Bizitza osoa futbolaren inguruan bizi izan da Xabier Alustiza ‘Mendotze’ (Segura, 1969). 10 urtetik 34ra jokalaria izan zen eta ondoren 10 bat urtez entrenatzaile: jubenil mailan, erregionalean… Duela 6-bat urte alabaren infantil taldea entrenatzen hasi zen, eta harrezkero neskekin ari da. «Iaz apustu handia egin genuen erregional mailako taldea ateratzeko. Salto handia egin genuen. Aurten ere 6 kadete ditugu taldea osatzeko». Gustura ari da nesken futbolean, «oso sentsazio onak dira, lasaiago ari naiz, hobeto. Mutilak oso konpetitiboak dira. Neskak ere bai, baina nesken arteko harremana hobea izaten da». Ehiztaria ere bada Alustiza, «pase garaian usotan aritzen naiz; txakurrarekin oilagorretan ere bai, baina, nahi baino gutxiago». Futbolarekin ez baita oso bateragarria, «dena egitea ezinezkoa da, beraz bitatik eginez gero, gustura!».
Ze zaletasun dituzu?
Futbolaz eta ehizaz gain, natura, batez ere basoa. Antzerki munduan ere banabil Segurako Historia Oroituz taldean.
Pelikula bat.
Juego de Tronos, bai pelikula baita liburua ere.
Musika talde edo abeslari bat.
Hertzainak, Red Hot Clilli Peppers…
Abesti bat.
Laboaren Txoria txori.
Oporretarako leku bat.
Lehenik Pirinioetan mendia, eta ondoren Mediterraneoan itsaso pixka bat.
Zer gosaltzen duzu?
Orain glutena zaintzen ari naiz eta: arrautza egosia, ahuakatea, oloa, urdaiazpikoa… Gustukoena arrautza frijitu parea edozerekin.
Kolore bat.
Urdina.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Seme-alaben jaiotegunak.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Emaztea.
Amets bat.
Orain Orreagako guduaren antzezlana egiten ari gara. Ohartu naiz orduan ez zela ez Gipuzkoa, ez Bizkaia, ez Arabarik. Dena Nafarroa zela. Berriz ere mugarik gabeko Euskal Herri bat izatea dut amets.
Bizitzako plazer txiki bat.
Ingurukoekin bazkaritxo bat.
Goierriko txoko bat.
Segura.
Seguran biziko ez bazina…
Goierriko edozein herri txikitan.