Zerk bultzatu zaitu Goierri barnetik prozesuan parte hartzera?
Eskualde moduan etorkizunari begira ditugun erronkei erantzuteko elkarlanerako espazioetan parte hartzea beti da interesgarria. Orain arte hausnarketa fasean murgilduta egon da prozesua eta espero dugu hausnartutakoa ekintza bihurtzea aurrerantzean. Gakoa ez baita eraldaketaz aritzea, eraldaketan aritzea baizik. Eta horretarako komunitatearen parte hartzea, eguneroko lan kooperatiboa eta sustapen publikoa funtsezkoak izango dira.
Zer ekarpen egin diezaioke zuk ordezkatzen duzun elkarteak sare horri?
Gure DNAn dago ekintzaile izaera. Beraz, hitzak errealitate bihurtzen lagundu dezakegula uste dugu. Gainera, egiteko modu kooperatiboak eta komunitatearekiko lotura ere izan daitezke gure ekarpenak. Aurrera begira ditugun erronkei merkatua erdigunean jarriz edota komunitatearen premietatik abiatuta erantzungo ote diogun da gure garaiko galdera nagusietako bat. Guk argi dugu onura kolektiboa etekin pribatuaren aurretik jarri behar dugula. Ezin aipatu gabe utzi, landa eremuko erronkei erantzuterakoan dagoeneko eskualdeko ekoizleekin egindako lanean ikasitakoekin eremu horretan lidergoa hartzeko prest gaudela.