Eusko Jaurlaritzaren beka baten bidez, Saudi Arabiara joan zen bizitzera Iñigo Arranz (Urretxu, 1994) duela ia 6 urte, espainiar enbaxadan lan egiteko. Beka amaituta, han geratu zen. Duela bi aste jaioterrira itzuli da bisitan. Bere bizimoduaz, bertako egoeraz eta kulturaz mintzatu da.
Zer moduz joan da herrira buelta?
Oso ondo! Denbora dezente daramat desertuz inguratuta eta eskertzen da berde pixka bat ikustea. Familia, lagunak, janaria eta poteoa ere faltan botatzen dira, batez ere pandemian zehar 20 hilabete herria zapaldu gabe egon nintzenetik, murrizketak zirela eta. Urtean gutxienez bi aldiz etxera eta bi aldiz atzerrira bidaiatzen ahalegintzen naiz.
Zer dela-eta bizi zara Saudi Arabian?
Beti jarraitu izan ditut kultura ezberdinak. Karreran zehar Hego Koreara joan nintzen ikasketak bukatzera eta amaitu bezain laster, Iranera joan nintzen bakarrik, oporretan, hiru astetarako. Bertan sortu zitzaidan Ekialde Hurbilarenganako interesa. Beraz, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen dituen beka batzuen bidez, Saudi Arabian bukatu nuen, Espainiako enbaxadan lanean. Bekan 80 herrialde nituen aukeratzeko, eta nola ez, arraroena hautatu nuen.
Zer egin zenuen Espainiako enbaxadan?
Bulego komertzialean egin nuen lan, espainiar enpresei Saudi Arabian ezartzen edota bertan euren produktuak saltzen lagunduz. Gehienbat enpresa txiki eta ertainekin lan egiten nuen, atzerrian aritzeko hauen gaitasunak ez baitira enpresa handienak bezalakoak. Hortaz aparte, bilerak ere antolatzen nituen enpresa saudi eta espainiarren artean, eta baita herrialdeak eskaintzen zituen aukerei buruzko eta egoera ekonomikoari buruzko txostenak egiten ere. Asko ikasi nuen nire egonaldian.
Beka amaitu zenean, Saudi Arabian geratu zinen.
Printzipioz urtebeterako joan nintzen enbaxadara lanera, baina bertako kultura ezagutzeko denbora gutxi zela iruditu zitzaidan, eta behin beka bukatuta, hemen jarraitzea erabaki nuen. Onartuko dut saudiarabiar neska laguna aurkitzeak ere zerikusia izan zuela. Enbaxadan bukatuta, CAF-en jarraitu nuen lanean, bertan daramaten proiektu batean, eta orain Accionan lan egiten dut.
Kultura zeharo desberdina izango da. Moldatzea kosta zitzaizun?
Aurreiritzi askorekin iritsi nintzen. mendebaldean Saudi Arabiari buruz entzuten den gehiena txarra da, baina egia esanda berehala moldatu nintzen. Hemen erlijioak eta tradizioak ezartzen dituzte harreman sozialak, baina azken finean, besteekin jatorra baldin bazara, eurak ere era berean erantzungo dizute. Gainera, momentu onean iritsi nintzen, herrialdeko agintariak aldaketa sozial asko egiten hasi zirenean. Eguneroko bizitza asko erraztu da azken urte hauetan.
Zein da egoera politikoa? Zein dira aldaketa sozial horiek?
Egoera politikoa betikoa da, erlijioari lotutako monarkia absolutua. Erregeak hartzen ditu erabaki guztiak. Politikoki aldaketa gutxi, baina sozialki herrialde oso desberdina da duela 6 urte zenarekin konparatuz. 2017an, ni etorri nintzenean, emakumeek debekatuta zuten autoak gidatzea, aita/gizon-aren baimenik gabe ikastea, lan egitea, bidaiatzea, bakarrik bizitzea… Oso arraroa zen emakume saudiarabiar bat lanean ikustea. Orain kontrakoa da.
Lege horiek guztiak aldatu dira eta emakumeek ia gizonen eskubide berdinak dituzte, legearen arabera. Gero familia bakoitzeko tradizioak ezartzen duena beste gauza bat da. Gobernuak erraztasunak jarri dizkie enpresei emakumeak kontratatzeko. Ni iritsi nintzenean, musika debekatuta zegoen leku publikoetan, orain ordea David Guetta eta Steve Aoki dauzkagu hemen urtean bi edo hiru aldiz. Zinemak debekatuta zeuden, orain, ordea, hilabetero irekitzen dute zinema berri bat. Turismoa debekatuta zegoen, orain, ordea, gehien bultzatzen ari diren sektorea da.
Polizia erlijiosoa ere kendu zuten, «moralaren zaindariak». Errezu orduan mezkitara bidean ez baldin bazeuden, makil batekin astinduta bukatzeko arriskua zeneukan, berdin emakume bat ondo estali gabe baldin bazegoen edota leku publikoetan kontrako sexuarekin baldin bazeuden. Desagertu dira kaleetatik, eta eskerrak!
Iritsi zinenean, zerk deitu zizun arreta bereziki?
Nondik hasi… Iritsi nintzenean jatetxeak segregatuta zeuden, gizonentzako ate bat eta emakumeentzako beste bat. Lehenengo egunean bazkaltzera atera nintzen, eta jakin gabe emakumeen atetik sartu nintzen. Denak garraxika eta ni zer egin jakin gabe. Azkar ikasi nuen lezioa! Emakume gehienak beltzez eta begiak bistan bakarrik ikusteak ere deitu zidan arreta. Hori ere hasi da aldatzen. Hortaz aparte, sorpresa polita izan zen bertakoek erakutsi zidaten errespetua eta tolerantzia lehenengo momentutik, nire balioak oso desberdinak izanda ere.
Hizkuntza aldetik, zer moduz moldatzen zara?
Ez da hizkuntza erraza, eta zailagoa egiteko, arabiar estandarra irakasten da normalean (batua bezala). Arazoa da arabiar estandarra oso desberdina dela edozein dialektorekin konparatuta, eta erabilera oso murriztua da, beraz, ikasitakoa praktikan jartzea zaila da. Duela urtebete hasi nintzen dialekto saudia ikasten eta ari naiz poliki-poliki. Oinarrizko elkarrizketa batean parte hartzeko gai banaiz momentuz. Herrialdean bizi diren %35 inguru atzerritarrak dira, beraz, eguneroko bizitzan ingelesa entzuten da asko, eta gehienetan arazorik ez dut izaten elkar ulertzeko.
Zenbat denbora daramazu bertan? Epe luzerako geratzea aurreikusten duzu?
Urte bukaeran 6 urte egingo ditut. Momentuz hemen jarraitzeko asmoa dut. Herrialdearen garapena ikusten jarraitu nahi dut, bai ekonomikoki eta bai sozialki. Lanean ere gustora nabil eta hemengo baldintzak oso onak dira. Gainera, hemen ez daukagu krisirik edo inflaziorik. Hasieran, gurasoei esan nien gehienez 5 urte pasako nituela… noizbehinka gogorarazten didate esandakoa!
Nolakoa da zure egunerokoa bertan?
Astean zehar bizitza oso normala. Lana 5ak arte eta astean bitan arabiera klasetara joaten naiz. Bestela kafe bat hartzera lagunekin, edo etxean deskantsatzen. Asteburuetan desertura joaten naiz gehienetan, lagunekin edo bakarrik. Kotxearekin dunetan gora eta behera, bueltatxo bat eman eta bertan afaltzen dut, izarrak ikusten ditudan bitartean. Hiriko zaratatik ihes egiteko plan ona da, basamortuko lasaitasuna gustatzen zait. Etxean igerileku txiki bat ere badaukat, bizilagunekin partekatuta, eta gehienetan bero egiten duenez, askotan joaten naiz. Herrialdea oso handia da, eta esploratzera ere joaten naiz, Itsaso Gorrira, hegoaldeko mendietara… baita inguruko herrialdeetara ere, Qatar, Bahrein, Emirerri Batuak…
Aurten berriz ere itzuliko al zara Goierrira?
Bisitan bai! Aurten bi aldiz itzuli naiz, lehenengo apirilean eta gero irailean. Familiak eta lagunek oso erraz jartzen dizkidate gauzak, adibidez, otsailean aita, osaba, izeba eta lehengusua etorri ziren bisitan Arabiara, eta orain irailean kuadrillako bi datozkit bisitan. Horrela, sentitzen dudan hutsunea ez da hain handia eta ez dut itzultzeko hainbesteko presarik. Aurten bueltatzekotan Gabonetan izango da. Familiarekin negoziazioetan nabil orain, ea etxera edo bidaiatxo bat egitera joango naizen erabakitzeko.