Ba al dakizu baserrietara argia iritsi baino lehen, Zeraingo zerrategi batean argindarra sortu zutela?
Larraondo baserrian jaiotako Higinio eta Santiago Alustiza Zabaleta anaiek eraiki zuten izen berbera duen zerrategi hidrauliko hori 1890. urte inguruan. Talentu handikoak eta autodidaktak ziren biak eta Lasurtegi errekako ura erabiliz, energia hidraulikoa sortu eta, energia honek lantegiko makinak mugitzeaz gain, argindarra ere lortu zuten.
Uraren indarrak turbina bat mugitzen du eta hain zuzen ere mugimendu horretan sortutako energiari deritzo energia hidraulikoa. Larraondoko zerrategiak bi turbina ditu; handiak zerrategiko tresnei eragiten die; aldiz txikiak argia pizten du.
Zeraingo bizilagunek argindarrik ez zutenean, Larraondo zerrategian bazen argindarra eta baserrira eramatea ere lortu zuten. Garai hartan gainera etxetik bertatik kable baten bidez ireki eta itxi zezaketen uraren giltza. Kontrapisu sistema bat erabiltzen zuten horretarako. Gaur egun, 130 urte igaro badira ere, Larraondo zerrategiko bonbillak oraindik pizten dira eta, noski, makinak ere martxan jartzen ditugu. 1960. urte inguruan utzi zioten Larraondoko zerrategia erabiltzeari.