Altxor aurkikuntza sonatua izan zen bere garaian –duela 63 urte–, misterio laino batek erdi estalita eta, antzeko beste kasu askotan bezala, Euskal Herritik kanpora eramanda bukatu zen arren. Gazteluberriko altxorra, gaur egun Goierrin ezezaguna da, baina bertakoa da. Otsaurteko errepideak eta N-1 autobideak bat egiten duten tokian dago Gazteluberri haitza (862m), Altzanian, lurrez Gipuzkoako Partzuergo Txikian –bertan du Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Nagusiaren muga, eta ehunka metro gutxira Nafarroa–.
Segurako Erraztiolatza Museoak berreskuratu du Gazteluberriko altxorraren memoria. Partzuergo Txikiko gobernua Seguratik eramaten denez, bertako artxibo historikoan aurkitu ditu Rafa Berasategik lehenago Madrilen (Espainia) Museo Arkeologikoan ikusi eta jakin zuenaren berrespena. Segurako altxorra bezala aurkezten dute han.
1960an, zuhaitz aldaketa bat egiteko hiru langile etxarriar kontratatu zituzten. Juan Berasategi Urkia eta Eugenio Martin Zaro ziren bi –hirugarrenaren izenik ez zuten jaso agirietan–. Lanean ari zirela, harkaitz zulo batean metalezko dunba bat aurkitu zuten –ganaduaren lepoko zintzarri handia da dunba–.
Berasategi zen kuadrillako burua, eta bere behientzat balioko zuela-eta hartu zuen. «Dunbak pisua zeukala konturatu zen. Ahoa lokatzez estalita zeukan, eta kendu ziotenean, txanponez beteta zegoen. Pixka bat lasaitu arte gordeko zuela, eta etxera eraman zuen», jaso du Rafa Berasategik.
Zumarragako bikarioa ezagutzen zuten, nafar jatorrikoa bera, objektu zaharretan zerbait zekiena. Balio handikoak zirela esan zien, eta bi txanpon oparitu zizkien aurkitzaileei. Donostiako bitxi denda batekoekin jarri ziren harremanetan gero, Arbizuko batena. Altxorraren dimentsioaz jabetuta, parte eman beharra zegoela ebatzi zuen.
Zati bat falta den susmoa
Frankismo garai betea zen, eta Gobernu Zibilera iritsi zen auzia. Handik Madrilera bidali zuten altxorra, eta horregatik dago orain hango Arkeologia Museoan. Baina museoan susmoa berehala piztu zitzaien: dunbaren neurrian kabi zitezkeenak baino txanpon gutxiago iritsi ziren. Atzera Donostian, gobernadore zibilak galdekatu zituen aurkitzaileak eta berri zeukaten guztiak –bere burua ez beste guztiak, aidanez, nahiz haren eskuetatik ere pasatu zen–. 1960ko apirilaren 7ko data du aktak. Afera bere hartan itxi zuten, txanponik inork eraman ote zuen argitzeko ahaleginik gabe.
Altxorra aurkitu izanagatik, Gobernuak Segurako Udalari 180.000 pezeta eman zizkion, Partzoneriarako. 1961ean dirutza zen. Etxarriko hiru aurkitzaileentzat, beste 180.000 pezeta, hiruren artean 60.000na banatzeko.
Gazteluberriko altxorrean burdin forjatuzko dunba bat eta 52 txanpon dira, 1537tik 1598ra bitartean eginak, Juana I.a-Carlos V.aren eta Felipe II.aren garaietako Gaztelako eskudoak eta errealak: 9 urrezko eta 43 zilarrezko.