Idiazabal Gaztaren lehiaketarik ospetsuenetako bat Ordiziako Euskal Jaietako azoka berezikoa izaten da. Ardi latxaren edo Karrantzakoaren esne gordinez egindako gazten lehiaketak 50 urte beteko ditu irailaren 6an. Gaur egun izaten den gazta lehiaketa 60ko hamarkadan hasi zen antolatzen. Hala ere, aurretik ere egiten zen gazta txapelketa.
Iraileko Ordiziako gazta lehiaketaren lehen aipamenak 1904. urtekoak dira. Zeraingo Francisco Mª Muñoa izan zen irabazlea eta 30 pezeta jaso zituen saritzat. Bigarrena Zaldibiako Martin Jose Irastortza (20 pezeta) eta hirugarrena Idiazabalgo Jose Antonio Elortza (10 pezeta) izan ziren. Dena den, gaur egun ezagutzen de erako lehiaketa 60eko hamarkadakoa da. 1962ko egunkariek Euskal Jaietako gazta lehiaketaren berri jaso zuten. Urte hartan, Okondogoieneko (Araba) Santos Lopezek irabazi zuen (250 pezeta saritan); bigarren eta hirugarren postuan ere, Arabako bi artzain ageri dira: Aiarako Indalecio Martinez eta Martin Martinez (ehuna pezeta). 1964. urtetik Kutxak babestu du lehiaketa.
1973ko irabazlearen izena ere jasota dago dokumentuetan: Juan Aldasoro zegamarra. 3.000 pezeta eta Kutxaren garaikurra jaso zituen.
1974an aldi berria
Dena den, Latxa Ardiaren esnez artzainek egindako gazten I. Lehiaketa 1974an egin zen, aurten urrezko ezteiak beteko dituena hain zuzen ere. Urte hartan gazta lehiaketaren araudia idatzi zuten. Hiribilduko gastronomia elkarteetako bi ordezkarik eta ardi gazta kontuetan adituak ziren bi pertsonek osatu zuten epaimahaia, Jose Castillo eta Jose Mari Busca Isasiren gidaritzapean. 1980an, Euskal Sukaldaritza Berriaren mugimenduko sortzaileek parte hartu zuten epaimahaia, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Jose Juan Castillo buru zirela.
Izena eta ospea irabaztearekin batera, sariak oparoak izaten dira Ordizian, «gazta lehiaketak lortu duen maila ikusita eta eskuz egindako Idiazabal gaztari dagokionez protagonista nagusiak artzainak direla aitortzeko». Honela, irabazleak txapelarekin eta garaikurrarekin batera, 2.000 euro eta 12.000 etiketa jasotzen ditu. Bigarrenarentzat 1.000 euro izaten dira, hirugarrenarentzat 500 euro, laugarrenarentzat 250 euro eta bosgarrenarentzat 220 euro. Finalera sailkatutako hamalau artzainei diploma bana ere ematen zaie.
1990en Idiazabal Gaztaren Kofradia sortu zen Ordizian, «latxa ardiaren gazta lehiaketa garatu eta sustatzeko» helburuarekin. Lehiaketaren beste mugarri bat 2000. urtean izan zen. Oinarri berrietan baldintza zehatzagoak ezarri zituzten, lehiaketan parte hartzen duten gazten jatorriari buruzko bermea indartzeko. Araudi berriaren arabera, lehiaketan parte hartu nahi duten artzainek izena eman behar dute aurrez.
1991n 109 artzainek parte hartu zuten
Orain arte, parte hartzerik handiena izan den urtea 1991. urtea izan zen, 109 parte hartzailerekin. Gaur egun, 50-60 artzainek parte hartzen dute lehiaketan. Datorren asteazkenean, irailaren 6an idatziko da Ordiziako gazta lehiaketaren hurrengo kapitulua.
Ordiziako Artzain Gazta lehiaketaren azken irabazleak
- 1904. Francisco Mª Muñoa (Zerain)
- 1962. Santos Lopez (San Roman)
- 1973. Juan Aldasoro (Zegama)
- 1975. Jesus Mendizabal (Oidui Aralar)
- 1976. Eulogio Mendizabal (Oidui Aralar)
- 1977. Miguel Usabiaga (Itsaso)
- 1978. Joaquin Ruiz Leunda (Eulate)
- 1979. Joaquin Ruiz Leunda (Eulate)
- 1984. Ignacio Imaz Irizar (Idiazabal)
- 1985. Santos Fernandez Matxinabeita (Altsasu)
- 1986. Eugenio San Román Txitxarro (Altsasu)
- 1987. Rosita Agirre Murgi (Eulate)
- 1988. Jesus Mª Imaz Insausti (Idiazabal)
- 1989. Nicolas Remiro Murgialdaiz (Eulate)
- 1990. Miguel Mª Agirre Amiano (Alegia)
- 1991. Martin Jose Eizmendi Iza (Errezil)
- 1992. Guillermo Zugazua Saez de Nanclares (Zuhatzu Donemiliaga)
- 1993. Julian Etxeberria (Berastegi)
- 1994. Kontxi Aldasoro (Mutiloa)
- 1995. Felix Goiburu (Segura)
- 1996. Domingo Goiburu (Idiazabal)
- 1997. Jesus Aranburu (Idiazabal)
- 1998. Jose Luis Perez de Albeniz (Egino)
- 1999. Arantza Segurola (Legazpi)
- 2000. Mª Carmen Perez de Albeniz (Muniain)
- 2001. J. Ignacio Gonzalez de Heredia (Larrea)
- 2002. Mª Angeles Iñurrategi (Zerain)
- 2003. Pascual Lopez de Uralde (Larrea)
- 2004. Angel Errazti (Azpeitia)
- 2005. Jesus Ansola (Elgoibar)
- 2006. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
- 2007. Jesus Ansola (Elgoibar)
- 2008. Ricardo Remiro (Eulate)
- 2009. Jesus Ansola (Elgoibar)
- 2010. J. Aranburu Elkartea (Idiazabal)
- 2011. Ricardo Remiro (Eulate)
- 2012. Jon Etxebarria (Zeanuri)
- 2013. Ricardo Remiro (Eulate)
- 2014. Karmele Murua (Segura)
- 2015. Jon Etxebarria (Zeanuri)
- 2016. Joseba Insausti (Ordizia)
- 2017. Jose Luis Odriozola (Aia)
- 2018. Julen Arburua (Lekaroz)
- 2019. Julen Arburua (Lekaroz)
- 2020. Patxi Lopez de Uralde (Larrea)
- 2021. Eneko Goiburu (Segura)
- 2022. Eli Gorrotxategi eta Joxe Mari Jauregi (Ilarduia)
** Urte batzuetako irabazleen izenak falta dira.