Guztia zalantzan jartzera iristen zaren une hori. Eman dezake egun batetik bestera gertatu ohi den zerbait dela, baina ez. Ezkutuko inurri lanak urratu egin ditu kasik historiaurrekoa dirudien garai bateko zimendu sendoak, ahuldu elkarrekiko harremanaren euskarri finkoenak, zingiratsu bilakatu zuen oinek zapaltzen zuten lurra. Narriadura horren zantzuak ikusi baititu, ikusi nahi izan dituenak behintzat, azken aste, hilabete, urteetan. Behatzaile zolienak soilik sumatu ditzakeen narriadura zantzuak. Seinale txikiak izan dira gehienetan, ezdeusak, hautemanezinak ia. Gimnasioko bere elastiko izerditua komuneko txoko batean aurkitzean okertzen duzun begirada hori, adibidez, lehenago, garai ez hain urrun batean, lurretik jaso eta besterik gabe arropa zikinen saskian sartuko zenuenean. Berak musu emateko keinua egiten duen unea, etxerakoan, igogailuan, lanerakoan edo ohetik altxatzerakoan, zeinetan trukean ezpainak eskaini ordez masaila eskaintzen diozun, horrela erantzuteko arrazoia zein den ez badakizu ere. Ohean elkarren bila ibiltzen zineten garaia atzean utzi eta elkarri «ondo lo egin» lehor bat esan, bizkarra eman eta besterik gabe argia itzaltzen duzue orain egunero. Jakina baita ezer ere ez dela betirako, nahiz eta askotan agortuta, hilda, dauden harremanak erremediorik gabe luzatzen eta luzatzen tematzen garen.
Guztia zalantzan jartzera iristen zaren une hori. Gau bat bestearen atzetik, begirik bildu ezinda. «Hegohaizeak dauka errua, beroak, ez dugu etxea freskatzerik lortzen, eta horrela ezin da lorik egin». Eta nekea gainetik kendu ezinda, eguna joan eta eguna etorri, kolorerik batere
gabeko zuri-beltzeko pelikula batean nola. Eta nori kontatu, sentitzen duzuna, noren aurrean hustu barrena, kulparik ba al dauka, bada,
ausazko entzule horrek, bere burua halako kontuekin betetzeko?
Egunerokotasunean eroso zeundeten garai batean, elkarri neurria hartuta, baina egunerokotasunak berak urratu egin du azkenean, bere atsedenik gabeko kolpatze sendoez, elkarrekiko lotura. Guztia zalantzan jartzera iritsi baitzara, eta aldaketa sakonak egiteko unea dela erabaki baituzu. Dagoeneko berandu den arren, oraindik ez baita, agian, beranduegi.
Airean sumatzen den tentsioa jasangaitza izatera iritsi da; zuretzat, bederen. Gaur ohi baino lehenago irten zara lanetik, eta etxeratu aurretik norabide finkorik gabe ibili zara tarte batez herriko kaleetan barrena. Halakorik sekula egiten ez baduzu ere. Esan nahi da, herriko kaleetan barrena ibiltzen zaren aldiro helburu batekin baitzabiltza, bizkor, arin. Egiteko batekin: ogia erostea, lagun baten enkontrura garaiz iristea edo liburutegia itxi aurretik Iban Zalduaren azken nobela irakurri berria itzultzea. Baina ez zara inoiz ibiltzeagatik ibiltzen. Gaur bai, ordea. Gaur baita, etxerakoan, heriotza klinikoan dagoen harremanaren gaia mahai gainean jarriko duzun eguna. Etxeko atea ireki, giltzak sarrerako altzaritxoaren gainean utzi eta egongelaruntz jo duzu, «kaixo, etxean nago» lehor bat ahoskatzen duzun bitartean, ahotsa jasotzeko zailtasun nabarmenez. Argi izpi bat dator egongelatik. Sofan erdi etzanda aurkitu duzu bera, lanekoak behar duten zenbait paper eskuen artean. Elkarri begira geratu zarete une batez, isilik. Paperak errepasatzen jarraitu du, buru keinu txiki bat eginda. Sukaldera abiatu zara. Afaria prestatzen hasteko ordua da.