Bi aste besterik ez. Bi aste kurtsoko lehen hilabeteari agur esateko. Bi aste hurrengo ilargi beterako. Bi aste udazkeneko lehen egunak pasatzeko. Baina, batez ere, bi aste Beasaingo gazteriaren elkargunerako; festarako, parrandarako… musika, jaia, lagunartea, herri giroa… horixe guztia eta gehiago dira Porru Kaleko Festak eta aurten ere badatoz. Beasaingo lokaletan errotutako izen xelebreko jaia bueltan da.
Leherketa batekin festa lehertuko da Beasaingo erdigunean hilaren 29an. Asteburu horretan frontoi estalian ez da pilota hotsik izango, baina isiltasunak ere ez du lekurik izango. Jaiaren hotsa, gazteak, kontzertuak… Egitarau zabala prestatu du aurten Porru Kaleko Jai Batzordeak, «gazteengandik herriarentzat». 18:00etan emango diete hasiera txupinazoarekin eta Sagardo dastaketa girotua izango dute. Gauean, berriz bi kontzertu izango dira, biak ala biak «estilo desberdinetakoak», ahalik eta gehienen gustura egokituz; Denso, Mutiko, Tatta eta Zopilotes Txirriaos.
Herriko taldeak oholtzan
Larunbatean herri bazkariarekin emango diote hasiera egunari, zapi berdez betez frontoia. «Jende ugari» bilduko da bertan. Tiketak Arrano Tabernan eskuragarri daude. Aukera beganoa nahi izanez gero, tiketa erosi ondoren instagram bitartez jakinarazi beharko zaio antolakuntzari, ahalik eta «zehatzen» antolatu dadin guztia. Arratsaldean «herria girotzeko» asmoz, Matraka elektrotxaranga izango dute gazteek; gauean, kontzertuak (Muxutruk eta Fresa morango Djak).
Bi egunetan herriko talde bana egongo da oholtzan, herriko musikariei plaza bat ematea «garrantzitsua» ikusi baitute antolakuntzako kideek. Ostiralean Sheldon’s taldea izango da sagardo dastaketa girotzen eta larunbatean, berriz, Muxutruk. Herriko gazteak «gogotsu» daude oholtza gainean zein azpian egoteko.
Beste behin jai hau antolatu dute «harremanak egiten jarraitzeko» herriko gazteen artean eta asteburu batez herriko gazteei «aisialdi zein kultur eskaintza» emateko, «giro ederrean» pasa dezaten asteburua. Bestalde, jai hau «gune segurua» izan dadin bitartekoak jarri dituzte hainbat eragilerekin elkarlanean eta bertaratzeko asmoa dutenei «arduraz eta errespetuz» jokatzeko deia egiten diete, jaia «guztiontzat» izan dadin.