Urriaren 19an, Legazpiko Txillida Lantokian izango da aurtengo topagunea, 15:00etan. ‘Enpresa digital eta iraunkorrak bideratzen’ izenburupean, enpresen lehiakortasuna garatzeko funtsezko elementuetako batzuk jorratzeko aukera paregabea izango da Foro Industrialaren bigarren edizio hau. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta SPRI erakundearen lankidetzarekin antolatu da ekimena.
Adituen mintzaldiak eta eskualdeko kasu praktikoak uztartuko dira ekitaldian. Hasiera emateko, Adimen Artifizialean aditua den Alex Rayonek, ETE industrialentzat baliagarriak izan daitezkeen eta sorkuntzara bideratutako adimen artifizialeko tresnei buruz hitz egingo du. Bestetik, erakunde publikoetatik diruz lagundu diren proiektuen adibideak ere azalduko dituzte SPRI-ko kideek. Tartean, kafea eta solasaldirako unea ere egongo da.
Digitalizazioan murgilduta, eskualdera gerturatuko dira ekitaldiaren bigarren atalean. ETEak teknologia emergenteen bidez, enpresa adimentsuago baterantz nola igarotzen ari diren ezagutzako aukera izango da. Alvaro Zevallos, DigiTalentu-ko bazkideak eta zuzendariak, eskualdeko hainbat enpresekin egindako lanketaz hitz egingo du, egungo errealitateaz, eta bereziki, etorkizunean enpresek lehiakor izateko jarraitu beharko duten bide-orriaz. Atal honetan Legazpiko Plasnor enpresak eraldaketa digitalerako hartu duen bidea ere azalduko du.
Eskualdeko kasu praktikoekin jarraituz, Urretxuko Smartlog Group-en eredua ezagutuko dute. Enpresa kultura sendoa duen enpresa da, eta gizartearekin zein ingurumenarekin duen konpromisoa oso errotuta duena. Izan ere, iraunkorrak diren enpresak, sortzen duten balio sozialaz eta ingurumenaz arduratzen dira, eta beraien kultura eta estrategietan argi txertatuta azaltzen dituzte balio horiek.
Amaitzeko, eskualdeko enpresa ehunaren lehentasun estrategikoei buruzko gogoeta egingo dute, Bmasi, estrategian adituen laguntzarekin.17:50ean amaiera emango diote ekitaldiari, eta luntxarekin batera, Txillida Lantokia bisitatu ahal izango da.
Enpresa bazara eta Urola Garaian baduzu egoitza, eman izena aurtengo ekitaldian. Telefonoa: 943 72 58 29. enpresa@uggasa.eus.
UGGASAren zerbitzuak
Hauek dira UGGASAk enpresei bideratutako banakako zerbitzuak:
- Informazioa eta kontsultak argitzea.
- Lehiakortasuna hobetzeko eta berrikuntzarako proiektuetan akonpainamendua.
- Diru laguntzen aholkularitza eta kudeaketa.
- Lan eskaintzen bitartekotza eta praktiken kudeaketa.
- Lankidetzarako eta kudeaketa hobekuntzarako enpresa foroak lantzea eta dinamizatzea.
Azken urtean, UGGASAko enpresa arlotik bultzatu diren proiektu eta ekimenak
2022ko Foro Industrialean hiru erronkez aritu ziren: eraldaketa digitala, talentua eta laneratze inklusiboa. UGGASAk erronka horiei heldu die, eta enpresa arlotik hainbat proiektu eta ekimen gauzatu ditu eskualdeko enpresekin batera azken hilabete hauetan.
Izan ere, ekonomikoki lehiakorra den, gizartean balioa sortzen duen eta ingurumena kontzienteki zaintzen duen enpresa eredua sustatzea izan da agentziaren xedea. Eta guzti honetarako, digitalizazioa ezinbesteko tresna bihurtu da.
Ekonomikoki lehiakorra den enpresa
Enpresak, lehiakortasunaren paradigma berrian murgilduta, ekoizpen ereduaren aldaketari aurre egiten ari dira: teknologia berrien bitartez prozesuen optimizazioa lortuz, barne ekintzailetza sustatuz eta eraldaketarako jarrera irekia izanez.
- Berrikuntzarako diagnostikoak: 15 enpresa.
- Eraldaketa digitala: 6 enpresa, 16 partehartzaile.
- Berrikuntza mikro-proiektuak: 3 enpresa, 4 proiektu.
- Enpresa bilerak eta topaketak: 3 topaketa, 57 enpresa, 96 partehartzaile.
Gizartean balioa sortzen duen enpresa
Enpresak, alderdi ekonomikoarekin batera, gizartean sortzen duten balioan ere sakontzen ari dira, aldi berean lehiakortasuna areagotuz: lidergo berriak, talentua eta pertsonen ongizatea, bezero, hornitzaile eta aliantza iraunkorrak lantzea, esklusio egoeran dauden pertsonen laneratzea edo komunitatearen beharrak kontuan hartzea.
- Gizarteratzea eta laneratzea: 14 enpresa, bazterketa arriskuan dauden 30 pertsona laneratuak.
- Ongizate enpresak: 7 enpresa,184 partehartzaile.
- Balio sozial partekatua: 4 enpresa,8 partehartzaile.
- Talentu komunitatea: 7 enpresa, 12 partehartzaile.
Ingurumena arretaz zaintzen duen enpresa
Klima aldaketaren aurrean, Ingurumenarekiko jasangarritasunak geroz eta garrantzi handiagoa du enpresan. Eraginkortasun energetikoko eta ekonomia zirkularreko proiektuak landu dira hainbat enpresatan, eta hauen bidez produktu zein prozesuetan kostu eta baliabide energetikoak murrizteko aukerak aztertu. Ekonomia zirkularrak proposatzen ditu eta berrikuntzarako aukera ugari.
- Eraginkortasun energetikoa: 8 enpresa.
- Ekonomia zirkularra: 3 enpresa, 10 partehartzaile.