Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Umetan esaten nuen nire ‘handitako etxean’ hondarrezko gela bat izango nuela. Lortuko nuela nonbait, nolabait logela bat betetzeko lain hondar, eta hamahiru zentimetroko hondarrezko lurra sortuko niola gelari. Lasaigarria, gozagarria zen niretzat oinak hondar lehorretan hondoraraztea. Estresatuta edo agobiatuta egonez gero, horrela, gela horretara sartuko nintzatekeen. Oinei lagundu erlaxatzen, arnasa hartu, plazera sentitu. Eta bitartean, gorputzari hondarretara erortzen utziko niokeen, nire azalaren gozagarri. Zer dago ba hoberik, etxe baten erdian hondarrezko gela bat baino?
Ez dakit noiz ez dakit nola ez dakit zergatik, egun batean pentsatu nuen agian ez zela hain ideia ona. Atea irekitzerakoan eta atea ixterakoan hondar aleek ihes egingo luketela gelatik. Hondarrak zikindu egiten duela etxea. Eta ez zaidala etxea oso maiz garbitzea gustatzen. Urtean zenbat aldiz behar dudan hondarra ukitu. Agian nahikoa dela ostiraleko mozkorraldi bat, estresaz ahazteko. Zenbateraino den inportantea azalarekin sentitzea. Ez dela inoiz nire ‘handitako etxerik’ existituko. Hondartza ere hortxe dagoela. Oinutsik ibiltzeari aspaldi utzi niola. Ahaztu egin zaidala lehen zergatik maite nuen hainbeste sentsazio hura. Pentsatu nuen nahiago dudala gutxi zikindu askotan garbitu baino. Gauza handiei eman behar omen zaiela lehentasuna, eta txikikeriak ahaztu. Ondo dagoela amets egitea, baina heldua naizela, eta neurtzeko ametsak. Badaudela oin azpia baino gauza inportanteagoak.
Egun hartatik, asko kostatzen zait nire oinen gozagarri liratekeen hondar ale xumeei toki egitea. Eta pena ematen dit, ze helduak izango gara, baina nik ez nituzke gauza txiki horiek umetako kontu bezala gogoratu nahi.