Juduak kanporatzeak ondorio kaltegarriak izan zituen XVI. mendeko Goierriko gizarte eta egitura ekonomikoarentzat. Artisau lanetan eta merkataritzan zerbitzu bereziak eta ezinbestekoak ematen zituzten juduek, eta, haiek gabe, ekonomiari hutsune larria irits zekiokeen. Seguran, adibidez, juduak bertako komunitatean integratuta eta egonkortuta zeudela adierazten dute zenbait historialarik.
Kanporaketa atzeratzea lortu zuten hiribilduen protestek. 1564an, «funtsik edo arrazoirik gabe» ezin zirela bidali gehitu zuen arauan. Hor ere sosak ziren motibazioa: auzietan ‘alferrik’ sartzearen gastuak saihestu nahi zituen Gipuzkoako Probintziak, edo posizio sozial altuko jendea kanporatzeak sortzen zituen buruhausteak eragoztea. Sozialki ere eragozpenik eta kezkarik ez zegoela adierazten du horrek; bata ala bestea zela, esklabuak kanporatzeko aginduak ere bete gabe segitzen zuen.
Eskumenen kezka Batzarretaraino iritsi zen, 1592an. Zer egin zezakeen Probintziak eta zer ez, erregearen aginduekin talka egin gabe? Alkateen papera berebizikoa zen, justiziaren ordezkari eta emaile nagusiak zirelako herrietan.
Hainbat giza multzo
Juduak, mairuak, agotak eta beltzak –esklabuak gehienak– kanporatu beharrekotzat jo zituzten agintariek, denak zaku berean sartuta. Baina errealitatean, ez zuten halakorik praktikan jarri. Zumarragako esklabu baten kasuak erakusten du. Miguel de Aizpururen jabetzakoa zen Francisco esklabu beltzak (Santo Tomekoa, 30 urte); nekazaritzan eta Aizpururen zerbitzuan lan egiten zuen. Juan Aizpuru anaia hildakoan, haren herentziatik hartu zuen Miguelek. 1578ko egun batean mezetatik irteeran, eta alkatearen aurrean, Domingo de Mujika azkoitiarra jipoitu zuen esklabuak. Auzitara eraman zuten Francisco; han aitortu zuenez, ezkontza batean zerbitzari zebilela Mujikak, Hurtado de Salzedo kapitainak eta Tomas de Gurrutxagak eman zioten jipoi bat itzuli zion. Lotu eta ostikoka erabili zutela salatu zuen Franciscok.
Auzibidean, ‘jabeak’ babes guztia kendu zion; Francisco de Aizpuru izatetik, ‘Francisco esklabua’ izendatzera pasatu ziren. Aizpuru leinuarentzat irain eta lotsaizun izatea leporatu zioten. Lehengo jabeak ondo tratatzen zuela esan zuen Franciscok, baina berriak ez. Zartadak jasotzera, iseka publikora eta galeretara kondenatu zuten.
Familiaren pisua berealdikoa zen: esklabuarekiko bekaizkeriarik ez zen izan, jabearen babesa eduki zuen bitartean. Hura hil, eta jabe berriak abizenaren ezkuturik gabe utzi zuenean, ordea, piztiatzat hartzera igaro ziren.
Jazarpena eta kanporaketa
Probintziaren postura 1588an gogortu zen. Ijitoak, eskaleak eta agotak gehitu zituzten zerrendara; 1592an, ‘jentilak’ ere bai. Egoera soziopolitikoa kaxkartzeak azkartu zuen kanporatu nahia. Espainiarrek Europan gerrak galtzearen eta monarkiaren ezegonkortasun sozialaren arazoak desbideratzeko, mairuen aurkako sentimendua zabaldu zuten. 1609an kanporatu zituzten, auzia hasi eta mende batera. Gerretan harrapatuko gatibuak ziren Gipuzkoako mairu gehienak. Batzuek izkin egin zioten aginduari: Pedro de Agirre itsasoarraren alargun Barbara de Medrano salbuetsi zuten Ordiziako Batzarrek.