German Urteaga Garmendia • Entrenatzaile pertsonala eta Kirol psikologoa
Gaur egun pertsona gutxik jarriko dute zalantzan ariketa fisikoa edo kirola egiteak norbere osasunean duen eragin positiboa. Kirola egiteak osasuntsu mantentzen laguntzen duela ez da sekretua eta fisikoki ez ezik psikologikoki dituen onura anitzak ere askok ezagutzen dugun zerbait da.
Kirola egitea eskubide bat bezala ulertzen dut eta pertsona orok eduki behar luke berau gauzatzeko aukera. Kirolak inklusiboa izan behar du eta kirol eragile, entitate, udal, klub, federazio, ikastetxe eta bestelakoek garrantzitsua da hori kontuan izatea. Gizarte anitz batean bizi gara non pertsona anitzak bizi garen. Aniztasuna, hitzak dioen gisan, anitza da eta kirolak leku egin behar dio aniztasun horri. Kirol teknikariak, kudeatzaileak, zuzendariak eta oro har kirol munduan esku hartzen duen nornahi gai hauetan jantzia egon behar da eta ekintzekin erakutsi behar du aniztasunarekin, berdintasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa.
Ba al dago behar beste aukera adineko pertsonentzat kirola egiteko? Kirola espazio segurua al da trans pertsonentzat, emakumeentzat, LGTBI+ pertsonentzat, pertsona arrazializatuentzat…? Bestalde, desgaitasun fisiko zein intelektualen bat dutenentzat benetan egokitua al dago egungo kirol-sistema? Jakitun al gara desgaitasun intelektual nahiz fisiko asko existitzen direla eta ondorioz bakoitzak bere behar propioak dituela?
Bazterrean edo ertzean dauden pertsonentzat konplexua izan daiteke kirol-programa batean izen ematea, zaurgarritasun egoeran hainbeste denboran egon diren eta oraindik dauden pertsona hauek ezin dugu espero kirolaren atzetik joatea, kirolak joan behar du euren atzetik. Orain arte kirol munduak pertsona asko eta asko baztertu ditu, eta ez naiz konpetizioko kirolaz soilik ari. Kirolaren munduak kirola eurentzat ez zela sinestarazi die askori eta ondorioz (eta zoritxarrez) askok hau sinetsi dute urteetan zehar, beraz, kirolaren ekosistemari dagokio pertsona hauengana heldu eta eskua luzatzea, proposamen erakargarri eta motibatzaileekin, eta batez ere, ingurune seguru bat topatuko dutela ziurtaraziz. Esan bezala, hau kirol arloa maneiatzen dutenen lana da, gure lana da kirola denentzat inklusiboa izan dadin egitea, hori delako nahi dugun gizartea, hori delako nahi dugun kirola.