Iazko udan abian jarritako Lurretik mahaira proiektua gizarteratze bidean udako ikastaro bat egin dute Goizanen. Hamar zerbitzu ekosistemiko identifikatu dituzte lehen fasean, eta hurrengo urratsa horiek monetizatzeko estrategiak zehaztea izango da.
Joan den irailaren 22an egin zen Zaldibiako Goizane eraikinean Landaola federazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Lurretik mahaira, elikadura estrategia jasangarri eta osasungarria izeneko udako ikastaroa. Hainbat teknikarik eta lehen sektoreko eragilek parte hartu zuten saio hartan, tartean Jon Mikel Zabala Iturriagagoitia Deustuko Unibertsitateko irakasleak. Nekazaritzaren externalitateen monetizazioa hitzaldia egin zuen.
Gure lurraldearen paisaia eta natura tokian tokiko baserritarrek mendeetan zehar egindako lanaren eta zainketaren emaitza dira. Elikagaiak ekoizteaz gain, baserritarren lanak natura kudeatzea, zaintzea eta babestea dakar berekin. «Lehen sektoreak, beraz, balio handia du gure gizartean, ez soilik duen konnotazio ekonomikoagatik, baita paisaia eder eta emankor mantentzeagatik, eta lan horrek gizarteari transmititzen dizkion balioengatik ere», adierazi du Zabalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Etorkizuna Eraikiz estrategiaren barruan, 2022ko uztailean zehaztu zuen Gipuzkoaren etorkizunerako funtsezko sektoreetako bat elikadura zela. Ildo horretatik, aldundiak gizarte osoarentzako misio bat ezarri zuen: «2040an, Gipuzkoak, elikadura sistema jasangarria, osasungarria, eskuragarria eta lehiakorra izango du, tokiko produkzioaren gaitasuna maximizatuko duena eta kontsumo arduratsua sustatuko duena, lurraldeko kultura eta identitatea proiektatuz».
Misio horri erantzuteko, Landaolak –Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak– Lurretik mahaira proiektua definitu zuen 2022ko irailean. Landaola Gipuzkoako sei eskualdetako landa garapen elkarteek osatzen dute: Behemendik, Deba Garaiak,
Debemenek, Tolomendik, Urkomek eta Goimenek. Lurretik mahaira proiektua da landa eremua bultzatzeko gaurko egunean esku artean duen proiektuetako bat. «Proiektu honek Gipuzkoako lehen sektoreak sortzen dituen zerbitzu ekosistemikoen azterketa egin du,
Gipuzkoako nekazaritza unitatetako elikagaien ekoizpenak eta horiek osasunean, ingurumenean eta gizartean duten eragina ikertuz».
Zuzeneko eta zeharkako onurak
Zerbitzu ekosistemikoak zer diren argitu du lehenik Zabalak: «Giza ongizatea eta bizi kalitatea dakartzaten ekarpen zuzeneko eta zeharkako onurak dira. Ikerketa hori gauzatzea funtsezkoa da nekazaritzaren errentagarritasuna bermatzeko eta horren kudeaketa jasangarriagoarentzako. Horrez gain, beharrezkoa da baita ere nekazaritzak eskaintzen dituen kanpo eraginak gizarteratu eta ezagutaraztea». Hala egin ezean, «lehen sektorea galtzeko arrisku serioa» dagoela nabarmendu du, «lurralde txikietan nekazal ekintza ez baita errentagarria suertatzen, baina bai funtsezkoa ongizate bat izateko».
Proiektuaren lehen pausua nekazal jarduerak sortzen dituen zerbitzu ekosistemikoak identifikatzea izan da. Literatura zientifikotik hasita, Gipuzkoan zerbitzu horiek izan dezaketen garrantzia ezagutzeko 184 pertsonen iritziak jaso dituzte hainbat fokus group-etan. Deustuko Unibertsitateko 41 ikasle eta 37 irakaslek, Gipuzkoako lehen sektorea ezagutzen duten 39 teknikarik, eta Gipuzkoako eskualdeetako gizartearen 67 ordezkarik parte hartu dute saio horietan. Gipuzkoako herritarrentzat garrantzitsuenak izan diren hamar zerbitzu ekosistemikoak identifikatu dituzte –ikus beheko hamar puntuak–.
Hurrena, monetizazio bideak
Gaur egun, ingurumenari buruzko kezkak, klima-aldaketaren mehatxuak, elikadura eta energia mendekotasunak, eta muturreko gertaeren arriskuak bultzatuta, «erronka global horien aurrean oreka berriak bilatzen lagunduko diguten erantzunak garatzeko politikak definitu» behar dira. «Beraz, proiektuaren bigarren fasean, aurreko zerbitzu ekosistemikoak monetizatzeko aukera emango duten estrategiak identifikatu nahi izan dira». Estrategia horien bidez, elikagaien ekoizpenaz gain, lehen sektoreak «bizi kalitatearen katalizatzaile gisa eta ingurumena zaintzeko funtzioa bete» ahal izango du.
Lehen sektoreak «erabat doan» egiten duten ekosistema lan horregatik konpentsatu ahal izateko, etorkizunean Gipuzkoan aplika daitezkeen estrategia-multzo bat identifikatu dute. «Estrategia horiek gizarte eragile guztien parte-hartzea eskatzen dute, kontsumitzaileengandik hasita, eta gizarte osotik igarota, sektorea bera, beste sektore ekonomiko batzuk, ikastetxeak, ikerketa erakundeak eta ekintza publikoa ere kontutan hartuz».
Etorkizuna Eraikiz-en estrategiaren barruan, Lurretik Mahaira proiektutik eratorritako estrategiak ezartzeko lanean jarraituko du Landaolak, «lehen sektorea lehiakorragoa izan dadin eta, horrekin batera, Gipuzkoako herritar guztien ongizatea hobetu dadin».
Zerbitzu ekosistemikoak
Gipuzkoako 184 pertsonen iritziak bildu eta gero, lehen sektoreak lurraldeko herritarrentzat betetzen dituen hamar zerbitzu ekosistemiko garrantzitsuenak identifikatu dituzte.
- 1 Gizakiak elikagaietarako landatutako edozein labore eta fruta.
- 2 Edateko ura hornidura publikoko sisteman izatea.
- 3 Ukuiluan edo/eta aire zabalean hazitako ganadua, elikagai gisa.
- 4 Muturreko gertaerak prebenitzea, kontrolatzea, erregulatzea eta horietatik babestea
- 5 Uraren eta klimaren erregulazioa.
- 6 Lurzoruaren emankortasuna mantentzea.
- 7 Esanahi kulturalaren eta identitatearen euskarri izatea.
- 8 Ongizate mentala/morala.
- 9 Kontrol biologikoa: ongarritzea eta habitatez hornitzea.
- 10 Baliabide medizinalak, biokimikoak eta genetikoak.