Arantxa Artza • Itsasondo
Vingegaard, Landa edota Izagirre anaiak inoiz ibili ote dira zinta-karreran?
Uda beteko giroa, lehendabiziko «berbenak», etxean festa-bazkari ondrosoa, arropa berria… eta zinta-karrera. Horiek dira nire nerabezaroko Itsasondoko festetako oroitzapenak arakatzen hasita garunaren aurre-aurreko muturrera datozkidanak. Abuztuaren 15a egun handia zen guretzat festetan, 2002an hasi baitziren gure herriko jaiak Irailean egiten. Orduan ezagutu eta probatu genituen lehendabiziko «berbenak» (literalki, aire librean egiten diren musika-festak, generalean jai bezperetan). Hortxe ezagutu genituen adibidez, Kepa Junkera eta Motriku. Artean hasi berri-berria zen bikotea. Ez genion asko begiratzen Junkeraren soinua jotzeko abilidadeari, Motriku zen gure begiradak erakartzen zituena, bikoteko guapoena. Gu han, Ibarreko plazaren barandilan bizkarra itsatsi eta dantzan hasi ez hasi, lotsak kateatuta neskatoak. 80ko hamarkada zen.
Sueltoago ibiltzen ginen zinta-karrerako arratsaldeetan. Argazkian ikus dezakezuenez, egurrezko arku bat nahikoa zen. Barruan zintak biltzeko makila ezkutatzen zuen eta lurraren rasean oztopo egingo zuen beste haga moduko bat, bizikletariek ez zezaten hain erraz izan ezkutuko zinta hura hartzea. Zintak agian mezutxoren bat ekarriko zuen, eta ia beti dirua. Horixe zen dena, eta sekulako festa sortzen zen. Zintaren tokian komuneko papera ere egon zitekeen, luze plaza osoa estaltzeko adinako zinta zuria… orduan txirrindularia serio eta plaza barrez.
Bizikleta gainean zintaren bila joaten zirenak mutilak ziren gehienak. Kolorerik gabe. Ez zegoen arau idatzirik neskek parte ez hartzeko, jakina, baina gutxi jartzen ziren bizikleta gainean eta zintaren bila abiatu. Ez iezadazue galdetu zergatik, guk ere bai baikeneuzkan gure BH, GAC eta ORBEAK. Baina neska gehienok beste zeregin bat genuen joko honetan: guk zintak brodatzen genituen eta dirua itsatsi. Eta gero begira egoten ginen, ea zeinek hartuko gure zinta. Gaur egun, seguru naiz, bestelakoa dela Itsasondoko festetan antolatzen duten zinta-karreraren generoa.
Bukatzeko, ezin ahaztukoak dira festetan egiten genituen familiako bazkariak; gure etxean Legorretako eta Aramako familiekin, okasiorako amak ondo pentsatu eta prestatutako otordua. Gero buelta ekarriko zuen gainera, Azintziotan Legorretara joango ginen eta Sanmartinetan Aramara. Egun handiak izaten ziren horiek, gaurko gazteentzako juergarik onenen parekoak.