Aitor Martin ordiziarrak tea ekoizteko proiektua du esku artean. Frogak egin ondoren, «ekoizpen industriala» ezartzea du helburu.
Kondairak dio te edaria Txinan sortu zela orain dela 5.000 bat urte. Herrialde horretako elezahar baten arabera, Shen-Nung enperadoreak kasualitatez deskubritu zuen, arbola baten azpian atseden hartzen ari zenean. Ura irakiten jarri zuen eta arbolak hosto batzuk bota zituen, ontzira. Dastatu eta gustukoa izan zuenez, arbolaren haziak landatzeko agindua eman zuen.
Legendaz harago ere, lehen datu historikoek Txinan kokatzen dute gaur egun herrialde askotan kontsumitzen den edari hori. Landare medizinal gisa erabili ohi zen –gaur egun ere erabiltzen da–, eta ondoren, merkataritza bide ezberdinen bidez inguruko eta gainontzeko herrialdeetara hedatu zen. Gaur egun ere, Txina da te ekoizlerik handiena. Goierrira ekarrita, ez dago bailaran tea ekoizten duen enpresarik, baina badago nitxo hori aprobetxatzeko lanetan dabilen goierritar bat. Beasainen bizi den Aitor Martinek (Ordizia, 1979) urtebete darama tea landatzeko eta prozesatzeko lanean.
Proiektuan sakondu aurretik, frogak egiten ibili da. Bizpahiru urteko te landareak erosi zituen Martinek, eta Araman duen lursailean landatu zituen. Bi subespezierekin egin ditu frogak: Camellia Sinensis Sinensis, jatorria Txinan duena, eta Camellia Sinensis Kolkhida, Georgiakoa. Urtebete Araman landatuta izan ondoren, landareak «ondo egokitzen direla» egiaztatu du: «Esperimentala da, nola egokitzen diren ikusi nahi izan dut aurrena, eta ohartu naiz ondo moldatzen direla». Horrela ikasi du nola erein behar den, zer behar duten, eta pixkanaka «informazioa biltzen eta formatzen» joan da, egin nahi duen proiektuari forma emate aldera. Hala, proiektua aurrera doa. Ordizian hektarea bateko lursaila erosi du. Landaketa kopurua handituko du, etorkizunean te hori prozesatu eta saldu ahal izateko. «Produkzio industriala nahi dut jarri terako. Hurrengo udaberrian landareak sartzen hasiko naiz». 500 te landare sartuko ditu.
Galiziako hornitzaile bati erosiko dizkio. Hura ezagutu arte kosta egin zitzaion «konfiantzazko» haziak eta landareak lortzea, informazio gutxi dagoelako. «Herrialde ekoizleek ez dituzte esportatzen landareak. Aurki daitekeen gehientsuena horiek bakantzen dituztenak dira. Orain benetan hasi naiteke arriskurik gabe landatzen».
Barietate ezberdinak
Munduan hedatuen dagoen edarietako bat da tea. Etxean beti edan du Martinek, eta bertatik datorkio zaletasuna. Ekoizpenerako proiektua, baina, beste proiektu bat atzera bota zutenean jarri zuen martxan. Duela urte batzuk, Gipuzkoako Foru Aldundiak lihoaren ekoizpena sustatzeko proiektu bat abiatu zuen, eta boluntario bezala parte hartu zuen azken urteetan ordiziarrak. Pandemia aurretik proiektua erori egin zen, eta hor ekin zion tea landatzeari. «Tokia neukanez, proba egiten hastea erabaki nuen».
Bi zati ditu te ekoizpenak kontsumorako. Batetik, landaketa, eta bestetik, prozesamendua. Prozesamendu horretan zehazten da ze te barietate ekoitziko den: zuria, berdea, gorria, beltza… Landare beretik, te barietate ezberdinak atera daitezke, prozesatzeko moduaren arabera eta erabili den landare zatiaren arabera. Martinek azaldu duenez, te zuria zentimetro bateko hosto txikiekin egiten da, zartaginean edo labean deshidratatuta; berdea hosto handiagoekin egin ohi da; gorria, oxidatu egin behar da, beltza oxidatu eta fermentatu egin behar da… «Mundu hori ezagutu behar duzu aurrena, landareak behar duena eta prozesuak behar duena aztertu, emaitzak lortzeko». Egin dituen frogetan, te zuria ekoitzi du goierritarrak, bere erara. «Te berdeko landare zatiak erabili nituen, te zuriaren prozesuarekin». Berak aitortu duenez oraindik «hobetzeko» duen arren, gutxinaka forma ematen ari zaio Goierriko lehenengo tea izango litzatekeena egi bihurtzeko proiektuari. Landareak dimentsio handiak hartzen ditu, «12 bat metro hazten da», eta hori dela eta, urtero mozten eta egokitzen joan behar da, «hesi forma» har dezaten. Hau da, bertikalean hazten da, eta aldeetara haz dadin kimatu egin behar da.
Bisitak
Goierritik gertuen dagoen te enpresa Arrasaten dago. Bizkaian eta Iparraldean ere badaude. Aurrera begira, inguruko enpresen arteko lankidetza eta elkartrukea sustatzea gustatuko litzaioke. Haien landaketak bisitatu ditu azken urtean, eta bertatik ere ikasi du, sektorearen dibertsifikazioaren inguruan, bere proiektuan aplikatzeko. Te landaketa enpresa batzuek bisita gidatuak eskaintzen dituzte landarearen inguruan gehiago ikasi nahi dutenentzat. Tailerrak eta dastaketak ere egiten dira, eta asmo hori dauka Ordizian jarriko duen egokitutako gunean. Orain Beasainen egiten du prozesamendua, bere etxean, baina etorkizunera begira,
Ordiziako lursailean prozesu osoa egin ahal izatea du helburu.
Udaberri aldera landareak sartu ondoren, gutxienez urtebete beharko du uzta berriko lehenengo teak lortzeko. Goierrin ere tea landatu eta ekoitzi daitekeela frogatuta, bailaran bertan tea ekoitziko duen taldea eratzeko hurrengo urratsak emango ditu Martinek, salmentarako.
Hezetasuna eta eguzki ordu gutxi behar ditu
Camellia Sinensis espezietik sortzen da tea. Goierriko klimatologiara «ongi» egokitzen dela dio Aitor Martinek. Eguzki ordu gutxi behar ditu, «lauzpabost», eta hezetasun maila «altua» behar du. Lurrak «azidoa» behar du izan. Landare batetik bestera, «2 metroko tartea» uztea komeni da, eta «urtero-urtero moztea eta egokitzea ezinbestekoa» da, «metro bat edo gehienez bi metroko» landarea lortzeko. Tea ateratzeko landarea izateaz gain, landare dekoratibo gisa ere erabili ohi da. Lore zuri-horiak ematen ditu. Camellia Sinensis-en haziekin Camellia olioa egin daiteke, azalean edo ilean emateko balio duena. Hosto zerradunak prozesatuta lortzen da infusioa. Berde ilun kolorekoak dira hostoak, 4-15 zentimetro luzera eta 2-5 zentimetroko zabalera dutenak.