Antton Fernandez Lasa • Dantzaria
Uda lurrunean iritsi zaizkigu udazken klimatikoa eta ikasturte hasiera. Aitona zenak irailari agorra esaten ote zion oroitu nahian aritu naiz azken boladan; kultura munduan, baina, lehorte handirik ez dugu garai honetan. Kizkitzako jai eguna da GoiBerri hau argitaratu den irailaren 8a, eta erromeriarik ez da faltako han; dantzaldiak berriro boladan daudela entzun dut irratian. Ordizian ez dira egun bakarrera mugatzen euskal jaiak, eta Ossau-Irati, Erronkari eta Idiazabal gaztarik gustatzen ez zaigunok ere maite ditugu. Urretxun, era berean, egun borobila izaten da herriko euskal jaiaren bueltakoa (hilaren 17an aurten).
Horrelakoetan, susmoa eduki izan dut tabernetan okasiorako aldatu izan dutela abesti zerrenda, eta parranda euskaldunagoko egun eta gauek tentatu izan gaituztela. Gozategiren kantu batek nabarmen aukeratzen ditu «gure… kantak, kantu ederrenak, euskaraz… gehienak», eta ni errazago sozializatzen naiz bozgorailuek gure hizkuntzan egiten dutenean.
Hori dela eta, folkloriko deitu izan didate inoiz, akaso gutxiespenez, eta nik ere folky laburdura erabili izan dut nire buruari erreferentzia egiteko, konplexuz beteta edo. Bertsolari batek aldarazi zidan folklore hitzarekin nuen harremana, haren jatorri etimologikora joz: ingelesetik dator, eta folk-ek herria eta lor-ek jakintza adierazten dituzte; biak elkartuta, herriaren jakintza da folklorea, beraz.
Gure herri hau munduan lora dadin, bihar, irailak 9, Urretxuko festen aurrekari, herri arteko folklore jaialdiak 34. aldia izango du, eta Hego eta Ipar Euskal Herrietako jakintza berritzeaz gain, Leon, Ipar Mazedonia eta Kazakhstan mapan kokatzeko aukera emango digu.
Euskarak blaituta igaro ahal izango ditzagula festak.