Goierrik etorkizunari begira dituen erronkei aurre egiteko gobernantza modu berrien beharra zegoela iritzita, ‘Lankidetzazko Gobernantza’ proiektua abiatu zen orain hiru urte eskualdean. Sortu den sareari ‘Goierri Barnetik’ izena eman zaio.
Goierrik etorkizunari begira dituen erronkek dimentsio anitzeko eraldaketa eskatzen dute: ekonomikoa, ingurumenekoa eta soziala. Eta erronka horiek irtenbide jakinik ez dutenez, erakunde publikoak, eragileak eta gizartea elkarrekin aritzea ezinbestekoa da. Goierrik eraldaketa handia bizi izan du azken hamarkadetan, eta hortik eratorritako erronkei heltzeko Lankidetzazko Gobernantza proiektua abiatu zen 2020an, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz ekimenak diruz lagunduta. Gobernantza eredu berri hori 2016an jarri zuen abian Aldundiak, Gipuzkoak dituen erronkei lankidetzatik eta esperimentaziotik erantzuteko.
Erronkei aurre egitea ez ezik, proiektuaren sorburutik muinean egon den beste helburu bat ere landu da prozesuan: Goierrirako gobernantza eredu berri bat diseinatzea. Goieki eta Julen Mendoza aholkularia dira prozesuaren gidariak, eta bide horretan ALC Agirre Lehendakari Center-ek proposatutako metodologia baliatu dute.
Abiatu zenetik gaur arte hainbat mugarri izan ditu –ikus 13. orriko Prozesuaren kronologia–, eta hiru erronka nagusi ere lehenetsi dira: Energia, Landa garapena eta Zaintza. Prozesuko partaideak batzeko bokazioa duen Goierri Barnetik sarea aurkeztu ondotik, bi planotan aritu dira lanean: lehenetsitako erronka horiei heltzeko gobernantza-ereduaren diseinuan batetik, eta Energia erronkaren lanketan bestetik. Beste biei 2024tik aurrera heltzea da asmoa.
Gobernantzarako ikuspegi berriak
Gipuzkoako Foru Aldundiko Sebas Zuturuza Estrategia zuzendariaren esanetan, gobernantzarako «ikuspegi berri horiek esparru desberdinetara zabaltzea komeni da, bere eraginkortasuna areagotzeko». Goierrik antzeko ikuspegia duen proposamen bat planteatu zuenean, «prozesua babestea erabaki» zuten. «Garbi geratu behar da prozesuaren lidergoa Goiekiren eta eskualdeko instituzioen eta eragileen esku dagoela, Aldundiak ez dauka rol aktiborik prozesuaren diseinu eta garapenean».
Zurutuzaren iritziz, gizarteak dituen erronka globalei «tokiko erantzun bat» eman behar zaie. «Gipuzkoaren kasuan, eskualde dimentsiotik lankidetzazko gobernantzan oinarritzen diren sareak edo egiturak sortzea oso aproposa da, badagoelako tradizio eta kultura bat eskala horretatik elkarlanean jarduteko. Hori esanda, oso inportantea da maila ezberdinetatik egiten dena lerrokatuta egotea etorkizuneko ikuspegi partekatu batekin».
Behetik goranzko logika
Gizarte erronkei heltzeko lanketa Mariana Mazzucato ekonomialariaren Misioek gidatutako berrikuntza metodologian oinarritu dute. ALCeko Leire Canciok eman ditu argibideak: «Behetik goranzko logika eraiki nahi du. Aurrez aurre ditugun erronkei heltzeko eragile publiko-pribatuak, eragile komunitarioak eta herritarrak elkarrekin aritzea proposatzen du, agenda politikoa eta gizarte konpromisoa bat egiteko asmoarekin».
Horretarako, norabide partekatua landu behar da aurrena. «Misioak zehatza eta argia izan behar du». Behin norabidea adostuta, horretara iristeko bidea proposatzen du. «Lortu nahi dugun helburu horri begira lankidetzan eraikitako egitasmo multzo batera iritsi nahi da prozesuarekin. Metodologiak, ezinbestean, lankidetza du ezaugarri».
Dinamika berriak sortzen
Prozesuaren dinamizatzaile Julen Mendozak ondorio nagusi bat atera du orain artekoaz: «Eskualdean ezberdinen artean dinamika berriak sortu dira. Goierri Barnetik sareak eragile oso ezberdinak biltzen ditu, jatorri eta interes ezberdinekoak, eta haien artean elkarrizketa berri eta eraikitzaileak sortzeko gai izan dira. Sortu diren komunikazio bide berri horiek eraldaketarako aukerak biderkatzen dituzte». Haren iritziz, etorkizunean «ezinbestekoa» izango da bisio partekatu baten oinarripean «izaera ezberdineko eragileen ekimenak konektatzea, inpaktua biderkatzeko».
Lehenetsitako erronkak
Legorretako Herri Antzokian egin zen batzarrean –2021eko azaroa–hiru erronka lehenetsi zituzten eragileek.
- Energia. Goierriko Energia Mahaia sortua zegoela baliatuz, dagoeneko hiru proiektu irudikatu dituzte eragile publiko eta pribatuek: Trantsizio energetikorako komunitateak; Enpresetara mugikortasun jasangarria; eta Birgaitze esperientzia pilotuak.
- Landa garapena. Goierriko landa eremuaren garapenari eta lehen sektoreak bizi duen egoerari heltzea ere lehentasunezkotzat dute eragileek. 2024an hasiko dira lanketarekin.
- Zaintza. Zaintzak, bere zentzurik zabalenean, bizi duen krisi orokorrari ere lehentasunez heltzeko beharra sumatzen dute partaideek. Erronka hau lantzen 2024an hastea da asmoa.
Parte hartzaileen balorazioa
Klikatu testuan balorazio osoa irakurtzeko.
Andoni Mikelarena, Biziola: «Gakoa eraldaketan aritzea da, ez eraldaketaz»
Ainhoa etxabe, Caritas: «Goierrin bizi den giza-talde baten ahotsa izatea da gure ekarpena»