Urretxun jaiak amaitu berri dira eta bertako gazteak jo eta su aritu dira lanean jaietan zehar zein aurrez prestatu beharreko guztietan. Esan genezake Urretxun gazteak izan direla beste urte batez jaiaren motor.
Urretxuko jaiak «espazio desberdinetatik» antolatzen diren festak direla dio antolatzaileetako batek eta gazteek «eremu horietan guztietan» jarduten dutela, bakoitzak «bere lekutik» ekarpena egiteko. Espazio horiek «karrozak, txosna batzordea edota kultur taldeak» bezalako espazioak dira eta guztien artean, «herria» egiten dutela adierazi du antolatzaile honek. Askotan, denbora tarte batean egindako lanaren «ondorio» izaten direla festak diote.
Jaietan zehar gazte gehien mugitu dituen ekitaldi eta espazioak ziur dago «asko» direla, baina «batez ere txosnagunean» ibili dela herriko gazteriaren gehiengoa dio. Egun bat aukeratzekotan, gainera, «igandea» aukeratuko lukeela esan du, Euskal Jai Eguna urretxuar gazte guztientzat «oso berezia» baita. Beraz, igandean zehar egindako ekitaldietan parte hartu dutela gazte gehienek dio.
Behin jaiak igarota balorazioa egiteko unea iritsi da. Jaiak orokorrean «ondo» joan dira eta herriko talde eta norbanakoek «kultur eskaintza oparoa» antolatu dutela adierazi du. Herritarrak «gustura» aritu dira bertan parte hartzen eta egun askotako lanak «bere fruituak eman dituela» ikustea «pozgarria» egiten zaie, herritarrak bertan «disfrutatzen» ikustea ederra baita.
Jaietako momentu jakin bat aukeratzea beti izan ohi da «zaila», baina bertako gazteentzat igandeko karrozen desfilea eta kandela piztea festetako momentu «berezienak» izaten direla dio. Asteleheneko kantu afaria ere «maitasun handiz» gogoratzen dute.
Aurtengoak bukatu berri eta jada hurrengo urterako «gogoz» daude.