Gizakiaren neurrira milaka urtetan ondutako mundua desagertzen ari da. Giharren indarra beste ezer gabe eraikitako paisaiak irentsi ditu ‘garapenaren’ arrabolak. Aspaldi itzali ziren giza-eskalako espazio eta denbora dimentsioak; ‘eskuz egindako mundua’ galtzear dela diote orain.
Goierri ez da salbuespena. Gero eta azkarrago, gero eta urrutiago nahi horrek eraldatu du eskualdea, batez ere azkeneko mende betean, eta abaila horrek geratzeko tankerarik gabe jarraitzen du. Giza-geografiari makinek agintzen duten geotekniak kendu dio lekua, eta pertsonaren abiadura pausatuari tximistaren pareko azkartasuna gailendu zaio. Eta geroz eta gehiago ekoitzi beharra, geroz eta energia kontsumo handiagoa ahalik garbien sortzearen premiari, eta batetik bestera doazenen denbora aurreztearen obsesioari gehitu zaio.
Azpiegitura handien aroa ez da bukatu. Udalerriz gaindiko hiru proiektu erraldoiren plaza bilakatu da Goierri, berriz. AHT Abiadura Handiko Trenaren Euskal Y eta Nafarroako Korridorea lotzeko gaur egun dauden bi asmotatik batek Goierri zeharkatuko luke. Nondik, eta orain arte zementuaren zamatik aparte samar geratu diren bailaretatik: Nafarroako Sakanatik Aralarpean tunela zulatuta, Ataungo bailara jarri du jopuntuan ideia batek, 2008tik eraiki duten trenbide zahar-berriari Ezkioko geltokian lotzeko.
Espainiaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoaren korapilo estrategiko bihurtu da Goierri, bestetik. Garraiatutako elektrizitate indarra 400.000 voltera igotzeak, nola argindar sarearen berregokitzapena, hala linea berriak altxatzea, eta zentralaren handitzea ekarri ditu, gaur egun puri-purian dagoen birmoldaketa.
Azkenik, deskarbonizaziorako estrategien aterkipean, parke eolikoak Goierrira iristeko proiektuak daude, kontsumo-ekoizpen sistemaren jokalekuak mendi gainetaraino ere eramanda.
Industri, hirigintza eta azpiegituren ugaltzearen erakusleiho bat baino gehiago daude Goierrin. Baina bada udalerri bat, guztiak dauzkana.
Ezkio-Itsaso, euria busti gainean
Lehenagoko azpiegitura asko bertan kokatzeaz gain, proiektuan diren aipaturiko hiru arloak eransteko arriskuan da Ezkio-Itsaso. Batik bat Santa Lutzi edo Anduaga ibarrak ezin hobeto irudikatzen du, eta 1960an abiatutako garapenaren zimurrak nozitzen du, larruazaleko ebakien antzera.
Hegazkinez airetik hartutako argazkien bilduma oparoa daukate udaletxean jasota. Badira 1960ko hamarkadako argazkiak, eta harrezkeroko hamarraldi gehientsuenetakoak. Zenbait leku ez ezagutzeraino aldarazi dituzte. Erakusketa bat jartzeko asmoa dauka udalak aurki.
AHTren Euskal Y-Nafarroa loturaz, alkateak ez dauka prentsan atera denaz aparte informazio askoz gehiago. Espainiako Gobernuak 2024ra atzeratu du Ezkioko geltokia ala Gasteiz hobesteko erabakia. Jokaleku politikoan dago orain dema. Teknikoki, nahiko argi hitz egin du Adif-ek: Gasteizera lotzea da aukera onena, merkeena eta exekutatzeko errazena. Baina, hala eta guztiz, Irurtzun-Ezkio bitartea geologikoki hobeto aztertzen ari dira, zundaketekin.
Ezkio-Itsasora ere iritsi dira zundaketak egiteko eskeak. Eskatutako puntuek adierazten dute buruan darabilten balizko trazatua: «Lotura Alegia auzoan izango litzateke, Uribar baserritik beheraxeago, Atxusain aldean. Ezkioko geltokiari berari ez dio eragingo, dagoen bezala geratuko da», dio Ezkio-Itsasoko alkate Joseba Telleriak. Trenbideak Ormaiztegi ere bete-betean harrapatuko luke, «herri kaskotik ihes antzean», baina beheko argindar zentralaren ingurua markatzen dute prospekzioek. Salbatorera arte, aire zabalean. Inguru hartan gurutzatuko luke mendia, Olaberria eta Idiazabal alderantz.
Ezkio-Itsason ez daukate ahaztuta bailaran ezarri dieten bigarren trenbidearen eraikuntza: «Ez zen giro. Udan hautsa eta neguan lokatz artean egon gara, urtetan. Bailarako etxe denak margotu behar izan genituen», oroitu du alkateak obren garaia.
Paisajistikoki «ohitu» egiten dela bat gehitu du. «Buruak ahaztu egiten ditu zenbait gauza, eginda dagoena ikustea ezin delako saihestu. Argazki zaharretan konturatzen zara zer egin den». Bestetik, obra zibila bukatuta dagoen arren, oraindik AHT martxan ez egoteak ere baretzen du gogamena: «Eragina oraindik ez da erabatekoa.
Uste dugu handituko dela, behin martxan jarritakoan». Orain ere, etengabeko zarata entzuten da Anduagan, A-636 autobideko zirkulazioak, baita aparteago dagoen Renferen trenbide zaharrean doazen trenek ere sortutakoa.
Aukerak eta kostuak
AHTren EAEko lau tren geltokietako bat –bidaiarientzat soilik izango dela ziurra da– Ezkio-Itsason jartzea aukera izan ote daitekeen galdetuta, ezkor agertu da alkatea. «Hainbeste urte ari dira pasatzen…». Euskal Y 2008an hasi zen eraikitzen jaurlaritzaren menpeko ETS Eusko Trenbide Sarea; Goierrin, hasi ere, Itsasondo-Legorreta artean. «Gainera, zer onura, horrenbesteko kalteak egin eta gero? Etsipena ere badago».
Autobidearen kasua bestela ulertzen du. Herriak orduan zirkulazio pasabide izateari utzi zion, behin ibilgailuak –kamioiak eta astunak asko– autobidera desbideratu zirenean. Herritarrek ere komunikazio hobea lortu zuten. «Onurak oso zuzenak izan ziren, eta autobidearekin bizi baldintzak hobetu ziren». Orain, peajeak ezarritakoan, atzera egin dela salatu du alkateak: «Gaur egun, peajeen aurretik baino dezente zirkulazio gehiago dago». Diputazioak datuak ez dizkio eman udalari, eskatu arren.
Norbaiti tokatu behar zaio leloa, hala dela ez ukatuta ere, justu bailarako herri txikienetakoari tokatu zaiola diote ezkiotarrek eta itsasoarrek. «Ingurukoei onura gehiago ekarri dizkie azpiegitura hauek, guri baino». Geografikoki duen kokapenak izango du zori horretan zerikusia.
Bailara mailan, ordea, elkartasun eta batasun gehiagoren faltan sumatu du, erakunde handiagoetara joan izan direnean. «Ni ez naiz politikoa, eta ez naiz sekula izango. Herriko talde bat gara gu, eta ez dugu izen politikorik. Baina alkate batzuk euren alderdiarekin ados ez badaude, kontra egin beharko dute, ala? Peajearen gaiarekin, adibidez, bakar-bakarrik geratu ginen, eta Diputazioko bilerara neu bakarrik joan nintzen».
Herri modura, haziera mugatuta
REE Red Electrica de España enpresa publikoak kudeatzen duen Itsasoko argindar zentrala handitzeko lan handiak egin dituzte, azken aldian. Eremuan belardi ziren partzela asko bete dituzte transformadorez eta potentziagailuz. Goi tentsioko lineen korapilo bihurtu da Itsasoko azpiestazioa, Nafarroa, Araba eta Bizkaiaren arteko lokailu.
Erradiazioaren arazoa jasaten dute, batetik. Azken lanetan, argindar hari batzuk babestu dituzte. «Zarata gutxiago ateratzen duela eta erradiazioa jaitsi dela diote datuek; guk gestionatzeko eta interpretatzeko oso zailak diren datuek». Bestetik, eta paradoxa dirudien arren, hainbesteko argindar potentziak bertako elektrizitate sarean baxualdiak eragiten ditu.
1968an eraiki zenetik orain arte, zentralaren potentzia eta funtzioa erabat aldatu dira: «Duela berrogei urte baino agian hogei aldiz energia gehiago mugitzen da orain. Lehengo eta oraingo funtzioek ez daukate zerikusirik: EAEko eskualde eta industria asko hemendik hornitzen dira. Autopistak dira».
Garaian garaiko obren truke udalak jasotzen duen baimen-tasaz aparte, inolako konpentsazio ekonomikorik ez diote uzten azpiegitura handiek udalerriari. Kontrara, udalerriaren beraren garapena baldintzatzen dute: «Herri bezala oso mugatuta gaude. Beheko bailaran zerbait egitea oso-oso konplikatua da. Egindakoaz gain, gehiago garatzeko oso lotuta gaude, eta herria hipotekatuta geratu da etorkizunerako».
Zentralak hartzen duen saila bakarrik ez: handik ezin konta ahala linea irteten dira, norabide guztietan. Eta harien azpian ezin da ezer egin. «Alegian ere berdin, trenbidearen trazatua baldin badator, ezingo da ezer egin orain arte salbatzen zen apurrean ere. Onura gutxi ikusten dugu arrerantzean».
Goragoko instituzioen jarrerarekin gogaitasuna antzematen da. Zenbait auzitan, gainera, nagusikeria sumatu dute, goitik beherako aginte zurruna. Autobidean, adibidez, basoetarako eta lur sailetarako partikularrei bideak ixtea inposatu nahiarekin, edo goi kargudun politikari batek esandako «lasai, herriaren haserrealdiak bizpahiru hilabete bakarrik irauten du» harekin.
«Aukeratzat, garapen modura eta zorte bezala saltzen dizkigute horrelakoak. Baina zer aukera? Gu ez gaude garapenaren aurka, nola eta zer egiten den baizik. Ez dakigu jada zer falta den hona ekartzeko. Ez da bukatzen», gaineratu du alkateak.
Lurralde plangintzari begira, Goierriko LZP Lurraldearen Zatiko Plana diseinatzen ari dira erakundeak orain. 2009ko berritze aldian, Goierriko udalerri handi baterantz joatea aurkeztu zuten helburutzat. Garbi geratu da aukera berdintasunaren eta konpromisoak banatzearen orekarantz ez dela joan.
Azken gonbidatua, haizea Izazpin
Izazpiko gurutzearen ondo-ondoan 25×25 metroko plataforma bat, han teinkatuta 121 metro altuko dorrea errotoreraino, eta gorengo punturaino beste 79 metro pala gehiago. Guztira, 200 metroko garaiera hartuko luketen dorre eolikoak batu dira azpiegituren potajera, haizea argindar bihurtzeko Green Capital Energy estatubatuarrak aurkeztu duena.
Ezkio-Itsasora iritsi den azken garapen aldarria horixe da: Elgeako zerran dauden hamar aerosorgailuk adina lan egiten duela belaunaldi berriko bakar batek. Goierriko herri gehiago aukeratu dituzte halako parke eolikoak instalatzeko: Murumendi inguruan Larrarte-Urresparatze-Eizeta / Txoritegi-Laiotzekoborda (Beasain, Itsasondo, Ordizia) parkea; Izazpi-Oleta kordalean (Ezkio-Itsaso, Zumarraga, Azpeitia, Azkoitia); Salobieta-Larrusain gaina (Legazpi, Zerain, Brinkola artean); eta Etzegarateko Larrazkondo (Idiazabal eta Altzaniko Partzuergoa) dira EAEn aukeratutako 70 tokietako batzuk.
Momentuz, Goierri Garaiko udalek aho batez errefusatu dute Izazpi-Oletako parkea. Azkoitiak eta Azpeitiak zer paper hartuko duten, zuhurrago dira goierritarrak. Ikusten ez dena urruti geratzen baita. Izazpi gainak dauzkan 973 metroei berrehun gehiago batu, eta ia Txindokiren parera helduta baino urrutiago. Edo Santa Lutzi bailararen gainetik ziztuan igarota baino ikusezinago.
Azpiegiturak handiak
Goierrin aro modernotik hona eraiki dituzten obra handi batzuen kronologia.
- 1758-1775. Errege bidea. Irundik Leintz Gatzagara, Gipuzkoa zeharkatuko zuen ‘kotxeen errege-bidea’: 88,5 km. 1763an ireki zuten. Aurretik, Seguratik eta Zegamatik San Adrianen barrena Arabara zihoan bide garrantzitsua.
- 1849-1851. Etzegarateko bidea. Altsasutik Idiazabalera eta handik Igartzara, Etzegarateko portuko ‘errepide nagusia’ eraiki zuen Estatuak. N-1en aurrekoa.
- XIX. mendea: bideak irekitzen. I. Karlistaldia bukatuta (1839), herriarteko hainbat errepide eraiki zituen Probintziak: Ormaiztegi-Oñati (1846), Segura-Zegama-Idiakaitzera (1854), Lazkaibarko zubitik Ataunera (1855), Urretxu-Legazpi (1862), Zaldibia-Ordizia (1864), Zumarraga (1865), Segura-Mutiloa (1865), Arrondo-Erroiondo Ataunen (1868), Erroiondo-Lizarrusti (1883), Gabiria kaskora (1888), Zerain-Segura (1897)…
- 1858-1864. Norteko Trenbidearen eraikuntza. Altsasu-Beasain eta Beasain-Donostia zatiak. 1864-8-15ean inauguratua osorik.
- 1965. Urtegien aroa. Diputazioak urtegien plangintza aurkeztu zuen. 1971n, Gabirian Eztandako urtegia egitea aurreikusi zuten, 1975ean Segura-Mutiloa-Idiazabalen. Barrendiola (Legazpi) eraiki zuten 1981ean, Lareo (Ataun) 1989an, Arriaran (Beasain) 1994an.
- 1965. Iberdueroren zentrala. Proiektua urte horretan aurkeztu zuen, Ezkio, Itsaso eta Gabiriako lurretan argindar zentrala jartzeko. 1968an eraki zuten.
- 1984. Gasbidea. Goierri zeharkatzen duen gasbidea eraiki zuten, Bergara-Irun bitartean.
- 1995. Beasain-Durango autobidea. Obrak 1995ean hasi zituen Diputazioak, eta 2019an amaitu zen, Deskargan.
- 2008. AHTren ‘Euskal Ya’. Abiadura Handiko Trenaren trenbide berria eraikitzen hasi ziren urtea. Ireki gabe.