Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
XVIII. mendean, Errusiako Katalina II.ak zaldikotxean bidaiatzen zuen eta kristalaren bestaldean halako herrialde aberatsa agertzen zitzaion, baina ezin zuen imajinatu ere egin ikusten ari zena gezurretako paisaia zela, ezer ez zela benetakoa. Aristokratek, enperatrizari itxurazko aurrerabidea eta oparotasuna erakusteko, ibilbidean aurrera harri-kartoizko herrixka harresituak eraikitzen zizkioten, bidetik urrun tximinia txikiak egokitzen zituzten, kea zeriela, eta ubide faltsuak, eta nekazaritza-lur gezurretakoak, eta horrek harrotasunez betetzen zuen agintaria. Hala bada, Katalina Handiak ametsetako herri bat ikusten zuen, mirabez, aziendaz, lantegiz betea. Potemkim herrixkak deitzen zieten halakoei.
Errusiak Ukrainan egindako inbasioak ekarri dit usadio hura gogora, eta gatazkaren hasieran aipatzen hasi ziren gerra nuklearraren arriskua, izan ere irudipena daukat gaur egungo hiritarrok Katalina II.aren antzekoak garela, hau da, ez dugula benetako errealitatea ikusten, alde batetik ezin dugulako, ez digutelako behar bezala ikusarazten, eta beste alde batetik beharbada ez dugulako ikusi nahi, besterik gabe. Batzuek fake albisteak aipatzen dituzte, sasi-albisteak.
Adibide bat izan daiteke ikusten ez dugunaren, baina inguratzen gaituenaren erakusgarri: 1945. urteaz geroztik, gerretatik aparte izanda ere, proba nuklearretan 20.000tik gora bonba nuklear lehertu dituzte lurraren atmosferan, 20.000 hiroshima; gerrarik gabeko konflagrazio nuklear benetakoa, beste modu batera esanda: 160 Txernobil lehertuak eta kiskaliak. Adituen esanetan, hortik ere dator hainbat gene minbizi-sortzaileren sorrera.
Horrekin batera gogora dezakegu gure telefono mugikorrak sortzeko koltana beharrezkoa dela, Afrikatik datorren mineral horri ‘urre beltza’ esaten zaiola, eta hura ateratzen duten pertsonak esklabismo egoera gorrian dauzkatela. Baina gailu elektronikoak erabili ondoren, hondakinak berriro ere Afrikara bidaltzen ditugu, eta haiekin batera beruna, merkurioa edo kadmio bezalako metal astunak, esate baterako Ghanako hondartzetara, edo Agbogbloshie-ko zabortegi infernuzkora.
Ezikusia egiten diogu inguratzen gaituenari, ez ikusiarena egiten diogu bizi dugun errealitateari, urrunekoari, gertukoari, eta, sarritan, baita norberaren egoera propioari ere. Beharbada fake bizitzak dira gureak. Jose Saramagok Ensaio sobre a cegueira nobelan dio denok ala denok ere itsuak garela, ikusmena dugun itsuak garela, hain zuzen ere ez dugulako begiratzen. Konturatu al zarete, esate baterako, errealitateak errealitate udazkenean sartu berriak garela, erreparatu al diozue…?