Malkorra arbel meatzea mutur batean, Izarrekoa bestean, eta tartean, Urkia eta Goiherri auzoetako baserriak. Itsasondoren iragan industrialaren ondarea, eta baserri eta natur eremu aberatsak uztartzen ditu ibilbide honek.
Aurtengo udaberrian PR-Gi 53 ibilbide laburraren arrasto zuri-hori margotu berriei jarraituz egin daitekeen zirkularra da Urkiko bira. Zortzi kilometro pasako bidea da, plazan hasi eta buka, paisaia aniztasun handikoa. Ibilbidearen hasieran eta bukaeran Itsasondok arbelgintzarekin izan duen lotura erakusten duten arrastoak suma daitezke, eta zatirik nagusienean udalerriaren gainaldean dauden Urkia eta Goiherri baserri auzoak, Aralar mendiaren eta Oria bailararen ikuspegi apartekoak eskaintzen dutenak. Ibiltari honetako gidari, Iñaki Aizpuru alkatea.
Udaletxe ondotik elizarantz doazen eskailerak igoz hasten da ibilbidea, Goiko kalera iristeko. Behin han, eskubirantz hartu; Iturburu, Olasagasti eta Mendibil baserriak adierazten dituen seinaleari egin behar zaio kasu. Urkia baserri auzora igotzeko herri bidea dator ondoren, batere galbiderik gabe. Ordu laurden batean iristen da Malkorrako arbel lantegi zaharrera –haren hormak suma daitezke landaretzaren artean–, baita harriak kable bidez herrira jaisteko postea ere.
Bidegurutzean ezkerretara eginez, bideak gorantz jarraitzen du, eroso. Urkiatik Itsasondora jaisteko –eta gero igotzeko– herri bide hau baliatzen zuten auzotarrek, asteazkenetan batez ere. Oiaola parajean, basoa ezker-eskubi, eta aurrera jarraituz, ur-hotsa segituan Basoburu, Mallokadi eta Errekarte inguruetan. Bekoetxerreka edo Urkikoerrekarena da soinu atsegin hori. Emaritsu dator abuztu bukaeran egindako euriari eskerrak. Ibilbidearen lehen ordu erdia, osatuta.
Habitat mosaikoa landa-eremuan
Baldixio parean erreka gurutzatu, belazearen itxitura kontra doan bidezidorrari heldu, eta Urkiko lehen baserriak ageri dira, Aurrekoetxe eta Domindotegi –hutsik–, biak 1692an eraikiak eta monumentu babes izaera dutenak. Hormigoizko bidean Garaikoetxea segituan (1775), eta metro gutxira ezkerretara gora egin behar Sarasola aldera. Atzera zidorrean sartuta, Saletxeberri baserria –salgai–, eta berrehun metro gora baserri bidean eginda, Urkia auzoko plaza, bere ermita eta frontoi bitxiarekin –445 metroko garaieran–. Maiatzean bezalaxe, Gurutze Deunaren jaiak ospatuko dituzte asteburu honetan.
Auzoari bisitatxoa eginda, gora egin beharra dago informazio panel baten ondotik. Azti nahastu gabe. Eskubi aldeko bideak Lizardi-Murumendi aldera ematen du (PR-Gi 54), eta ezkerrekoak Larrazkanda aldera (PR Gi 53). Bigarren hori hartu, berehala ezkerrera egin, eta eguneko aldaparik gogorrenak datoz. Hasieran pinudi baten barrenean, geroxeago baso mixtoan. Berrehun metroko desnibela, kilometro pasako zatian.
Larrazkandako bidegurutzera iritsita –ibilbideko puntu garaiena, 647 metro–, ezkerrera egin behar da, Ordiziako Idoiaga Goikoa baserri aldera (GR 35a eta PR Gi 53a batzen dira). Hamar-hamabost minutu behar dira hara iristeko. Ibilbidearen erdia eginda, Aralarko bistak paregabeak dira inguru horretan (614 metro), eta hortxe, zelaian –Aizpuruk dioenez Itsasondoko belardi bakarrenetako batean–, bi udalerriak bereizten dituen mugarria. Urkiatik gorako natur eremu honetan eta Idoiagatik behera dagoen Goiherri auzoan dagoen habitat mosaiko honek «garrantzi ekologiko handiko» eremu bihurtzen du eremua, aberastasun paisajistikoa, ekologikoa, faunistikoa eta floristikoa uztartzen baitira bertan.
Idoiagatik Izarrera jaitsiera
Idoiagako putzua igarota hasten da beheranzko bidea Goiherri auzorantz. Bost minutuan, GRa eta PRa bereizi egiten dira. Itsasondora itzultzeko bigarrenari heldu behar zaio, ezkerrerantz. Beste bost minutuan, Sarobeberri eta Sarobe baserrietara iristen da –Ordiziatik dute autoz igotzeko bidea–. Pare horretan, azti. Bide pribatua dela jarri arren, arrasto zuri-horiei egin behar zaie kasu Iraolaetxeberri baserrirantz. Basoan da jaitsieraren zatirik handiena. Hamar minutuan Izarre (Izagirre) baserrira iristen da, eta beste hogei minutuan herrira Errakalde etxetik.
Kontuan hartzeko
- Arbel lantegiei buruz. Artikulu honetan ez da sakontzen Itsasondon arbel ustiapenak izan zuen garrantziaz –orain dela 50 urte itxi zen azken lantegia–, baina udalak lanketa handia du egina ondare industrial horri buruz. Udalaren webgunean informazio asko topa daiteke –meategien planoa, ekintza plana, memoria eta Sarasola arbeltegiaren liburua–.
- Idoiagako putzua. Idoiaga Goikoa –herri hizkeran Ioia– Ordiziako partean, eta behekoa Itsasondorenean. Tartean, berriz, Idoiagako putzua (muga putzuaren erdian omen). Idoi edo putzu hori berreskuratu egin zuen orain urte batzuk Itsasondoko Udalak, eta hainbat burduntzi, landare eta hegaztiren bizitoki da egun –informazio panela du–. Itsasondoko mapa toponimikoak Putzualde izenez ezagutzen du toki hori.
- Biderako iturriak. Abiatzerako, Itsasondoko plazan dagoen iturrian bete daiteke lehenengoz kantinplora. Beste bi iturriak bidean daude. Aurrenekoa Urkiko errekastoa gurutzatzen den eremuan, eta bigarrena Idoiagako gainean, putzuaren ondoan jarritako iturri berrituan.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Hiru ordu
- Luzera: 8.700 metro
- Desnibel metatua: 1.056 metro
- Zailtasun teknikoa: Erraza