Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Pasatu dira jaiak. Onartu beharra daukat ezin hobeak izan direla. Giro ederra sortu da eta taberna gainezka ikusteak irribarrea atera didala onartu beharra daukat. Izan ere aurtengo udara oso luzea egin zait. Badakizue, orain terrazak eramaten dira. Normala da, eguraldiak laguntzen badu behintzat. Baina guri ez digute utzi, hobeto esanda, bakarrik taberna bati utzi zaio. Hitz egin al duzue hau ulertzen duen norbaitekin? Nik ez. Udarako galdera hau izan da. Zergatik zuei ez eta besteari bai?
Ba ez dut erantzunik. Zurrumurruen artean, baimena berandu eskatu genuela esan dute. Nik eta beste hainbat tabernek. Baina ez dugu erantzun ofizialik jaso, eta hori, lotsagarria izateaz aparte, hori bai dela berandu ibitzea. Baino hori bakarrik ez, nire kasuan behintzat udaltzain baten bitartez enteratu nintzen ez nuela izango udal baimenik terrazarako. Nola liteke eskaera ofizial bati erantzunik ere ez ematea? Handikeria iruditzen zait, eta itsusia.
Gatazka izan genuen irailaren 9ko kontzertuekin ere. Udalak ez omen zuen nahi barrarik egotea. Beste tabernekiko errespetua jarri zidaten argudio bezala. Gure erantzuna irmoa izan zen. Barrarik gabe ez dago kontzerturik. Perla dexente entzun beharra izan ditut. Ea zergatik beti jartzen nuen nik barra, ea zergatik ez zuen beste batek jartzen… nik lehen galderari bakarrik ahal diot erantzun. Barra nik jartzen dut ni naizelako kontzertu horren antolatzaileetako bat. Beste taberna batzuek zergatik ez duten egiten, hori beraiekin hitz egin beharko duzu.
Hala ere, susmoa dut, arazoa ez dela barra jarri edo ez jarri. Arazoa nik jartzen badut hasten da. Jakin badakite barratik ateratzen duguna gauza gehiago antolatzeko erabiltzen dugula, edo gastu ezberdinei aurre egiteko. Beraz nahiko kolokan ikusten ditugu Urretxun antolatzen ditugun kontzertuak. Guk ez dugu lukrorik elkarte bezala eta gastu guztiak justifikatzen ditugu urtero. Barrarena gure marra gorria da.
Gainera, nazkatu gara gure poltsikotik dirua jartzen ibili behar izateaz eta nazkatu gara boluntario lanarekin. Are gehiago ez bada behar den bezala baloratzen. Ez dakigu zer gertatuko den hurrengo urtean baina guk garbi dugu barrarik gabe ez dugula ezer antolatuko.
Bukatzeko, urriaren 7an Zelai Ariztin antolatu dugun kontzerturako gonbita luzatu nahi dizuegu. Bertan Mary Mahaffey, Ramada Inn, Trini Fox eta Flash taldeak izango ditugu. Sarrera 10€ izango dira eta inoiz baino beharrezkoagoak zareten honetan bertan ikustea pozgarria izango litzateke. Hurrengo urtean batek daki.