Eleuterio Jauregi ‘Makalo’ • Zaldibia
Ume garaiko festak gogora ekartzea, historia aurrera joatea da. Batzuetan lotsa ere ematen dit orduko gauzak gogoratzea.
Ume garaiko festetako musika datorkit gogora. Irungo Los Hermanos Semper etortzen ziren urtero Zaldibiara, Santa Fe jaietara. Gu deseatzen egoten ginen haiek etortzeko. Magia zen hura guretzat. Soinua eta saxofoia hartu eta kalejirak egiten zituzten, eta gu atzetik saltoka. Txundituta egoten ginen. Artistak ziren. Zaldibian bertan lo egiten zuten eta hurrengo egunean berriz ere musika jotzen zuten. Erdaraz abesten zuten dena. Ume garaian musikarekin genuen harremana, irrati bidezkoa zen. Dena erdara hutsez, noski. Garai hartako Mari Sol, Salome, Manolo Escobar, Rafael… ziren umetan gure erreferentzia.
Dantzan beranduago hasi ginen, 14-15 urterekin. Neskatxei dantza eskatzen ere bai. Gehienetan ezezkoa jasotzen genuen. Orduan hasi ziren Herri Irratikoak lehenengo euskal abeslarien aztarnak ematen: Lurdes Iriondo, Mikel Laboa, Unai hirukotea, Erla bikotea…. Haiek hasi zirenean, leihatila bat ireki zitzaigun. Euskaraz ari ziren, eta oso politak ziren kantuak, oso melodikoak. Aldarrikapenez beteak.
Hark markatu ninduen; mugarri bat izan zen. Ez dok Hamairu sortu zen gero. Gure belaunaldia fuerte harrapatu gintuen mugimendu hark. Musika, kultura, politika… uztartu ziren.
Musikaren arloan beste mugarri bat Egan taldea [1970etik aritu zen plazarik plaza] izan zen niretzat. Zaldibiara etortzen ziren festetan eta Eganekin beste ikuspegi bat sortu zitzaigun. Dena euskaraz kantatzen zuten. Eganekin ezagutu genituen Queen, John Denver…. Txundigarria zen.
Musika jotzaile ere bai
Musikariaren tokitik ere bizi izan ditut festak, txistulari taldearekin lehenengo eta txarangarekin gero. Soldadutza bukatutakoan, 22 urterekin, herriko txistulari taldekoek herriko hiru laguni esan ziguten atabalaria behar zutela eta hasiko ginen atabala jotzen ikasten. Nire harreman praktikoa musikarekin orduan izan zen. Harrezkeroztik, ,ez naiz geratu.
Ondoren txaranga sortu zen Zaldibian. Tronboia jotzea eskaini zidaten. Tronboia eta bonbardinoa jotzen ikasi nuen. Ondoren, solfeoa behar zen. Eta Teresita Irastortzarekin urtebeteko solfeoa ikasi nuen. Clave de Sol-en ikasi nuen irakurtzen eta instrumentua jotzen hasi nintzenean, partitura irakurtzen ez nekiela konturatu nintzen, Clave de Fa-n zegoelako. Ordutik, memoriz ikasten ditut abestiak.
Panderoarena ere kasualitatez etorri zitzaidan. Banuen lagun bat trikitixa jotzen zuena. Panderoa jotzen ikasteko esaten zidan, eta hala hasi nintzen, Albizturgo Ramonekin. IZ disketxean lanean aritu nintzenean, Imuntzo ezagutu nuen; diskoa grabatzera etorri zen. 30 bat urtean aritu gara jotzen. Zaldibian ere urte askoan. Orain gutxi ibiltzen gara. Dena den, musikarekin gozatzen jarraitzen dut. Jolas bat da. Gauza xumeak egiten. Musika bizitzen.
Festarako tartea ere hartuko dugu aurten. Musikari bezala ez, baina bai taloak egitearekin batera, musikaz eta lagunez gozatuz. Zaldibian ikusiko gara.