Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrek joan den astean jaso dute espetxeratze agindua eta ondorengo egunetan espetxeratuak izango dira. Horren harira, hainbat eragile sozial zein politikok haien babesa erakutsi dute egoera honen aurrean eta bihar, irailak 30 Gasteizen mobilizazioa deitu du Ankerkeriari Stop plataformak. Honen aurrean altxatu den eragileetako bat Ernai gazte antolakundea da eta antolakunde honetako Goierriko ordezkari batek, Aroa Saez de Egilaz Junquerak (Zerain, 2001) honen inguruan hitz egin du.
Zer dela eta atxilotuko dituzte bi gazte hauek?
Ez da kontu berria. 2019an hasi zen guztia, Ertzaintzak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteak atxilotu zituenean Audientzia Nazionalaren aginduz. Leporatzen zietena 2018an Ertzaintzak Durana herrian topatutako ustezko material lehergarria zuen «zulo» batekin harremana izatea zen. Hala ere, 2019an, sei hilabeteko espetxealdiaren ondoren eta 6.000€ko bermea ordaindu ondoren, baldintzapean aske geratu ziren eta 2021ean epaitu zituzten Audientzia Nazionalean. Fiskaltzak 8 urteko espetxe zigor eskaera bere horretan mantendu zuen, haien esanetan: «helburu terroristarekin lehergailuak egiteko elementuak gordetzeagatik». Bi urte geroago, sententzia atera da eta bakoitzak 4 urteko espetxealdia izatea berretsi dute. Orain, duela astebete inguru, espetxeratze agindua iritsi zaie eta puntu horretan gaude, Ankerkeriari Stop plataformaren deialdietara batuz, egoera sozializatuz eta jendea mobilizatzera deituz.
Nola hartu duzue antolakundean espetxeratze agindu hau?
Antolakundetik gertukoak izanik, kolpe handia izan zen hasieran, baina espetxeratze aginduaren zain geunden, egia esan. Badakigu zer den Audientzia Nazionala eta badakigu nola jokatzen duen honelako kasuen aurrean. Gainera, epaia erabakita zegoen eta helegiteak jarri eta kalera atera arren sententzia hortxe zegoen eta bagenekien egun hau iritsiko zela azkenean. Hala ere, sekula ez zaude prest horrelako albiste bat jasotzeko. Honez gain, argi daukagu epai hau gazte antolakuntzaren aurkako eraso bat izan dela eta ez dugula onartuko argi utziko dugu, militantzia politikoa ez baita delitua.
Goierrin zein ekimen egin dira honen harira?
Goierrin elkarretaratzeak deitu genituen lehengo astean. Ostiralean Beasainen eta Itsasondon egin ziren elkarretaratzeak. Itsasondon jende ugari zegoen, baina euria dela eta aterpean geratzeko hautua egin zuten herritar gehienek, bertatik aldarriak ozen oihukatuz. Larunbatean, Lazkaon egin genuen elkarretaratzea. Horrez gain, Goierritik kanpo ere egin dira ekintza desberdinak honen harira, hala nola, Gasteizko Ertzaintzan eta Bilbon, Gobernu Zibilean kateatzea Aitor eta Galderren askatasuna eskatuz. Bihar manifestazio nazionala egingo dugu eta bertarako goierritarrok ere antolatzen eta prestatzen ari gara. Goierritarrok ere han izango gara.
Horrez gain, biharko mobilizaziora deitu ditu goierritarrak.
Bihar, irailak 30, 18:30ean Gateizen, Artiumetik mobilizazioa abiatuko da. Aurretik, arratsaldeko 18:00etan gazte blokea abiatuko da Judimendiko Sefarad Plazatik Artiumerantz epaia onartzen ez dugulako aldarriarekin eta Aitor eta Galderren askatasuna exigituz. Goierritik 16:00etan abiatuko gara eta horretarako kotxe «kedada» egingo dugu Beasaingo anbulatorioan. Izena emateko Instagram kontura idatzi beharko da irailaren 29ko arratsaldeko 21:00ak baino lehen.