Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Landa eremuko paisaia oso polita da, gero eta gehiago baloratzen dugu turismoa egiteko edota abenturak bizitzeko marko bezala. Hiritarren ikuspegi turistikoa zabaltzen joan da eta ez naiz harritzen, azkeneko urteotan pandemiak lagunduta gainera, ikuspegi hori areagotu egin da. Beste gauza bat da herri txikietan bizitzea eta bertan lan egitea aukera bezala baloratzea. Hiria lana egiteko eta bizitza proiektua eraikitzeko aukera bakar bezala azaltzen da gehiengoaren buruan. Asko jota, landa gunean lo egiteko tokia, bizimodua hirian mantenduz.
Euskal Herrian gero eta herri/eskualde gehiagok despopulatze arazoak dituzte. Gero eta eremu zabalagoak husten ari dira, hirien eta porlanaren azalera zabaltzen doan bitartean.
Munduan, 2050rako (Munduko Bankuaren esanetan) 10etatik 7 pertsona biziko da hirietan. Iturri horien arabera gaur egun energiaren
bi herena hirietan kontsumitzen da eta negutegi efektuko emisioen %70 hirietatik dator.
Hiriak landa eremuak baino zerbitzu hobeak eskaintzen ditu, baita kontsumorako eta aisialdirako aukerak areagotu ere. Honekin batera, egungo hiri ereduak jokabide, pentsaera berdintasuna, indibidualismoa eta bazterketa soziala ere zabaltzen ditu. Naturatik urruntzen joan gara eta natura bera bere ziklo eta funtzionamenduekin arrotza egiten zaigu. Nahiz eta, bizitzeko behar ditugun elementu garrantzitsuenak naturan sortzen diren. Urruntzeak, nagusia den garapen hiri zentrista eta mentalitate urbanoa hedatzen lagundu du eta honek askotan, talka egiten du natura berarekin eta landa eremuan garatu beharreko jardueren bilakaera iraunkorrarekin.
Epe motzeko begiradarekin eta hiriak dituen premiak asetzeko egiten da landa gunearen gaineko antolaketa partziala, natura agortu ezina balitz bezala. Jakiak supermerkatuetan eskuragarri daude, ura kanilatik dator eta sortzen dugun kutsadura itsasoan eta aire zabalean desagertzen dira. Landa eremuan berez, garatu beharreko nekazaritza bera erabat gainbehera doa, horren ordez jaki industrialak eta ikusi nahi ez ditugun makrogranja erraldoiak gurean ditugu.
Gizakion bizimodua iraunkorra izateko, landa eremuan herriak bizirik behar ditugu, zerbitzu duinak eta tokiko garapena bermatuko duten herri proiektuak. Honekin batera elikadura burujabetzaren bidean doan nekazaritzaren antolaketa, baliabide naturalen kudeaketarako eta ikuspegi anitza duen baso zein mendi politika berriak… Garapen eredua aldatzea ez da aukera bat, premia bat baizik. Horretarako hiri eredua eta hiri zentrismoaren kontzientzia ere aldatu beharrean gaude.