano Iturrioz alkatea buru zutela, gogotsu inplikatu ziren haien antolaketan.
Egitarau zabala
Egitaraua oso zabala eta askotarikoa izan zen: ganadu eta nekazaritzako produktuen lehiaketak, gazta, nekazaritzako tresna eta makineriaren lehiaketak, funtzio erlijiosoak, abesbatzen kontzertuak, euskal dantzen erakustaldiak, pilota partidak, kontzertuak, literatur, bertsolari eta txistularien lehiaketak, eta abar.
Gaur egun, Euskal Jaiak erakusleiho handi bat dira, «plato» erraldoi bat, lurralde honetako nekazaritza eta abeltzaintzako produkturik onenak ikusgai jartzen dituena. Guzti honek oihartzun handia izan dute komunikabide eta epaimahaikide izan ohi diren chef, gastronomo, aktore, telebistako kazetari eta, oro har, espezialista ospetsuei esker. Horrek, berebiziko garrantzia izan du bertako produktuak ezagutzera emateko, balioan jartzeko eta hedatzeko garaian. Idiazabal Gaztak aipamen berezia merezi du, bere merkatua zabaltzerako garaian lagungarri izan duelako.
Urtez urte, produktuen kalitatea, azoka-azpiegitura eta «glamourra» areagotzen joan dira. «Glamourrak» eta aurpegi ospetsuek ez dezatela ahaztu kalitate bikaina duten produktu horien «egileak» baserritarrak eta artzainak direla. Eurak dira benetako protagonistak. Merezia duten moduan baloratu, zaindu eta lagundu diezaiegun.