Zatekeen erromeri talde zumarragarra martxan da. Olaia Castro (Zumarraga, 2006) saxofoia, gitarra eta ahotsean, Maider Amado (Zumarraga, 2005) ahots nagusian, June Perez (Zumarraga, 2005) baterian, Amaiur Jauregi (Zumarraga, 2007) baxua jotzen eta Elena Urteaga (Zumarraga, 2005) trikitixan. Boskote honek duela gutxi sortu zuen erromeri taldea eta pixkanaka-pixkanaka badoaz aurrera.
Nola hasi zen ibilbide hau eta nolakoak izan dira lehenengo pausuak?
Batzuk Adore taldean jotzen zuten eta beste batzuk talde akustiko bat geneukan, beraz, hauen elkartzetik sortu den zerbait izan da Zatekeen erromeria. Adore taldeko kideak pixkanaka taldea utzi zuten ikasketak direla eta, eta gure artean hitz egin eta hau sortu genuen, aurrera egin nahi genuelako musikarekin. Euskal Herrian bizita eta bertako kulturan erromeriek beti izan duten garrantzia kontuan hartuta proiektu honi forma ematen hastea erabaki genuen. Hala ere, pentsatzen genuen bizpahiru kontzertu emango genituela Zumarraga inguruan eta ez zela harago joango baina ez da hala izan eta oso pozik gaude hasiera honekin.
Nolakoak izan dira lehenengo kontzertu hauek?
Oso ondo sentitu gara oholtzan. Zumarragako gaztetxean, Deban eta Basaurin izan gara orain arte. Oso sentsazio ona izan dugu oholtzan, izan ere, gure artean harreman ona dugu, eta gero eta hobea, gainera, eta hori ere ikusi da kontzertuetan. Bestalde, giro sanoa eta alaia izan dugu toki guztietan eta animatuta egon da publikoa ere beti. Horrez gain, eszenatokian oso ondo pasatzen dugu.
Aurrera begira, non gustatuko litzaizueke jotzea?
Egia esan, Zumarragan. Gaztetxean izan ginen baina udalarekin ari gara hizketan ea zerbait antolatzen dugun, batez ere gure ingurukoek ikus gaitzaten. Azken finean, Zumarragan ditugu lagunak zein familiartekoak eta haiei ere ilusioa egiten die.
Eskerrak ere eman nahi dizkiozue norbaiti.
Duela gutxi joan zitzaigun pertsona bati esker sortu zen hau eta berari esker gaude gaur egun hemen. Egiten dugun hau berari eskaini nahi diogu eta emandako laguntza eskertu nahi diogu. Berak irakatsi zigun musika egiten eta berak sortu zuen gure arteko harremana, beraz, oso eskertuta gaude berarekin.