Maitane Legarreta • Irakurzalea
Aspaldian apalean zain nuen Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue. Literaturari buruzko elkarrizketa bat irakurri dut. Euskal literaturaren sisteman dauden gabeziak identifikatu ditu Jimenezek liburuan, eta hainbat gida-lerro zehaztu ditu hobetze aldera. Aldartea ozpindu beharrean, irakurtzeko eta idazteko gogoa biziagotu dit, eta bizitzeko eta maitatzeko grina areagotu.
Daukagunarekiko estimua eta falta zaigunari pasioz heltzeko gonbita da liburuan aurkitu dudana. Asko dugu egiteko, literaturan zein kulturan oro har, eta bide zoragarria izan daiteke aurretik daukaguna. Exijitzea zilegi den gutxienekoa pasioa dela idatzi zuen Gorka Urbizuk Poligrafo bakarra kantuan. Horixe da eskatzen dudana: adimenez, mimoz eta era guztietako baliabideak inbertituz eratutako euskarazko kultura politikak; bertakoari leku nabarmena ematen dioten antolatzaileak; egoera duinean arituko diren euskal sortzaile aske eta biziak; ahal duten guztietan, bihotza eta burua zabalik, beren kabuz eta komunitatean, entzun, ikusi, irakurri eta sentituko duten herritarrak.
Bakoitzak heldu diezaiola bere ardurari lehenbailehen. Izan ere, kulturak munduaz ikasteko, geure burua eta gainerakoak ezagutzeko eta ulertzeko tresnak ematen dizkigu. Enpatia garatzeko, komunitatea sendotzeko, errealitatea errebelatzeko, ondo pasatzeko, bakarrik ez gaudela sentitzeko eta sendatzeko balio du. Bizigaia da, eta bizia ere salbatzen du.
Erlijioan federik ez dugunok kultura dugu aterpe. Urbizuk hala kantatu zuen: «Katedral bat egin hegalik gabe sortu ziren abesti pusketekin, bertako beiratetik sartzen diren eguzki izpien energiaz berrekin». Kultura da gure katedrala. Jimenezen hitzei kasu eginez, egin dezagun maitasunezko miraria.