Hariztiak baso garrantzitsuak dira Gipuzkoan, eta horrenbestez, baita Goierrin ere. Berez, 600-700 metrotik beherako lur guztietan izan beharko lukete nagusi. Dena den, baso horiei eman zaien erabilerarekin, haien banaketa eremua izugarri murriztu da. Gaur egun, larreak, hiriguneak, industrialdeak eta batez ere pinudiak daude hariztiek egon behar luketen tokian.
Klima baldintza heze eta leunak behar dituzte, hotz handirik gabeak; ondorioz, haranak eta eguterako magalak dituzte gogoko. Hariztiak berdin nagusitzen dira eremu aldapatsuetako lurzoru txiroetan zein ordeketako lurzoru aberatsetan. Hariztiak ez dira bereziki ilunak izaten, eta ondorioz, oihanpe oparoa izaten dute. Hainbat belar sastraka eta zuhaixka azaltzen direnez, zaila izaten basoa zeharkatzea.
Lurzoru txiroetako hariztiak
Gipuzkoako hariztiak bi taldetan banatzen dira, beren ezaugarrien arabera: batetik, lurzoru txiroetako hariztiak, eta bestetik, lurzoru aberatsekoak. Lurzoru txiroko hariztien adibiderik argienak Leitzaranen eta Oiartzun aldean daude. Lur azidoak dira (3,5-6ko pH-a), hareharri, kuartzita eta granito eremuetan sortuak, hau da, karerik gabekoetan. Lurraren ur kantitatearen eta basoaren altitudearen arabera, lur txiroetako hariztietan espezie ugari ager daitezke: eremu lehorretako arte eta ametzetatik, hezeenetako haltz eta pagoetaraino.
Eremu hauetako hariztiak aberatsetakoak baino sinpleagoak dira: ez dute oihanpe horren egituratua, eta espezie gutxiago azaltzen dira. Haritz kanduduna (Quercus robur) da zuhaitz espezie nagusia. Gorostia, elorri zuria, zumalakarra eta makatza dira haren basoberan hazten diren espezieak.
Lurzoru aberatsekoak
Lurzoru aberatseko hariztiak lur sakon eta aberatsetan bizi dira: mendi-oin, haran eta muinoetan, aldapa gutxiko tokietan beti ere. Halako lurzoruek ura metatzeko gaitasun handia dute, baina era berean, nekez basitzen dira. Halako basoen galera oso handia izan da, gaur egun orban batzuk soilik geratzen dira Gipuzkoan, han-hemenka.
Egitura oso konplexua dute lurzoru aberatseko hariztiek. Zuhaitzen artean haritz kanduduna gailentzen bada ere, lizarra, astigarra edo ezki hostozabala maiztasun eta ugaritasun handiz ager daitezke. Bigarren geruza batean, berriz, hurritza eta gorostia ere bai. Zuhaixka geruza oso itxia izaten da, eta beraz, ia zeharkaezina.
Iturria: Aranzadi Zientzia Elkarteko Botanika sailak ondutako Basoak.eus webgunea.