Zerk bultzatu zaitu Goierri barnetik prozesuan parte hartzera?
Goierriko eragile sozioekonomiko garen neurrian, bailararen garapen sozioekonomikoa aztertu eta bultzatzeko antolatzen diren egitasmo ezberdinetan parte hartu, bertan osatzen diren ikuspegi ezberdinak ezagutu eta gure ikuspegia gainerantzeko eragileekin partekatzea ona dela iruditzen zaigu. Prozesu honekiko, zehazki, bailararen etorkizuneko garapenerako oinarrizkotzat jotzen diren lan eremuen finkapenean parte hartu ahal izateak interesa sortu zigun, eta gure aktibidade industrialetik helburu horiek lortzeko egin dezakegun ekarpena ahal den neurrian bultzatzea gure izaera sozialaren parte garrantzitsua da.
Zer ekarpen egin diezaioke zuk ordezkatzen duzun elkarteak sare horri?
Lehen fase honetako lanketan lehenetsi diren hiru gaiei dagokienez –Energia, Landa-eremua, Zaintza–, energiarena da ziur aski era zuzen batean landu dezakeguna. Orklik energia kontsumo garrantzitsua du, eta bailara mailan kontsumo horren optimizaziorako eta energia-sorkuntza ekimen berritzaileen inguruan sor daitezkeen ekimenekiko interesa dugu. Landa eremuaren sustapena zuzenean gure aktibitatean txertatzen ez den arren, Goilan fundazioko gainerantzeko kooperatibekin batera, landa-eremuko ekonomia bultzatzeko interes berezia erakutsi dugu: Biziola kooperatibaren sustapenean jokatutako papera da horren adierazgarri.