Urbanizazio zabalek, hirigune geroz eta hedatuagoek, industri eremuek eta azpiegiturek jandako Goierri orain dela 80 urte inguru hasi zen ingurua antzaldatzen. Industrializazioa bizkortzen hasi zen 1950 aldera, eta nahiz eta ordurako zenbait herritan lantegiak, labe garaiak eta tailerrak egon bazeuden, gaur egungo airetiko argazkien aldean kosta egiten da zenbait leku ezagutze hutsa ere. Geo Euskadi zerbitzuan kontrasta eta konpara liteke Goierriko geografiaren lehena eta oraina. 1945eko ortofotoak daude zaharrenak.
Aireplanotik hartutako argazki horietan ikus daiteke ordurako eskualdean bazela industria. Beasain-Ordizian, CAFek pabiloi asko eraikita zeuzkan, Mariaratzeko muturrean, Oria ibaiaren eta trenbide arteko guztian. Lazkaibarren zabalduta zegoen, baina Beasaingo partean soilik, ez Lazkaoko Senpereko soroetan (ingeniarien txaletak soilik). Beasainen, Gipuzkoa Plaza denean, hiltegiaren eraikinak zeuden, Bernedoren lantegia (oraingo anbulatorioan) eta Indarren pabiloi luze bat, jatorrizko lekuan (artean erreka gaina eraiki gabe).
Lazkaon Albisuren forja eliza alboan, Idiazabalen Patricio Etxeberriaren lima fabrika (gaur egun Poyam-Ampo), Zegaman eta Legorretan paper fabrikak, Ordizian Txakurtxulon eta San Joan aldean, eta Ormaizategin tren geltokira bidean ezkerrera pabiloi bat. Goierri garaian, Legazpin Patricio Etxeberriak zegoeneko garatuta zeukan bere industria. Zumarragan Artiz eta Orbegozoren pabiloi bakar bat, eta Urretxun Sarralde. Gaur egun erabat industrializatuta eta eraikita dagoen Goierrin, horietxek ziren 1945ean industria bakarrak.
Hogei urtean, eraldaketa
Historikoki, lau aro izan ditu industrializazio modernoak Goierrin. 1880tik aurrera, II. Karlistaldia bukatu ondorenetik hasi zen lehena, Beasainen Goitia eta Konpainiaren labe garaiek islatua. 1900etik 1936ko gerrara arte hasi ziren bestelako ogibide, langintza eta eskulangintzak tailer bihurtu eta mekanizatzen. Baina industriaren garapen bortitzena 1950-1970 bitartean gertatu zen. Azkenik, pabilioidun industrialde berriek irudikatu dezakete azken fasea, 1990eko hamarkadatik aurrera.
Benetako itxura aldaketa 1950etik aurrera eragin zion industrializazioak Goierriri. 25 urtean, Gipuzkoaren biztanleria %40 hazi zen: 160.027 immigrante iritsi ziren, eta 148.405 jaio ziren bertan. Hazkunde erreala, beraz, 308.477 lagunekoa, 1950etik 1975era. Etxebizitza premia izugarri handitu zen, langile auzoak eraiki ziren, eta azpiegiturak ugaritzen joan ziren.