Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Komikiari buruzko lau lerro hauen asmoa genero literario honetan euskal sortzaileek eman digutenaren lau argibide ematea da, batik bat jakin mina pizteko eta, noski, akuilu lan pixka bat egiteko. Informazioa sakon eta zehazki jaso nahi duenak eskura dauka Egungo euskal komikiaren historia EHUk 2017an argitaratua, bereziki Iratxe Retolazaren sarrera mardula.
Gure txikitasuna ez da oztopo izan euskal egileek komiki bikainak sortzeko. Nork ez du Irati pelikula ezagutzen? Ba al dakigu pelikula horren oinarrian komiki bat dugula? Halaxe da ba. Juan Luis Landa komikigilearen ekimenez sortutako saga honek irakurle oro sorgintzen du, Landaren marrazketa txundigarriarekin.
Komiki historikoan ari da ere JL Landa Orreaga bildumarekin, eta literatura historikoan kalitate gorenekoak dira ere moderno aroan kokatuta dauden Justin Hiriart eta Sorgin seinalea komiki bildumak, Gregorio Muroren gidoi eraginkor eta zintzoak dituztenak.
Biografia da beste arlo bat nabarmentzeko modukoa, Ni ez naiz Mikel Laboa, Gabriel Aresti BioGrafikoa, Sasi artean Elgeta (trikitilaria), AztiHitza (Agosti Xahori buruzkoa), Iñurrategi anaiak, Gerezi garaia: Lucio Urtubia eta Miguel Marmolen hamaika eta bat jaiotza, azken urteotan neuk irakurri eta ederretsitako batzuk aipatzearren.
Publikazioei dagokionez, Erein, Txalaparta, Harriet, Astiberri, Denonartean… argitaletxe gehienak ari dira komikiak plazaratzen, bakoitzak bere ildo eta estilo propioan.
Lan eta egile gehienak agertu gabe gelditu dira, herriko liburutegira zoazen hurrengoan bila itzazu zeuk.