Ataunen izan zen emakumezko bertsolari bat, historiak haren izena ere gorde ez duena. Baina bertso zahar ugari buruan edukitzeaz eta kantatzeaz gain, berak sortutako sortak ere bazituen Iñaxi Urbiztondo Maizak. Ez da bakar bat ere idatzita edo grabatuta gelditu. Haren oroimena, berriz, Joseba Aurkenerena birbilobak erreskatatu du, eta Zuzeu agerkarian eman zuen, ekainean, «Iñaxi Urbiztondoren bertso galduak».
Ataungo Aintzaudietatxiki baserrian jaio zen, 1881eko uztailaren 31n. Jose Batista Etxeberria Goikoetxearekin Azarola baserrira ezkondu zen, eta bost seme-alaba izan zituzten. Iñaxi Urbiztondo Herreran eta Amaran (Donostia) bizi izan zen, semearenean. Erdararik ez zekien, «eta jakin nahiz ere ez».
Bizialdi luzea izan zuen, 94 urterekin hil zen, 1975eko azaroaren 17an, hainbesteko gorrotoa zion diktadore espainiarraren heriotza ikusteko zoria izan baino hiru egun lehenago.
Anaiaren galeraren historia
Bertsoak kantarazten zizkioten Iñaxiri tarteka alabek eta bilobek-eta. Bere bizitzako pasarteei buruz ziren sortak, Aurkenerenak oroitzen duenez. Bertsoak jaso ez bazituzten ere, haietan kontatzen zena edukia narrazio modura atonduta gorde zuen, gaztetan.
Bertso sorta luzeak ziren. Historia politak bezain lazgarriak ere bazituen, mendian elurretan hotzak hil zion anaiarena bezala. Iñaxik birikeria harrapatu zuen umetan –gaitz larria–, eta Joakin anaia Iruñera beretzat botika bila joan zen. Bereziki elurtsua eta hotza zen 1891ko negu hura.
Hamasei urteko Joakin anaia artzain ibiltzen zen, eta hura bidali zuten, medikuak idatzitako errezeta emanda. «Beroki zahar moduko batez jantzirik zihoan, buruan txapela, eta oinetan artilezko galtzerdiak eta abarkak. Eskuan makila zeraman, eta bizkarretik zintzilik zakotea, amak jarritako otorduekin». Bideak ondo ezagutzen zituen, Iruñeraino bizpahiru aldiz joana zelako.
Egun bete ibili ondoren, gaua Patxikuxaharren bordan pasatu zuen, eta hurrengo eguneko gauerdian iritsi zen Iruñera. Nikolas Adurizen ostatuan aterpea eskatu, eta han lo egin zuen. Biharamunean, botika zabaldu zutenean agindutakoa erosi, eta itzulerako bideari ekin zion. Elurte handi batek harrapatu zuen Aralarren. Bordara ez zen iritsi, eta bi arroka handiren artean geratu zen; harmonika joz saiatu zen loak har ez zezan… Errenditu zen arte. Lau eguneko joan-etorria bazen, bosgarrenean etxean falta zen. Biharamuneko arratsaldean aurkitu zuten, gorpu.
«Bertso hauek kantatzean, negar malkoak irristan zebilzkion masailetatik beheiti», dio Aurkenerenak, birramonaren kontakizunaz. «Elurretan betiko lotan gelditu zen anaiari egindako bertso saminak ziren. Ederrak, zinez, bihotzetik sortuak».