‘Euskal Herriko saguzarren gida’ kaleratu du ekainean Naturtzaindia elkarteak. Ugaztun hegalari horiek onura handia egiten diote landa eremuko jardunari.
Hezkuntzarako eta saguzarren kontserbazioan sentsibilizatzeko baliabide modura eman du argitara aurtengo ekainean Naturtzaindia elkarteak Euskal Herriko saguzarren gida. «Gure helburua saguzarren oinarrizko ezagutza eskuratzeko euskaraz egindako tresna bat sortzea izan da, formatu txikikoa, arina, urte askoan bildutako argazki ikusgarriekin jantzia», zehaztu du Ion Fontenla Sukiak, Naiara Corcuera arrasatearrarekin batera liburuxka ondu duen lazkaotarrak.
Espainian eta Europan badira ugaztun hegalari horien biologian eta ekologian sakontzeko argitaratu diren liburuak. Gida honek hiru helburu nagusi ditu: Saguzarren ezaugarriak ezagutzera ematea, Euskal Herrian dauden espezieen aniztasuna erakustea eta horien kontserbazioan lagunduko duten herritarrak sentsibilizatzea.
Euskal Herrian 27 saguzar espezie daude, lau familia eta 11 generotan banatuta. «Espezie horietatik 25 Goierrin aurki ditzakegu. Gure eskualdean habitat ezberdinak ditugu. Batetik, Aizkorri eta Aralar bezalako natur eremu aberatsak; bestetik, landa eremu zabala; eta azkenik, errekek eta ibaiek zeharkatutako herriguneak. Horrenbestez, saguzar espezie askorentzako baldintza egokiak biltzen dituen eremu ugari ditugu». Falta diren bi espeziak Pirinioetako mendi garaietan topa daitezke, edo salbuespen gisa, migrazio bidean.
Landa eremuari onura besterik ez
Fontenlak koba eta leizeen mundua atsegin du, eta uste du hortik datorkiola zientzia ezberdinak (arkeologia, etnografia, biologia…) ikertzeko grina. Garazi Auzmendi bikotea eta biak 2017an hasi ziren Naturtzaindiarekin Ataungo haitzuloetan saguzar bila, eta harrezkero elkarlanean ari dira. «Gaur egun, Gipuzkoako saguzarren banaketa atlasa gauzatzen ari garen bitartean, EAEko natura eremu hainbateko egoera aztertzen ari gara. Erronka handia bezain erakargarria da,espezie ezberdinen ezagutzan aurrerapausoak ematen ari garela ikusten ari baikara».
Gizarteak, oro har, gauarekin eta izaki beldurgarri gisa ikusi ohi ditu saguzarrak. «Banpiroek eta Halloweenek ez diote mesede handirik egin, ez! Aitortu behar da ez direla animalia ponpoxoenak, baina garbi eduki behar dugu kiropteroek beraiek izan beharko luketela gure beldur. Gizakia da saguzar populazioaren gainbeheraren erruduna nekazaritzan produktu kimikoak erabiliz, babeslekuetan kalteak sortuz, aerosorgailuak jarriz… Saguzarrek sekula ez digute ezer egingo guk zirikatu ezean».
Euskal Herriko saguzarrak intsektujaleak dira, eta biodibertsitatearen parte izanik, aniztasun biologikoaren kontserbazioa berebizikoa da planetaren bizitzarako eta gizartearen ongizaterako. «Geroz eta gertuago ditugu klima aldaketaren ondorioz Afrikatik sartzen ari diren eltxoen bidez transmititutako gaixotasunak (malaria, denguea, sukar horia…), eta saguzarrak inguruan izateak mesede besterik ez digu egiten. Gainera, polinizazio hitza entzutean erleak datorzkigu burura, baina erleak ere polinizatzaile apartak dira».
Fontenlaren esanetan, eltxoen bidez transmititzen diren gaitzak saihestu ditzakete saguzarrek, eta nekazaritzaren kasuan, izurriteen aurkako kontrol biologikoa gauzatzen dute. «Saguzar batek milatik gora intsektu jan ditzake gau bakar batean, eta milaka saguzar baditugu, gauero intsektu tona ugari kentzen dizkigute zerutik. Horrek izurriteen kontrol kimikoa gutxitzea dakar, eta ondorioz, nekazarien gastuak gutxitzea eta lurzorua eta ura babestea».
Goierriren kasuan, izurrite ezagunena karpokapsa (Cydia pamonella) edo sagar-harra da, Fontenlak dioenez. «Espezie horrek beldar fasean sortzen ditu kalteak, eta horrenbestez, saguzarrek azken fase helduan jokatzen duten papera funtsezkoa da sagarrondoak dituztenentzat». Basogintzan, prozesionaria edo pinu-beldarraren (Thaumetopoea pityocampa) kontrol biologikoan kiropteroek «paper garrantzitsua» joka dezakete, «espezie horren sitsak elikagai aproposak baitira».
Saguzarren aldeko jarduerak
Aranzadi Zientzia Elkarteak eta sagardogileek eta txakolingileek 2019an abiatu zuten proiektu bat haien sagasti eta mahastietan txorientzako habi-kutxak eta saguzarrentzako babeslekuak jarriz. Goierrin halakorik egin den ez daki Fontenlak, baina Naturtzaindia bezala «baserritarrekin elkarlanean aritzeko proiekturen bat buruan» badutela aitortu du. «Ziur nago Goierriko baserritarrek urte garairen batean baserrian saguzarrak dituztela. Orokorrean elkar errespetatzen dutela uste dut, batak babesa eskaintzen dion bitartean, besteak intsektua kentzen baitizkio. Biek irabazten dute».
Naturtzaindiak urteak daramatza Goierriko hainbat herritan –Itsasondon, Zaldibian, Ataunen, Olaberrian, Zerainen eta Enirio-Aralarren– saguzarren habitata hobetzeko lanak egiten, basoen egituretan eraginez eta saguzar kutxak jarriz. «Gure proiektuak natur kontserbaziora bideratuta dauden arren, zeharka lehen sektoreari eta gure osasunari onurak dakarzkio, saguzarren aniztasunak eta populazioa hazteak alor denetan eragin positiboa baitu».