Urretxuko eta Zumarragako Hiri Galduak taldeak Santa Anastasia jaietako rock kontzertu nagusian joko du, Nogen taldearen aurretik. Larunbatean izango da, 23:00etan.
Hiri Galduak taldea Urretxuko eta Zumarragako lau musikarik osatzen dute: Aitor Carrasco (bateria), Iñaki Beruete (gitarra), Josu Calvo (ahotsa eta gitarra) eta Aitor Urteaga (baxua). Hiri Galduak Calvok sortu zuen, 2017an. «Garai hartan Sarraldeko lokalak ezin ziren erabili eta herriko taldeek ez zuten non entseatu. Ezin genuen Hi Exekutibo taldearekin jarraitu eta akustikoan zerbait egitea erabaki nuen. Abesti batzuk konposatu nituen eta estudiokoaren laguntzaz, berak baxua jo zuen eta bere lagun batek bateria, lehenengo diskoa grabatu nuen. Lehenengo kontzertuak nik bakarrik egin nituen, gitarra akustikoarekin. Ondoren Aitor Carrasco sartu zen kaxa flamenkoarekin eta aurrerago Aitor Urteaga baxuarekin. Hasieratik taldea osatzea zen nire asmoa eta horregatik jarri nion Hiri Galduak izena egitasmoari».
2019an bigarren diskoa grabatu zuten eta 2023an hiru kanta berri grabatu dituzte Gaztain estudioetan, Eñaut Gaztañagaren laguntzaz. Taldeak bilakaera nabarmena izan duela uste du. «Hasieran pop akustikoa egiten genuen. Oso garbia. Proiektua inongo distortsiorik ez egiteko itxaropenarekin sortu zen. Paititi disko akustiko garbia izan zen, baina Ertzak diskoan power pop estiloa landu genuen: Aitor Carrasco eta Aitor Urteagaren eraginez, rock melodikoa landu genuen, distortsioekin. Hirugarren disko honetan Iñaki Beruetek ere parte hartu du. Harakiri abestian power popa landu dugu, Gorroto banauzu abestian stoner musika eta Iluntasuna, berriz, gure kantarik zaratatsuena da. Taldeak adin batetik aurrera gogorretik lasaiera joaten dira eta guk, berriz, lasaitik gogorrera egin dugu».
Izaera sendoa
Carrascok taldeko musikarien gustuen eraginez gertatu dela uste du. «Egungo taldea guztion nahasketa da: Aitor belaunaldi batekoa da, Josu beste batekoa eta Iñaki eta biok beste batekoak. Familia txiki bat osatu dugu. Bakoitzak bere garaian egiten zena erakutsi die besteei. Zailena taldearen soinua edo identitatea finkatzea izaten da eta lortzen ari garela uste dut».
Calvo iritzi berekoa da. «Hala da, nahiz eta gure errepertorioa oso bariatua den. Poparen eta rockaren adar asko ukitzen ditugu». Hala, kontzertuak ez dira batere aspergarriak. «Disko guztietako kantak jotzen ditugunez, gure zuzenekoek gorabehera asko dituzte. Ez zaigu estilo bakar bat lantzea gustatzen», gehitu du Beruetek.
Oso une gozoa bizitzen ari direla uste dute. «Gustura gaude elkarrekin jotzen eta abestiak sortzen. Kontzertuetan
hori transmititu egiten dugu», aipatu du Calvok. «Urte batzuk daramatzagu jada elkarrekin, ondo ezagutzen dugu elkar, giro ona dugu, jotzeko orduan kimika dago, zerbaitek huts egiten dugunean badakigu abestia aurrera nola atera…», dio Carrascok.
Hala, Urretxuko jaietan jotzeak ilusio handia egiten die. «Sasoi onean gaude, abesti berriak ditugu, soinu egokia izango dugu… Herriaren aurrean jotzeko irrikan gaude», aipatu du Calvok. Beruetek uda osoan kontzertuan pentsatzen egon direla aitortu du. «Polita izango da», gehitu du Beruetek. Carrascok «berezia» izango dela esan du. «Lagunen eta senitartekoen aurrean jotzea berezia da. Nire kasuan, adibidez, amonaren aurrean joko dut. Beste kontzertu batzuetara ezin da joan. Eguraldi ona egiten badu, kontzertu jendetsua izango da».
Udalak urtero talde ezagun bat kontratatzen du eta, aurten, lehenengoz, aurretik herriko talde batek joko du. Hiri Galduak taldekoek datozen urteetan herriko beste talde batzuei aukera ematea espero dute. «Herriko jaietan, herriko plazan eta soinu onarekin jotzea oso polita da. Gure gertukoek badakite zertan ari garen, baina beste askok ez dakite zer egiten dugun. Jaietako kontzertua herriko taldeok zer egiten dugu erakusteko oso aproposa da. Batzuk mendira edo futbolean jokatzera joaten diren moduan, guk musika egiten dugu. Serio lan egiten dugu. Horretarako, gure poltsikotik dirua jartzen dugu: azkeneko diskoa Eñaut Gaztañagarekin grabatu dugu, bideoklipa katalan batek egin du… Gure helburua ondo pasatzea da, baina seriotasunez. Eñauten lana diskoak grabatzea da eta abestiak ondo prestatuta eraman genituen. Kontzertura ere hala eramango ditugu», azaldu du Carrascok.
Calvo bat dator. «Ez gara profesionalak, baina egiten duguna serio egiten dugu. Emanaldia oso serio prestatzen ari gara. Askok lehenengoz ikusiko gaituzte. Jendea gustura egotea espero dugu».