Basoak ezinbesteko ekosistema dira gizakion bizitzarako. Hain garrantzitsuak izanik, definizio egoki batekin hastea da aproposena. Gure basoak. Gipuzkoako basoak eta basoetako landareak ezagutzeko gida liburuan baso esaten denean, honako hau esan nahi da: «Gutxienez hektarea erdiko eta % 40ko zuhaitz-estaldura duen eremua, tokian tokiko espeziez osatutakoa, egur hila eta hainbat adinetako zuhaitzak dituena».
Basoen garrantzia askotan ez da begi-bistakoa izaten, eta baso-galeraren ondorioz sortutako kalte batzuk ez dira berehalakoan igartzen. Orduan, zergatik dira basoak hain garrantzitsuak?
Hasteko, biodibertsitatearen gordailu dira, eta dibertsitatea gordetzea ezinbestekoa da, ekosistemen funtzionamenduaren oinarri delako, eta, hortaz, beraren mende gaudenon osasunaren eta oparotasunaren zimendu.
Lurzorua eta ura babesteko, ezinbestekoak ditugu basoak. Gipuzkoan, oso lurralde aldapatsua izanik, euria da higatzaile natural nagusia, eta, euria egiten duenean, aldapetako lurra galtzeko arrisku handia izaten da. Zuhaitzak euren sustrai-sistemekin heltzen zaizkie lurrari, eta urari zailagoa zaio lurra eramatea. Bestalde, orbelarekin, lurzorua sortzen da (mende askoan zehar), eta horrek belaki modura jokatzen du, hezetasuna mantenduta. Euria zuzenean maldan behera errekara joan beharrean, lurzoruak xurgatzen du. Eurite handienetan, aldiz, ur asko xurgatu, eta ondorengo ordu eta egunetan askatzen du, uholde-arriskua txikituz.
Basoen beste hainbat eragin
Gainera, basoak erabakigarriak dira karbonoaren zikloan eta, horrenbestez, klimaren erregulazioan. Basoetako landareek karbono asko finkatzen eta metatzen dute fotosintesiaren bidez, eta orbelaren bidez ere karbono ugari gordetzen da lurzoruan. Hori dela eta, basoak epe luzeko karbono-gordailu dira.
Hori gutxi balitz bezala, basoetatik hainbat produktu eskuratu ditzakegu. Ezagunena egurra da, zeina eraikuntzarako edo energia lortzeko erabil baitaiteke. Baina basoak egurra baino gehiago dira, beste hainbat produktu ere eskuratu baitaitezke bertatik: produktu jangarriak, aziendarentzako bazka, osasungintzarako osagaiak, lurrin eta kosmetikoak egiteko lehengaiak (…).
Basoek balio espirituala eta aisia-balio handia ere badute (…). Horiez gain, basoek beste hainbat eragin ere badituzte: prezipitazioak areagotzen dituzte, eta, era berean, uraren lurruntzea gutxitzen dute. Hori dela eta, erreketako ur-emaria handitzen dute. Gainera, lurgaineko eta lurpeko uraren banaketan eragiten dute, uraren kalitate ona mantendu. Azkenik, erreka-bazterrak uraren indarretik babesten dituzte.