2021ean kaleratu zuen Ianire Aranzabek (Altzagarate, 1999) bere lehen diskoa, ‘Aireratzen’, bakarka, Esanezin izenarekin. Gerora, talde bat osatu du, eta azaroan bigarren diskoa argitaratuko dute. Irailaren 15ean Beasaingo Igartza Jauregian egingo du kontzertua taldeak, lehen diskoko abestiak kanta berriekin uztartuta.
Zer moduz joan da uda?
Nahiko lasai. Eskertzen da. Ez gara izan oso lanpetuta ibili den talde bat hasi ginenetik, eta uste dut bidean ohitzeko ere nahiko ona izan dela hori. Ekainean bigarren diskoa grabatzen hasi ginen, Oiartzungo Lezoti estudioan. Horretan zentratuta nago, eta disko horrek ekarriko dituenak prestatzen.
Bukatu duzue?
Bai, grabaketa guztiak bukau ditugu, orain nahasketa eta masterra falta dira, teknikarien lana dena. Gure estudioko lanak bukatu genituen, eta orain etorriko denaren zain gaude.
Noiz aterako da?
Asmoa da kanta bat urrian ateratzea, single modura, eta diskoa osorik azaro bukaeran, Durangoko Azokako erakusleiho horri begira. Tokia ziurtatuta ez duen artista bat zarenean, aukera politak ematen dizkizu erakusleiho horrek. Aprobetxatzeko datak dira eta horri begira gaude.
Zer konta dezakezu bigarren lanari buruz?
Kontzeptualetik bada zerbait desberdina. Dena da pertsonala artista moduan zuk sortzen duzun momentutik, baina lehen diskokoak baziren niri gertatutako gertaera errealetan oinarritutako abestiak, eta honetan orokorrean lan kolektiboagoa dela sentitzen dut, unean-unekoa. Orain gertatutako gauzetatik ateratako abestiak dira, eta ni ez nago hain zentroan.
Musikalki pausatuago pentsatu ditugu gauzak, lehenengo diskoan bakarrik sortzen nituen eta estudioan musikariekin janzten genituen. Orain oinarrizkoa nahiz eta etxetik eraman, estudioan elkarrekin landu ditugu. Aurreprodukzio horretan ere badago taldearen desberdintasun hori. Denon artean landutako kantak dira, eta uste dut nabarituko dela, sortze prozesuan badagoela banda bat atzetik.
Bakarka hasi zinen eta taldea osatu zenuten gero.
Bai, baina Oriol Floresek lagundu zidan. Kanten ekoizpenean, txukuntzean, maketatzean, estudio aurreko lanetan… proiektua nirea zen baina berak asko lagundu zidan. Lehen kontzertuetan ni ibili nintzen akustikoan bakarrik kontzertuak ematen. Eta gero diskoa atera eta hilabete batzuetara, Durangoko Azokarako, taldea osatu genuen.
Nola bizi izan duzu prozesu guztia?
Niri orokorrean edozer jendaurrean egitea kosta egin izan zait. Musika Eskolako kontzertuetan jotzen nuen, eta urte batean abestu ere egin nuen, baina inongo asmo berezirik gabe. Hasi nintzenean nik ez nuen gehiegi sinesten nire buruan eta konfiantza hartu nuen nire buruarengan. Momentu horretan ere, bizitzan pertsonalki bizitzen ari nintzen gauzengatik musika salbazio puntu bat izan zen niretzat. Hor bilatu nuen babesleku moduko bat. Autoestimua eman zidan eta pentsatu nuen aukera bat eman behar niola nire buruari saiatzeko, eta ea zer ateratzen zen. Pozten naiz nire buruari aukera hori eman izanaz.
Ohitu zarela esango zenuke?
Ohitu naiz eta askoz lasaiago ateratzen naiz. Momentuak dituzu, baina egia da sentitzen naizela hobeto, musika delako. Hitz egitea dexente kostatu zait beti eta musikarekin topatu dut erosotasun baten barruan komunikatzeko modu bat. Erosoen hortxe sentitzen naiz.
Zaila da kontzertuak lotzea?
Esango nuke gauza asko ez daudela zure esku, dena oso erlatiboa dela. Disko batekin agian ondo joaten zaizu eta hurrengoarekin penagarri. Baina uste dut badela konplikatua. Euskal Herriko eszenan ez daude tamainu ertaineko edo masak mugitzen ez dituzten taldeentzako areto txiki edo ertainak. Ekitaldiak antolatzen dira joango diren pertsona kopuruaren arabera. Uste dut erakunde publikoek antolatzen dituzten ekitaldietan eman behar zaigula lekua hasten ari garen taldeoi. Zaila da oreka bilatzea antolatzaileek ere aurrera egiteko behar dutelako jendea kontzertuetara etortzea. Erantzukizuna denona da.
Nola?
Musikariok ahalegindu behar gara ulertzen baliabide batzuk daudela; ez da berdina gaztetxe batean jotzea edo udaletxe batek antolatzen duen kontzertuan jotzea, ezin duzu berdina eskatu eta uste dut musikari bezala kontzientzia hori ere eduki behar dugula. Askotan aukera gehiago ematen dizkigute kultur eragile alternatiboek udalek baino. Gero publiko bezala ere ez dugu itxaron behar talde batek sona hartu arte edo irratian entzun arte haien kontzertuetara joateko. Uste dut galdu egin dela kontzertu batera joatea taldea ezagutu gabe, esango nuke ez dela asko egiten. Kontzertuak egiteko behar duzu jendea kontzertuetara etortzea. Guk gure ibilbidean jende jatorrarekin egin dugu topo eta zortedunak gara, zeren askotan dena ez dago gure esku.
Lan berrian Altzagarate presente al dago?
Ez lehenengoan bezain esplizituki, azkenean kanta bat idatzi niolako. Baina uste dut bizitzan orokorrean eta musikalki sorkuntza prozesuetan zentroan dagoen zerbait dela. Nire bizitzeko modua bertatik dator, nire baloreak, oinarriak, eta nahitaez, sortzen dudanean nabari da. Ez kanta bat, baina beti daramadan zerbait da. Ez zait gustatzen hortik aldentzea, on egiten dit eta momentu txarretan laguntzen dit jakiteak badaukadala leku bat zeinetan babestuta sentitu naizen eta niretzat beti da garrantzitsua eskutik eramatea.
Noiz duzu hurrengo kontzertua?
Irailaren 15ean Beasaingo Igartza Jauregian. Aurreko diskoko abestiak eta berri batzuk joko ditugu.