Elizako ezkilek hamabietako kanpaiak jotzearekin batera, gerturatuko da Jexuxa kanposantuko bankura. Hutsik egin gabe, gaurkoan ere hortxe igaroko du goiza, Ramonen alboan.
Betiko tenorean, lore sorta eskuin eskuarekin irmo helduta eta trapua ezkerrekoan hartuta eseriko da bankuan. Eguneroko erritua beteko du gaurkoan ere Jexuxak: aurreko eguneko loreak hobi gainetik kendu eta berriak jartzen ditu lehendabizi. Lore freskoak merezi dituelako Ramonek. Trapuarekin berriz, goitik behera garbituko du hilobi-harria, zilarra baino distiratsuago utzi arte. Arreta bereziarekin lantzen du oroitarrian dagoen erlojua, pazientziaz, kontu handiarekin kentzen dio hautsa. Estimu handia dio eta ordulariari, Ramonek zion bezalaxe.
Erlojuen artean hazi zen Ramon, bere jostailurik preziatuena izan ziren. Haurtzaroan, baita geroago ere, gaztaroan, amets egiten erakutsi zioten tramankulu horiek, denborarekin jostatzen, gozatzen; denbora esku artean sentitzen.
Hilerri inguruan orduak eta orduak igarotzen zituen, bertan dagoen egurrezko bankuan eserita. Zarata eta zalaparta sor zezakeen edozerengandik ihesi, lasaitasuna topatzen zuen lekuan. Makineria guztia zehatz-mehatz aztertzea gustuko zuen, detaile txikienari ere garrantzi handia ematen zion.
Banku hartantxe ezagutu zuen Jexuxak, udako arratsalde epel batean. Inor topatuko ez zuelakoan gerturatu zen hilerrirantz bakardade apur baten bila eta gizon gazte bat, bankuan eserita, esku artean zerbait zebilkiela ikusi zuen. Tentu handiz bere alboan esertzea erabaki zuen; trabarik egin gabe, ez zion lana oztopatu nahi.
Eguzkia sortaldera hurreratu arte hitz aspertua izan zuten arratsalde hartan, erlojuen sekretu guztiak kontatu zizkion Ramonek. Harrez geroztik, ordulariko bi orratzen modura lotu ziren bizitza osorako eta banku hartantxe zigilatu zuten euren maitasuna.
Funtsezko arrazoia horixe, oraindik ere leku berera etortzeko. Ohitura ez du eten nahi izan Ramon zendu denetik, bere alboan sentitzeko (eta egoteko) leku bakarra hauxe duelako. Bai baitaki, egunero, eguerdi aldera, hortxe egongo dela eserita bere tailerreko aulkian. Nabari du, alboan duela, lanean gogor erloju berriak sortzen eta zaharrak konpontzen.
Familiako ofizioaren ardura hartu zuenean, erlojuak egiten trebatu zen Ramon eta estreinakoa emaztegaiari eskaini nahi izan zion, ezkontza eskean. Ordutik, amantaleko eskuin poltsikoan ibiltzen zuen beti Jexuxak estimu handia zion ordularia. Ramon hil zen arte, handik aurrera bere hilobian uztea erabaki du. Orratzen soinuak bizi poza eman diezaioten.