Hego Euskal Herrian, 53.500 lagun baitaude dementziak diagnostikatuta, eta uste da, horietatik %70ek dutela alzheimer gaitza. Cita Alzheimer fundazioak, dignosi goiztiarraren eta prebentzioaren garrantzia nabarmendu ditu.
Duela hamabost bat urte hasi ziren bere portaeran aldaketak nabaritzen, Mariak erretiroa hartu eta gutxira. Irakaskuntzan lan egin zuen. Alzheimer gaixotasunarekin ohikoa denez, sintomak pixkanaka agertzen joan ziren. Senarrak eguerdian deitzen zion lanetik, adibidez, eta berak esaten zion ez zuela jan, kafea hartzeko gogoa besterik ez zuela. Mariak sukaldean aritzeari utzi zion, beti gustatu izan zitzaion zerbait. Eta gauzak ahazten hasi zen. Gero susmoak sortu ziren.
Ziur zegoen ahizpak lapurtu egiten ziola, baina senarrak objektu asko aurkitu zituen etxe barruan ezkutatuta. Berak ezkutatu zituen — giltzak, mahai-tresnak, platerak, betaurreko berriak —, baina ez zuen gogoratzen egin zuenik.
«Hasieran, ez nuen ulertzen», dio Joxe Antoniok, Mariaren senarrak, eta lehen sintomek ez zutela ezer larririk adierazten gaineratu du. «Ondoren, denak zentzua hartu zuen». Alzheimerrarekin hil zen Maria.
Zenbat eta zenbat etxetan egingo zen kontakizun hau ezagun. Irailaren 21a izan zen Alzheimerraren nazioarteko eguna. Lerro hauetan irakurritakoaz, Euskal Herrian aurki daitezke horrelako milaka eta milaka adibide. Hego Euskal Herrian, 53.500 lagun baitaude dementziak diagnostikatuta, eta uste da, horietatik %70ek dutela alzheimer gaitza. Horiek dira behintzat, Espainiako estatistika institutuaren datu eguneratuak.
Baina Alzheimerraren kontrako elkarteek ohartarazten dute, askoz gehiago izan daitezkeela. Munduko osasun erakundearen datuek ere arreta ematen dute. Datuek baino, espero den bilakaerak. Uste da, 2015 urtean mundu mailan 47 milioi lagun zeudela dementziak jota, munduko herritarren %5a. Deigarria da hurrengo urteetarako egiten duten proiekzioa. Datuek erakusten dutena da, 2030 urtean, 75 milioi izango direla, eta 2050ean, 132 milioi. Alegia, hogei urtean behin, bikoiztu egingo dela alzheimerrak jota dauden lagunen kopurua.
Berrikuntza integratuz, ikerketaren garrantzia azpimarratzeko leloa izan da hain zuzen ere, Alzheimerraren nazioarteko egunaren aldarria. Cita Alzheimer erakundeak, urteak daramatza gaiaren inguruan lanean. Beasainen, Exercita programaren lehen edizioa amaitu berri dute, eta bigarren edizioa martxan jarriko dute urte hasieran.
Programaren helburu nagusiak honako hauek dira: egunerokoan ohitura kognitibo onak ezartzea; osasun kognitiboko ohiturak ezartzearen garrantziari buruzko kontzientzia soziala areagotzen laguntzea, zahartze aktibo eta osasungarriaren alde; gaitasun kognitiboak indartzea eta babestea; eta gizarte-harremanak sustatzea.
Diagnosi azkarraren inguruan, prebentzioan eta kontzientziazioan lan handia egiten ari da Cita Alzheimer fundazioa, baina jakin badakite oraindik lan asko dagoela egiteko. «Uler dezagun zer den zahartze prozesu arrunta eta zer den gaixotasunari loturikoa, eta hori helduarazi behar zaio jendeari, ahalik eta azkarren, alzheimerra goiztiarren detektatzeko» argudiatu dute.
Zeren behin COVID-a kontrolpean hartuta, alzheimerra da gizartean gehien eragingo duen pandemia, eta hortxe daude datuak. Denok dakigu gizartea zahartzen ari dela, eta zahartzeari loturik dago Alzheimer gaixotasuna. Zalantzarik gabe, geroz eta goiztiarrago diagnostikatzearen ondorioz, gaur egun, pentsatzen da 15 urte gutxi gora behera iraun dezakeela pertsona batek lehen sintomatik hil arte. 15 urte gaixotasun honekin, osasun arazo nabarmen bat bihurtzen du.
Bilakaeraren datuak oso deigarriak dira. Arrazoi ugari daude Cita Alzheimerretik azaldu dutenez. Lehendabizi, «bizi itxaropena». Ikerketen arabera lehen arrisku faktorea «adina» da. «Zenbat eta adin handiagoa izan, orduan eta gaixotasuna garatzeko posibilitate gehiago». Gero, «goiztiarki diagnostikatzearen ondorioz, orduan eta urte gehiagotan dauzkagu alzheimerra gaixotasuna duten pertsonak», eta horrez gain, «garapenean dauden herrialdeetan ere, bizi itxaropena handitzen ari da eta dignosia hobetzen ari da».
Beraz, detekzioak arrazoituko luke hein handi batean, datuen bilakaera hori, baina inzidentziak ere gora egingo du? Alegia, urteetan aurrera egin ahala, gaixo gehiago izango da? «Europar batasunean eta AEBetan inzidentziak ez dauka zertan gora egin beharrik», Cita Alzheimerretik baieztatu dutenez, «nahiz eta beste herrialde batzuetan posible» dela dioen, «zeren badakigu narriadura kognitiboen kasuen, %30 ekidin litekeela, edo gutxienez sintomak atzeratu daitezkeela gure bizi ohiturak aldatuz gero». Bizi ohitura horiek hobetzen goazen neurrian, posible da sintomak beranduago agertzea.
Odolean detektatzea erronka
Narriadura kognitiboaren lehen arrazoia da alzheimerra. Bi proteina buruan metatzen direlako gertatzen da. Bata da Amiloidea eta bestea da Tau proteina. Biomarkatzaile horiek ahalbidetzen dute, bizitzan, autopsia batera iritsi baino lehen, bi sustatzia horiek neurtu ahal izatea. Orain arte, puntzio bidez lortzen zen lagina. Gaur gaurkoz, porba «segurua» dela ziurtatzen dute, baina etorkizun ertainera begira, bi aldaera horiek neurtzeko gaitasuna eguneratzea eta odol laginen bitartez lortzea izango litzeteke helburua.
Gaur gaurkoz, «%90eko fidagarritasunarekin» diagnostikatu daiteke narriadura kognitiboaren arrazoia alzheimer gaixotasuna dela.
Bizi ohituren pisua
Orain arteko ikerketen arabera, gaitza garatzeko askoz ere pisu gehiago dauka zenbateraino lantzen dugun gure burua, genetikak baino. Horrek ez du esan nahi, burua intelektualki landu duten pertsonek ez dutenik garatuko gaixotasuna, baina ziurtatzen dute, hala egin izan ez balute, sintomak goiztiarrago agertuko zirela. Ez du esan nahi gaixotasunetik babesten digunik, baizik eta gaixotasunak aurpegia ematea, atzeratu dezakegula. Hortaz, gure aktibitate intelektualak, eragina izan dezake.
Era berean, odoleko hainbat arazorekin ere lotuta joan daiteke, diabetesak sortzen dituen iktus txiki batzuei loturik ere badago alzheimerra, beraz hainbat ohitura aldatzen baldin baditugu, behintzat, kalte baskular hori ekidin daiteke.
Horrek esan nahi du, osasuntsu jateak, lo ondo egiteak, jarduera fisikoa egiteak, gaitza mugatzeko bide ematen dutela, zalantzarik gabe. Gaur egun kontuan izan behar duguna da, gizarte medikalizatu honetan ezinbestekoa dela bakoitzak nor bere osasunarekiko ardura hartzea, bizi ohiturek, eragina dutelako etorkizunean. Gure esku dago hein batean, gure osasun fisikoa eta kognitiboa nolakoa izango den.
Horregatik, detekzio goiztiarrean eta prebentzioan indar handia egiten da Cita Alzheimer fundaziotik. Aipatutako datuekin, ikusten da, geroz eta jende gehiagok izango duela narriadura. Gizartearentzat izugarrizko erronka izango da, erronka ekonomiko erraldoia izateaz gain, baina momentuz, ez dago baliabide nahikoa. Hortaz, arazoa gutxitzea «ezinbestekoa» dela diote Cita Alzheimerretik.
Gauzak horrela, une honetan boluntario bila ari dira, Cita go on proiektua martxan jartzeko. Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako unibertsitate publikoa eta Bask Culinary Centre, daude proiektua babesten, besteak beste. «Erakutsi nahi dugu, bizi ohitura osasuntsuak sustatuz, narriadura kognitiboaren arriskua gutxitu egin dezakegula, 60 eta 80 urte bitarteko pertsonen artean».
Beasaingo Udalak eta Cita Alzheimer-ek hainbat urte daramatzate elkarlanean, lehenik Goiz Alzheimer proiektuarekin 2017an eta, ondoren, Goiz Zaindu proiektuarekin 2018an.
Bi kasuetan helburua komuna izan da, detekzio goiztiarrarekin, alzheimer gaixotasunaren prebentzioarekin eta narriadura kognitiboarekin lotuta.
Sendabiderik ez momentuz
Tristea da hau esatea, baina sendabiderik ez da espero epe ertain batera. Baina bai gaixotasunean eragin dezaketen botikak iristea. Bide horretan uztail honetan berri on bat izan da Estatu Batuetatik etorri zena, hain zuzen ere, Lecanebab izeneko medikamentua sortu dute. Amiloide proteina horren aurka doan tratamendu bat da eta lehen aldiz, erakutsi du, narriadura kognitiboaren garapena moteldu dezakeela %30 batean, baina dagoen informazioa laburra da oraindik.
Ikertzaileek diotenez, kontua da, medikazio honek ere badituela erronkak, zeren ezinbestekoa da ziurtatzea alzheimerraren gaixotasuna dagoela atzean, hortaz, biomarkatzaileetan oinarritutako diagnostikoak aurrera egin beharko duela, eta dementzia baino lehen ezarria ahal izatea, hau da, lehen sintomekin ezarri ahal izatea.
Europak oraindik ez du onartu botika honen inguruan. Gaitzaren inguruan lanean ari direnen eta gaixo eta haien familien esperantza da, datorren urtearen hasieran izatea, baina zalantzak ere badaude oraindik, «botika jartzen jarraitu behar den, mesedea mantentzen den, eta gainera, ekonomikoki ere bada erronka handi bat, 50.000 dolarretik gora kostatzen baita pertsonako eta urteko».
Gaiaren adituek maneiatzen duten informazioaren arabera, mendikamentuak, «%30ean atzeratzen» du gaitza. %30eko motelkuntza izateak esan nahi du, «sei hilabete gehigoan pertsona bat autonomo izan daitekeela», hau da, sei hilabete horietan lan egitea, gidatzea, bere eguneroko bizitza laguntzarik gabe egin ahal izateko gaitasuna mantentzeaz ari dira. Momentuz ez dakitena da, mesedea zenbaterainokoa den.
Zaintza da gakoa
Gaur gaurkoz garatuta dagoen teknologiari esker, alzheimerraren diagnostikoak aurreratzen ari dira, eta orain, gaitza detektatu zaien pertsona horien zaintza da gakoa, Cita Alzheimerretik sustatu nahi dutenez. Nahikoa tresna badago horretarako? Fundaziotik diotenez «momentuz ez, batez ere lehen faseetan, eta jendea harritu egiten da». Aitortzen dute, oraindik askotan gertatzen zaiela, gaixoa kontsultara etortzen denean, familiak eskatzen duela, gaixoari diagnosia ez esatea, eta uste dute ezinbestekoa dela, familiek eta elkarteek, gaixoengan jartzea fokoa eta berari azaltzea, berak erabaki ditzakeela zaintzak nolakoak izatea nahi duen.
Exercita programaren bigarren edizioa urte berriarekin abiatuko da
Dementzia eragiten duten prozesu neurodegeneratiboen oinarri biologikoen ezagutzan aurrerapen ugari egin diren arren, terapia farmakologikoen garapena eta horien eraginkortasuna gaur egun mugatua da. Testuinguru horretan, dementzia-sintoma klinikoen agerpena atzeratuko duten interbentzio-hurbilketa berritzaileak sortzea ekarpen esanguratsua izango litzateke. Izan ere, pertsonei denbora gehiagoz modu independentean funtzionatzeko aukera emango dieten baliabideak ematea onuragarria da beren bizi-kalitatean, eta berehalako eragin sozial eta ekonomikoa du, osasuna zaintzeko baliabiderik behar ez den denbora luzatzean.
Goiz-Zaindu azterlanean lortutako esperientziari esker, dementziarik gabeko pertsonei buruzko esku-hartze kognitiboko programa elebidun bat garatzeko beharra antzeman zuen Cita Alzheimer fundazioak, inguruko berezitasun soziokulturalak bilduko zituena. Horrela, estimulazio kognitiboko psiko-programa bat sortu da, CITA-alzheimer, ExerCitan garatua, narriadura prebenitzeko eta Europan eta munduko beste leku batzuetan ezartzen ari diren prebentzio-neurriekin bat etorriz lan egiteko.
Beasaingo Udalaren babesarekin, bigarrenez martxan jarriko dute egitasmoa. Helburua da herritarren narriadura kognitiboa prebenitzea eta gizartean garuneko osasuna zaintzearen eta estimulazio kognitiboa erabiltzearen garrantzia ezartzea.
Bigarren edizioa martxan jarri aurretik, informazio-gutunak bidaliko dira, Beasaingo 60 urtetik gorako pertsona guztiengana iristeko.
Edizio berriaren hasiera 2024. urtearen hasieran izango dela aurreikusten da, eta izen emateak 2023. urtearen amaieran irekiko dira.
Informazio gehiago behar izanez gero eta hurrengo edizioan izena emateko, deitu 943 02 17 92 telefonora edo sartu www.cita-alzheimer.org webgunean.