Zer iritzi duzu Goierri barnetik prozesuaz?
Prozesuaren inguruko balorazio positiboa egiten dut. Goierri osatzen dugun 18 herrion artean landutako proiektu bat izan da, modu batera edo bestera guztiok parte hartzeko aukera izan dugu. Udal ordezkarioz gain, eskualdeko eragile ezberdinek ere parte hartu dute, eta hori oso aberatsa dela iruditzen zait, eskualdea guztiok osatzen baitugu. Aldi berean, herri txikien ahotsa ere bertan egon da eta mahai gainean jarri dira herri moduan dauzkagun beharrak eta kezkak. Prozesuaren lehen urratsak egin dira, eta pixkanaka egituratzea espero dut. Egindako bideak jarraipena izatea gustatuko litzaidake.
Zer ekarpen egingo dio eskualdeari?
Eskualde ikuspegia izateko urrats bat gehiago da. Goierri errealitate anitzez osatutako eskualdea da; industria gune indartsua du, eta horrek bereizi egiten gaitu beste batzuengandik, baina aldi berean landa eremua ere bertan dauka, eta horrek ere potentzialitate handia dauka. Bi horien uztarketak aukera handiak eman ditzake, eta proiektuak elkarrekin aurrera atera daitezke.
Eskualde mailako erronkak identifikatu eta lehenetsi dira, eta bakarren bat dagoeneko lantzen hasita dago. Aurrera begirako beste batzuk ere mahai gainean jarri dira eta datozen urteotan lantzen jarraitu beharko dugu. Eta aurrera begira erronka horien garapena etorriko da eta elkarrekin garatu beharko da. Eskualdea egituratzeko beste modu bat ekarriko du prozesuak.