Sandra Cliville (Esplugues de Llobregat, Herri- alde Katalanak, 1974) artzaintza ikastera etorri zen Euskal Herrira eta bertan gelditu zen. Ataunen bizi da, Iñaki senarrarekin eta Arnau eta Pol semeekin. Artilearekin arropa egiten du. Maduixa Gorria da bere marka. Patina- tzailea izan zen eta ikastaroak ematen ditu.
Ze ikasketa egin zenituen?
Ingeniaritza agronomoa ikasi nuen, Bartzelonan. Ondoren Euskal Herrira etorri nintzen, Arantzazuko Artzain Eskolara. Lana aurkitu nuen eta hemen gelditu nintzen.
Nolatan Artzain Eskolara?
Karreran haragitarako ardiei buruz irakatsi ziguten eta esneari buruz ez ziguten ezer irakatsi. Gaztaren inguruko jakin-mina nuen, ordea. Artzain Eskolari buruzko erreportaje bat ikusi nuen eta hurrengo egunean bertara deitu nuen.
Berehala lana aurkitu zenuela esan duzu.
Gizarte laguntzaile gisa lan egin nuen. Bestalde, Maizpidera joan nintzen euskara ikastera.
Nolatan artisau?
Eskulanak egitea gustuko nuen eta haurdun gelditu nintzenean, artisau lanean hasi nintzen semea nik neuk hezi ahal izateko. Horretarako, artileari eta tindagai naturalei buruz ikasi nuen. Ez naiz ingeniaritzara itzuli.
Hasieratik artilearekin lan egin al zenuen?
Umeen arropa tindatzen hasi nintzen eta ondoren artilearekin hasi nintzen. Egun, bi lanak egiten ditut. Soinean daramadan kamiseta hau gaztainondo hostoekin tindatu nuen.
Nondik lortzen duzu artilea?
Gure ardiena erabiltzen dut, baina baita merino eta Nafarroako rasa arrazetako ardiena ere. Latxarekin hasi nintzen, baina latxarekin bakarrik lan egitea zaila zen. Mundu hau asko gustatzen zaidanez, gainontzekoekin ere hasi nintzen.
Zer egiten duzu artilearekin?
Alfonbrak, zapatak, soinekoak, txalekoak, fularrak, txaketak, pontxoak, gonak, gorrak, txapelak, mitoiak, lepokoak, loreak (dekoratzeko), botak, zapatilak, haurrentzako patukoak…
Non saltzen dituzu?
Artisau azoketan. Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere bai. Hilabete barru Madrilera joango naiz, Ifema azoka eremuan egingo duten Biocultura Madrid azokara. Hor latxarekin egindako gauzak oso ondo saltzen dira. Donostiara askotan joaten gara: Bulebarrera, Bretxara, Alderdi Ederrera… Turistek asko erosten dute.
Tindagaiei dagokienez, nondik ateratzen dituzu?
Intxaurrondoa oso ona da tindagaiak lortzeko. Bere sustraietatik ere lortzen da. Intxaurrak biltzera joaten zarenean eskuak tindatuta gelditzen zaizkizula ikustea besterik ez dago.
Nola lortzen dituzu kolore ezberdinak?
Euskal Herriak bere koloreak ditu: horia, berdea eta marroia. Urdina, gorria, morea… lortzeko, Tropikora jo beharra dut. Masustarekin ere lor daiteke, baina masusta asko beharko nituzke. Palo de Campecheren (Haematoxylum campechianum) sustrai pare batekin lortzen dudana lortzeko masusta asko beharko nituzke. Kanpoko taninoak ez erabiltzen saiatzen naiz, baina palo de Campeche eta cochinilla erosi egiten ditut. Dena den, hemengo tindagaiak palo de Campeche eta cochinilla baino askoz ere gehiago erabiltzen ditut. Morea oso ondo saltzen da, baina nire postuan berdea, horia eta marroia nagusi dira. Euskal Herriko koloreak erabiltzen saiatzen naiz.
Artisauarena lan gogorra al da?
Prozesu osoa nik egiten dut. Ordu asko dira. Artisautza bizitza filosofia da. Ez baduzu maite, oso zaila da eustea. Maite ez baduzu, amore ematen duzu. Nire etxea nire lantokia da. Dena nire lanera egokitua dago. Eguna etxean ematen dut, lanean. Gauza asko galtzen ditut. Maite ez banu, ez nuke egingo. Erraztasun gehiago izan beharko genituzke. Frantzian, adibidez, artilea garbitzeko tokiak dituzte eta artisauei artilea garbituta saltzen diete. Hemen hori egingo bagenu, artisau gehiago egongo lirateke. Bestalde, artilearen erabilera sustatu beharko litzateke. Gauza askotarako balio du eta ez da erabiltzen. Gipuzkoan konpostatu egiten da behintzat. Bizkaian erre egiten dute! Telebistatik nola lan egiten zen erakusteko deitzen didatenean, ez naiz joaten. Ez dut nola lan egiten zen erakutsi nahi, nola lan egiten den baizik! Artileak etorkizuna izan dezake!
Asko kosta al zitzaizun euskara ikastea?
Hemen urte eta erdi bakarrik neramanean hasi nintzen euskaraz hitz egiten. Oso goiz zela esaten zidaten. Bizio asko hartu nituen. Hiru egunetan bi ordu joaten nintzen euskaltegira, baina urte eta erdian dena ulertzea eta hitz egitea lortu nuen. Hori bai, egun guztian irratia piztuta izaten nuen: autoan, etxean… Gainera, Iñakiri ez nion beste hizkuntza batean hitz egiten uzten. Indar handia jarri nuen. Oso gauza deigarria gertatu zen: bat-batean irratian esaten zuten guztia ulertzen nuela konturatu nintzen. Iñakik katalanez hitz egiten ikasi zuen eta berari ere hori gertatu zitzaiola esan zuen. Gauza arrunta dela uste dut, baina ikasten ari denarentzat sekulakoa da. Ikastaro trinkoa ere egin nuen. Bi hilabete bakarrik. Ikastaro trinkoan asko ikasten dela konturatu nintzen.
Baserrian bizi izan al zarete beti?
Bai. Hasieran Lazkaoko Intxaurrondo baserrian bizi izan ginen, baina herrigunean zegoen. Ondoren, Zegamako baserrira joan ginen. Egun, Ataungo Uztatxo baserrian bizi gara. 18 urte daramatzagu bertan. Lazkaon eta Zegaman alokairuan bizi ginen eta hau erosi egin genuen.
Zer moduz Ataunen?
Beti baserrian bizi nahi izan dugu eta hemen oso gustura gaude.
Katalunian ere baserri batean bizi al zinen?
Ez. Espluges Bartzelona ondoko herri bat da eta karrera osoa Bartzelonan egin nuen. Ingeniaritza agronomoa ikastea erabaki nuen eta baserritarrei aholkuak ematen irakatsi ziguten. Nik nahiago nuen baserrian lan egin, ordea. Baserritarra izan nahi nuen, ez teknikaria.
Euskal Herrian ondo moldatu zara.
Katalunia eta Euskal Herria ezberdinak dira, baina ondo moldatu nintzen. Ni oso irekia naiz eta hemen jende gehiena ez da horren irekia. Hemen besarkatzen zaituztenean, benetan beharrezkoa delako da. Jendea oso ondo portatu da nirekin hasieratik. Katalunian ere bi hizkuntza ditugunez, hasieratik oso argi nuen euskara ikasi behar nuela. Hori bai, hizkuntza ikasteagatik ordaindu beharrak harritu egin ninduen. Katalunian doan da.
Artilearekin arropa egiteaz gain, patinatze ikastaroak ematen dituzu.
3 urterekin hasi nintzen patinatzen. Patinatze artistikoa egiten nuen, gurpil gainean. 18 urterekin lesio larria izan nuen eta 19rekin lehiatzeari utzi nion. Nire haurtzaroa eta nerabezaroa patinatzen eman nuen. Nire bizitza markatu zuen. Ordu asko entrenatzen nuen. Lau orduko saioak egiten nituen. Baina nik nahi nuelako egiten nuen, gurasoek sekula ez ninduten behartu. Katalunian gurpil gaineko patinatze artistikoak indar handia du. Sekulako maila dago. Argentinan, Italian eta Portugalen ere indar handia du.
Ze lesio izan zenuen?
Eskafoidea hautsi nuen. Baina klinikan ez zuten haustura aurkitu eta hurrengo bost hilabeteetan eskafoidea hautsita patinatu nuen. Sekulakoa egin nuen. Egun batean pistatik atera, ospitalera eraman eta operatu egin ninduten. Ezingo nuela gehiago patinatu esan zidaten. Patinatzen jarraitzen banuen gurpildun aulkian buka nezakeela. Oso gogorra izan zen. Haurrak entrenatzeari ere utzi nion. Mina nuen eta haurdunaldian lunbalgia izan nuen. Aditu batengana joan nintzen lunbalgia osatzera eta mina ere kendu zidan. Ez nuen patinik jantzi, seme zaharrenak patinatzen ikasi nahi zuela esan zidan arte. Ataunen ikastaroa egitea proposatu zidaten eta ikastaro asko eman ditut. Oso gustura. Irakatsi egiten diet, gozatu egiten dut, hunkitu egiten naiz… Izan ere, patinatzea haurtzaroan oso gustura egin nuen zerbait da. Ikastaroek gertatu zitzaidana gainditzeko balio izan didate. Hurrengo ikastaroa Seguran egingo dugu. Dena den, pixkanaka nire semeak erreleboa hartzen ari dira. Ikasle bat ere ikastaroak ematen ari da. Horrek asko pozten nau.
Beste afiziorik ba al duzu?
Baratzea, loreak… Gustura izango nituzke zaletasun gehiago, baina ez dut astirik.
Kataluniara askotan joaten al zarete?
Bizitza honetan gertatu zaizkidan gauza gogorren artean Kataluniako familia osoa galdu izana dago. Hori dela eta, ez naiz Kataluniara joaten. Arnauk bi urte zituenean ama hil zen eta bost urte zituenean, berriz, aita. Ondoren, pandemia garaian, anaia hil zen. Ordura arte, askotan joaten nintzen Kataluniara. Ama gaixo jarri zenean urtebete eman nuen Katalunian, Arnaurekin. Iñaki bakarrik gelditu zen hemen. Aita gaixo jarri zenean beste urtebete eman nuen Katalunian, Polekin. Iñaki Arnaurekin gelditu zen. Anaia gaixo jarri zenean ere Kataluniara joan nintzen. Kataluniarekin harremana mantendu nuen, baina anaia hil zenetik ez dut joateko gogorik. Anaia hil zenean azokak eta ikastaroak utzi nituen, baina itzuli naiz. Familia horren gaztetan galdu izana ez da gauza erraza. Dena den, udan kataluniar asko etortzen dira gure etxera. Egutegia egiten dugu. Urte batean 32 lagun pasa ziren hemendik abuztuan zehar.
Ze hizkuntza erabiltzen duzue etxean?
Semeei beti katalanez egin diet eta beraien artean katalanez egiten dute. Txakurrekin ere katalanez egiten dugu. Etxe honetan katalanak irabazi du. Haurrei zergatik egiten diedan katalanez galdetu izan didate. Euskaldun bat Japoniara joango balitz, ze hizkuntzatan hitz egingo lieke bere seme-alabei? Euskaraz, noski. Hori esaten diedanean, egin dudana ulergarria dela onartzen dute.
Sortu ginen enbor beretik…
Sandra Clivilleren argazki kuttuna bere haurtzaroko hau da. 1975ean atera zuten, berak urte bakar bat zuenean. Bere ama Nuriarekin, aita Jean Claudekin eta anaia Davidekin ageri da, zoriontsu. Ama jantzi-egilea zen eta lauek argazkian soinean daramaten arropa ia guztia berak egin zuen. «Etxean jantzigintza tailerra zuen eta josten irakatsi zigun. Koadernoak egiteko, orriak erosten genituen eta ondoren josi. Aitak garraio munduan lan egin zuen, baina berak ere sormen handia zuen. Margotu egiten zuen. Anaiak ere sormena zuen», aipatu du.
Zoritxarrez, Sandrak hirurak galdu ditu: ama, aita eta anaia. Ama eta aita minbiziak eraman zituen eta anaia koronabirusak eragindako gaitz batek. Argazkiarekin batera «gu sortu ginen enbor beretik sortu dira besteak» mezua idatzi du. Eta hala da. Bera sortu zen enbor beretik sortu dira bere seme Arnau eta Pol.
Anaia galdu zuenetik, oso gogorra egiten zaio Kataluniara joatea. Baina bere jaioterria bihotzean darama eta baita bere semeengan ere. Izan ere, Arnau eta Pol kataluniarrak ere badira. Ataungo kataluniarrak. Ez izenez bakarrik, baita izanez ere. Amak katalanez hitz egin die beti eta anaien artean katalanez hitz egiten dute. Horretaz gain, amaren jaioterrira joan izan direnean, bertako ekintzetan parte hartu izan dute. Izan zirelako gara. Ziur Kataluniako aitona-amonak eta osaba, dauden lekuan daudela, harro daudela.