Funtzio asko betetzen dituen eraikinean dago Itsasoko Ostatua, herrigunean, plazan bertan, eta elizatik gertu. Ostatuaren gainean, udal bulegoa eta ostatuko arduradunentzako etxebizitza daude, ganbaran bost ekintzailek erabiltzen duten coworking gunea, eta azpian, Gaztegunea. Eraikina apaizetxea izan zen 1962ra arte, baina Itsasoko Udalak erosi, eta bertan jarri zituen herriko bigarren ostatua –urte batzuetan bi ostatu izan zituen Itsasok–, udaletxea eta denda eta telefono publikoa. Ordura arte, handik gertu zegoen eta itsasoarrek Kontzejuzaharra edo Goiko Ostatua deitzen duten eraikinean egon ziren udaletxea eta beste zerbitzuak. Plaza ere orduan sortu zuten, Gipuzkoako Diputazioaren ekimenez. Ordura arte herribidea eta baratza zeuden eraikin honen aurrean.
1960ko hamarkadan martxan jarri zenetik, hainbat kudeatzaile izan ditu gaurko Ostatuak: hasieran, Maria Arzelus eta jarraian, Maritxu Iztueta; gero 25 urte inguru egin zituen Karmen Garmendiak eta Inaxio Larrañagak. Berrikuntza lanak egin eta gero, 1997 eta 2000 artean Maite Arzelus eta Berni Altuna izan ziren arduradunak, eta ordutik 2014ra arte, Pepi Urretabizkaia. Itxita egon zen gero tarte batez, eta 2015etik Aida Borrego eta Manu Hernandez arduratzen dira.
Aidaren eta Manuren lehen bi urteak «oso gogorrak» izan ziren, beste negozio bat ere bazutelako eta biak batera eraman zituztelako. Azkenean, Ostatuaren aldeko apustua egin zuten, eta bertan jarraitu zuten. Herria txikia da eta herrikoak dira bezero nagusienak, baina kanpokoak ere badituzte, «herrikoekin bakarrik ezin dugulako bizi».
Itsaso «familia handi bat» dela diote, eta elkarbizitza oso garrantzitsua dela. Aidak eta Manuk zerbitzu bat eskaintzen diete herritarrei, eta trukean, haien laguntza jasotzen dute askotan, «zerbait puskatzen bada, egurra sartu behar badugu…». Gainera, sukaldaritza ikastaroak bezalako ekintzak antolatzen dituzte bertan, eta auzolanen bat egin edo beste ekitaldiren bat antolatzen badute, beti saiatzen dira Ostatuan otordua egiten.
Taberna eta jangela dituzte, azken hau «oso txukun» jarrita. Eguneko menua, eta asteburuetan karta labur bat eskaintzen dute. Egurrezko parrilla da jatetxeko erregina.
Ostatuak, herri txikien bizigarri