«Ez bata, ez bestea; nik lehen idazten zen bezala ipintzen dut: Múgica», bota zuen, jakin ustez, nik ezagutzen dudan batek… Baina ez, ez da horrela; lehengoek behintzat, gaztelaniaz, Muxica idazten zuten: Garcia eta Joan de Muxica ordiziarrak (1451) horren erakusle. Iztueta zaldibiarrak 1846an bi formak erabili zituen beasaindar batzuentzat: «Ignacio Mª Muxica» eta «Francisco Mª Mugica». Jakina, horien deitura izen bereko etxeren batetik etorria da. Beasaingo Salbatoren eta Astigarretan badira Muxika bana (Ordizian Muxika dorrea eta Zumarragako Aginagan eta Eitzagan ere bai beste bana, izena geroztik hartuak, beharbada).
Kontu zehatzetan sartu gabe, bada Goierrin makina bat Muxika/Mujika abizendun. Eta orain ―Euskaltzaindiak Muxika idatzi behar dela erabaki zuenetik― badute buruhauste franko. Zergatik sortu dira forma horiek?
Hizkuntzen arteko hartu-emana dago aztertu beharra hori jakiteko. Euskarak gaztelaniarekin izandako elkar ukituari zor diogu gure “j” hotsa; euskalki guztietan ez da gertatu, baina Gipuzkoan bai. Badirudi XVIII. menderako sartzen hasia zela hots hori eta Larramendi idazleak ez zuen oso jatortzat hartzen.
Goierriko hizkeran, ‘j’ nagusitu
Gure hizkeran, konparaziorako, zenbait aditzetan (‘jarri’, ‘juun’) eta ‘ia’ eta ‘ie’ multzoak sortu diren izenetan (‘esku ojal’ Zegaman, ‘esku oihal’-etik; Oiarbide/Ojarbide izena Idiazabal-Ormaiztegin) ‘j’ ebakera nagusitu da. Ordea, beste euskalki batzuetan beste hots batzuk erabiltzen dituzte hitz horiek ahoskatzeko: ‘i’, ‘x’… Badirudi horietan hobeto gorde dela euskararen hasierako fonetika kutsua. Horregatik Joana bezalako izenetan ‘J-’ grafia hobetsi da, gure begietara normalagoa dirudien ‘Ioana’-ren lekuan.
Gaztelaniaz, lehenago ‘x’-dun ziren hitz batzuetan ‘j’ nagusitu zen eta ‘abaxo’ edota ‘inxertar’ bezalako hitzetatik ‘abajo’ eta ‘injertar’ etorri dira. Toponimo batzuetan ere oso garbi ikusten da hori; ‘Méjico’ eta ‘Tejas’ esanagatik, oraindik México eta Texas idazten da. Eta euskaraz ‘Xabier’ (< Etxeberri) dena, gaztelaniaz ‘Javier’ da; euskarazko ‘Errexil’-ek, berriz, gaztelaniazko ‘Regil’ ekarri zuen.
Muxika/Mujika bitasuna
Modu berean, Gipuzkoan, bertan hitz egiten diren euskalkietan, erromantzetik hartutako maileguetan, gaztelanian bezala, ‘x’ zegoen lekuan ‘j’ etorri da: ‘perrejil’, ‘jaboi’, ‘prejitu’. Baina ez da halakorik gertatu beste euskalki batzuetan: ‘perrexil’, ‘xaboi’, ‘prexitu’ esaten dute. Guk ere baditugu, horratik, salbuespenak; gaztelaniaz ‘jara’ dena guretzat ‘txara’ da; ‘lixuba’, ‘lejia’-ren kidekoa da; ‘txerto/sestru’, ‘injerto’-rekin lotzekoa… Eta batzuetan bietakoak ditugu: ‘“gixajo’ bai, baina baita ‘gixaxo’ ere (< giza gaixo).
x > j bilakaera hori jatorri ezagunekoak diren beste abizen batzuetan ere gertatu da; Kerexeta/Kerejeta; Lexarreta/Lejarreta.
Muxika/Mujika bitasuna nondik datorren hobeto ulertzeko, argigarria da latinezko vessica hitzarekin zer gertatu den ikustea. Gaztelaniaz, vejiga ekarri du; ageri denez, ‘-j-’ eta guzti. Euskaraz ere utzi zuen bere ondorena: Gipuzkoako gure ‘-j-’ hori ezagutzen ez duen euskalkiren batean bisiga/bixika da.
Baita puxika ere, Bizkaian eta Goierriko leku batzuetan (Brinkola, Itsaso, Urretxu, Zegama). Horra hor gure Muxika-ren pare-parekoa; horra Muxika > Mujika bilakaeraren argibidea: gure euskalki ‘j’ zaleak Muxika zaharra eraberritu eta Mujika ekarri zuen.
Beste batean azalduko dugu Muxikaren jatorria eta esanahia. Komeni da aurreratzea muxikatarrek zerikusirik ez dutela, batere, ‘melokotoiarekin’.