Zer iritzi duzu Goierri barnetik prozesuaz?
Iritzi baikorra daukat. Prozesu luzea izanagatik, balio izan du eskualdeko erronkak identifikatzeko eta erronka horiei aurre egiteko eskualde mailan behar den gobernantza eredua definitzeko. Prozesu honetan herri txikiek, ertainek eta handiek parte hartu dugu, eta eragile desberdin askok. Prozesuan atera diren ondorioak tamaina desberdinetako herri, ordezkaritza politiko desberdinek eta mota askotako eragileen artean adostuak izan dira. Horrek elkarlanerako bidea ireki du. Horrelako prozesu sakonak beharrezkoak ditugu eskualde garapenean aurrera egiteko.
Zer ekarpen egingo dio eskualdeari?
Erronka globalak eskualdera ekartzeko aukera eman digu prozesu honek. Herrietan egiten dugun lanaz gain, eskualdeko eskalan lana eginez, egiten ditugun ekintzek inpaktu handiagoa izateko aukera ematen digu. Lehenetsi ditugun erronkak (Energia, Zaintza eta Landa garapena) eta berauek lantzeko Gobernantza ereduak (instituzioak, eragile sozialak, enpresak… inplikatzeak) garapen integralerako bidea marrazten digu. Elkarlanean oinarritutako eredua izango da. Herri txiki, ertain eta handien arteko oreka lortzea izan da helburuetariko bat, gure eskualdearen ezaugarriak kontutan hartuta beharrezko puntua dela uste dut.