Telefono mugikorrarekiko menpekotasuna geroz eta handiagoa da; gero eta goizago hasten da gainera. Menpekotasunak eta erabilera okerrak kezka sortu du ikastetxeetan eta gurasoen artean.
Ikasturte berriarekin batera, Beasaingo Institutu Publikoko Loinazpeko eraikinean, DBH 1 eta 2ko ikasleek debekatuta dute ikastetxean telefono mugikorra erabiltzea, baita atari edo atsedenaldi garaian ere. Eskarne Galdos zuzendariaren esanetan, «argi eta garbi esan nahi duguna da, gailua bera ez dela txarra, erabilera txarra dela ekidin behar dena». Oraingoz, DBH1 eta 2ko ikasleei eragingo die neurriak, eta pixkanaka, Txindokiko eraikinean (DBH3-4 eta Batxi 1-2) ere ezarriko nahiko lukete erabileraren debekua. «Inplementazioa beste adin eta eremu batzuetan gauzatu dadin, ezinbestekoa da familiak heztea norabide berean, eta denok norabide berean arraun egitea».
Goierriko gainerako ikastetxe gehienetan «aspaldi» hartutako neurria da mugikorraren erabilera debekatzearena. Ikastetxe bakoitzak bere araudia du, baina gehienetan, telefonoak hotsen bat ateratzen duenean (alarma, telefono deia, Whatsappa…), gailua itzalarazi eta «konfiskatu» egiten zaie. Kasu batzuetan, eskola jarduna bukatu artean, beste batzuetan 24 orduan. Zenbaitetan, gurasoak joan behar izaten dira telefono mugikorra jasotzera. Azken neurri horren harira, eta gurasoen kexengatik, aldatu behar izan dute araudia hainbat ikastetxek, eta ikasleek jasotzen dute mugikorra.
Ikastetxeak gizartearen isla
Ikastetxeak ez dira gune isolatuak, eta argi dute gizarte osoaren ardura dela, mugikorraren «gero eta menpekotasun handiagoari» eta erabilera okerrari neurria jartzea. «Guk eskolan gizartearen ispilua daukagu, etorkizuneko jendartea daukagu esku artean. Zentzu horretan, ezinbestekoa da komunitatearen erantzuna. Komunitatea denok egiten dugu, gizartea denok egiten dugu. Alferrikakoa litzateke horrelako neurriak eskolan hartzea eta bestelako eremuetan ez», dio Galdosek.
Ildo horretan, Urretxuko eta Zumarragako gurasoek ikastetxeetatik kanpora atera dute gaia, eta talde eragile bat sortu dute, kezka handia eragiten dien afera horri beste erpin batzuetatik heltzeko ere. Urretxuko Udaleko Gazteria teknikaria den Unai Zamalloak koordinatuta, bide orri bat zehazten ari dira, eta sentsibilizazioa ipar duten hainbat ekintza zehatz finkatzeaz gain, praktikotasunari begirako beste batzuk ere badituzte pentsatuta [6. orrian dago informazio gehiago].
Ikastetxeetara itzulita, irakasleek telefonoarekin egiten duten erabilera ere oso kontuan hartzeko puntua da. Ikasleei debekatu egiten bazaie, baina euren aurrean irakasleek edozein unetan erabiltzen badute, baita klase orduetan ere kasu batzuetan, mesede gutxi egiten zaie debeku neurriei. Horregatik, hainbat ikastetxek irakasleriari ere ezarri dizkiote erabilerarako neurriak.
Eskumena ikastetxe bakoitzarena
Ikastetxe bakoitzak dauka eskumena mugikorraren inguruko araudia egiteko. «Baina ikastetxeok ez daukagu inongo marko legalik, horrelako egoera baten aurrean babesten gaituenak. Orduan, hartutako neurri asko gure kontra etortzen dira. Pilota guri pasatzen digute, baina Hezkuntza Sailak benetan nahiko balio gai honi heldu, bere aldetik zerbait egin beharko luke», adierazi du Ordiziako Jakintza Ikastolako Gorka Sarasolak. Zalantzak ere sortzen zaizkie askotan. «Etxean ez dute debekatuta, kalean ere ez… eta bat-batean ikastola izatea telefonoa erabili ezin den irla bat… Errealitate faltsu bat sortzea da hori. Gaur egungo egoera da, nahiz eta debekatuta egon, oso zaila egiten zaigula debeku hori aurrera eramatea, ikasle eta gurasoengatik». Pandemiaz geroztik, atariko orduan baimenduta dute Jakintzako ikasleek telefonoa erabiltzea.
Herri bereko Oianguren Institutuan 18 urtetik gorakoentzako ziklo bat ere eskaintzen dute eta kasu horretan mugikorraren erabileraren debekua ezarri zezaketen ala ez zalantza izan dute momentu batean, ikasle baten kexuagatik. «Hezkuntza Saileko Aholkularitza Juridikora jo dugu eta argi esan digute, ikastetxeak jarritako araudia bete behar duela 18 urtetik gorako ikasleak ere. Kexatu den ikasleari erakutsi diogu artikulua, eta arrazoia daukagula eta horretan bukatu da», argitu du Gorka Arrese zuzendariak.
Ikasle gazteagoekin ere sortu izan dira arazoak debekuen inguruan. Legazpiko Haztegi ikastolako Sagrario Etxabe zuzendariak esan duenez, aurreko ikasturteetan talkak izan dituzte maila altuenetako ikasleekin, «telefonoa ezin zutela erabili eta konfiskatu egingo geniela esatean, oldartu egiten zitzaizkigun, euren eskubidea zela eta legez kontrako neurria zela eta antzekoak argudiatuz». Horrelako egoerei aurre egiteko, teknologia berrien inguruan lehendik zuten araudia berrikusi eta ikasturte hasieran maila guztietako ikasleei eta gurasoei jakinarazi diete. «Sakelekoa ezin da klasean erabili, irakasleak lan baterako baimentzen ez badu. Ondorioak zeintzuk izango diren zehaztu ditugu, eta esan beharra dago araudia betetzen ari dela».
Erloju adimentsuekin ere arazoak
LHko eskaintza ere baduten ikastetxeek arazoa gero eta azkarrago sortzen zaiela adierazi dute. Beasaingo Andramendi ikastolako Agurtzane Agirreren esanetan, LH 4-5 mailetako ikasleek Smart Watch-ak (erloju adimenduna) dituzte, eta horietan ere deiak eta Whatsapp mezuak jasotzeko aukera izaten dute. Erloju horrek kezka eragiten die baita ere Legazpiko Domingo Agirre eskola publikokoei. «Ikasleek ezin dute telefonoa ekarri eskolara, baina erlojua bai, nahiz eta berez ezin duten mezuak jasotzeko erabili. Baina hori oso zaila da kontrolatzea. Zer egin behar dugu, erlojua ekartzea ere debekatu?», dio Miren Zeberio zuzendariak. Urretxuko Gainzurikoak ere kezkatuta daude erloju adimendu horien erabilerarekin, «geroz eta zabalduago dago, eta geroz eta zailagoa egiten zaigu kontrola».
Dena den, ikastetxean mugikorra erabileraren debekua orokorrean ondo errespetatzen dute ikasleek, nahiz eta debeku guztiekin gertatzen den bezala, trikimailuak asmatzen abilak izan asko. Beasaingo La Salleko Inge Irazustabarrenaren esanetan, «ikasleek oso barneratuta dute funtzionatzeko modu hori eta noizean behin despisteren bat izaten dute noski (itzaltzea ahaztu, alarmaren bat aktibatuta eduki…), baina oso puntualak». Horrelakoak ekiditeko, Zumarragako La Sallen, adibidez, DBH1 ea 2ko ikasleek kutxa batean uzten dituzte telefonoak klaseak hastean eta jaso egiten dituzte amaieran, Mikel Garcia zuzendariak azaldu duenez.
Erabilera okerren arriskua
Erabilera desegoki ohikoenak, argazkiak eta bideoak atera eta stickerrak egin eta zabaltzea; Whatsapp taldeak sortzea gelakide bat kanpoan utzita; irakasleak grabatzea eta bideoa zabaltzea; ziberbulling-a… dira. «Erabilera okerrak eta arriskutsuak dira, baina irakasleak enteratzen bagara, egoerak eztanda egin duelako izaten da».
Oianguren Institutuan formazioaren hautua egin dute. «Aurtengo kurtso hasieran ikusi dugu, ikasleak kontzientziatu beharra dagoela. Formazio saio batzuk antolatu ditugu ikasleentzat gaurtik hasita. Irudi pertsonala, irudiak sareetan partekatzeak edo inongo baimenik gabe batak besteari bidaltzeak zer kalte egin dezaketen, legea edo zigor kodea nola dagoen.. Horri buruzko informazioa emateko saio batzuk antolatu ditugu».
Mugikorren erabilera arduratsuaren harira, Urretxu-Zumarragako Ikastolako zuzendari den Markel Garraldak azpimarratu du hori ez dela arau eta mugekin soilik lortzen. «Arauak eta mugak beharrezkoak dira, bai, baina pertsona ereduaren garapena ahaztu gabe». Mugikorraren bidez eskuragarri dituzten edukiak kritikoki baloratu eta aukeratuko dituzten pertsonez ari da, «pantailek eskaintzen dituzten estimulu ugarien aurrean oreka emozionala mantenduko dutenak, errespetuan oinarritutako harremanak eraikiko dituztenak… balio horiek lantzea ezinbestekoa iruditzen zaigu».
Lazkaon hasiera atzeratu egin nahi dute
Lazkaoko LHko guraso talde bat duela bi urte hasi zen, haurrei lehenengo telefono mugikorra ematearen unea –DBH1era joan beharreko uda gehienean– atzeratzeko lanean . Aurtengo ikasturtean DBH1ean hasi diren haurrak dira. San Benito ikastola izan dute bidelagun horretan: «Guraso horiek elkarrekin indarra eginez, lortu dute DBH1era etorri diren gaztetxoen gehiengoak mugikorrik ez izatea. Guraso taldea benetan dago kezkatuta zein goiz hasten diren mugikorrarekin. Telefonoa eman eta ez diegu erakusten nola erabili behar duten. Gizarteak daukan zeregin bat da». Ikastolari ere beste eskaera bat egin diote gurasoek: «Mugikorrik ez eskatzeko ikasleei hainbat jarduera egiteko, koherentzia mantenduz». Eta horrela egin dute. «Gurasoekin batera joango gara, beraien erabakia errespetatuz. Ondorioak aterako ditugu aurten eta ea atzetik datozen erabakia mantentzen duten».
Gurasoak kezkatuta daude
Ikastetxeetan bakarrik ez, gurasoen artean ere oso zabalduta dago telefono mugikorraren erabileraren inguruko kezka. Urretxun eta Zumarragan talde eragile bat sortu da gaiari aurre egiteko, Urretxuko Udaleko Gazteriako teknikariaren koordinaziopean.
Kezka da Urretxuko eta Zumarragako gurasoei telefonoaren erabilerak sortzen dien sentipen nagusia, eta horrek bultzatuta, elkartu egin dira gaiari batasunetik heltzeko eta talde eragileak sortu dituzte ikastetxez ikastetxe. Horietako ordezkariekin, talde eragile nagusia ere osatu dute, eta lanean hasi dira Urretxuko Udaleko Beñat Zamalloa Gazteria teknikariak koordinatuta. Zamalloak argi utzi nahi du gurasoen ekimenez sortutako lana dela abiatu dutena, eta gurasoen bultzadarik ez badago, bertan behera utziko dutela.
Momentuz indartsu dago taldea, eta oinarriak zehaztu dituzte, eta hasteko, «sentsibilizaziotik eta jabetzetik» abiatu behar dutela erabaki dute. Haurren eta nerabeen etapa guztietan eragin beharra ikusi dute, eta gurasoek eurek egiten duten mugikorraren erabileraz hausnartu beharra dagoela ere argi dute. Beste esperientzia batzuk ezagutzea baliagarria izango zaiela ere uste dute, bertara ekartzeko, adibidez, beste toki batzuetan antolatu dituzten mugikorrik gabeko astea bezalako ekintzak, eta ikastetxeetan egiten direnak.
Ekintza zehatzak
Oinarri horiei begira, ekintza zehatz batzuk zehaztu dituzte. Hala, urriaren 30ean, gaiari buruzko hitzaldi-tailerra egingo dute Miren Ros adituarekin Haur Hezkuntzako gurasoentzat, eta azaroaren 21erako gaian espezializatutako psikiatra entzutetsua den Gregorio Montero gonbidatu dute hitzaldia egiteko. Aurrerago, Maitane Ormazabal coach-aren eta Donostian mugikorrik gabeko astea sustatu zuen Telmo Lazkano irakaslearen hitzaldi-tailerra ere egingo dute. Bitartean Merkatari Elkartearekin ere harremanetan jarrita daude, Tolosan egin duten bezala Urretxuko eta Zumarragako dendetan eta zerbitzuetan ere bertako telefonoak baliatzeko aukera eskaintzeko haurrei eta gazteei. Zumarragako Ospitaleko Pediatria Sailarekin elkarlana abiatzea ere aztertzen ari dira.
Osasun mentalean arreta jartzea da gako garrantzitsuetako bat
Ikastetxeetan mugikorren erabilera mugatzeko erabakia, «zentzuzkoa, eta beharrezkoa» dela uste du Aintzane Irizar psikologoak. Hala ere, irakaskuntzan, eta edozein arlotan, «debekua oso tresna desegokia» dela uste du. «Pentsatu nahi dut, mugikorraren inguruan nerabeei orientazioa ematen hasi beharko garela. Institutuetan formazioa emanez, gai horretan gidatuz. Erabilera oker horien atzean dauden arazoei eta zailtasunei ere arreta jarriz eta landuz». Izan ere, mugikorra adimen artifiziala bezala, «tresna oso-oso potentea da, izugarrizko gaitasunak eta onurak ekarri ditzakeenak, bizitza kalitate hobeago bat emanez». Baina nerabeei «inongo orientaziorik edo kontrolik gabe, gidatu gabe» ematen zaiela uste du. «Erabilera oso arriskutsua izan daiteke, nerabe bat bizitzako oso puntu desorekatuan dagoela jakinda».
Ikerketek diotenez, mugikorren gehiegizko erabilerak osasun mentalean, fisikoan eta emozionalean eragiten du. «Emozionalki inpultsibitate handia sor dezake, bere buruan kontrol kognitibo gutxiago, antsietate sentsazioak, arreta mantentzeko zailtasunak, depresio jarrerak…».
Erabilera emozioekin lotuta
Mugikorraren erabilera txarrak nerabeen osasun mentalean duen eragina esaldiari «buelta ematea» proposatzen du Irizarrek. «Iruditzen zait klabea hor dagoela, bai nerabeetan eta bai helduetan. Hau da, niretzat mugikorrari ematen diogun erabilera askotan gure osasun mentalaren edo egoera emozionalaren isla besterik ez da. Hau da, nerabe bat edo heldu bat nola sentitzen den arabera, mugikorrari emango diogun erabilera horren araberakoa izango da neurri handi batean». Denok hausnartu beharko genukeela dio: «Nola sentitzen naiz azkeneko egunetan, zer bilatzen dut mugikorrean, zer ekidin nahi dut mugikorrean ibilita? Hausnarketa hori egin beharko genuke hobeto ulertzeko nondik abiatzen garen mugikorrerako harreman horretan». Beraz, osasun mentalean arreta jartzea gomendatzen du Irizarrek, «une oroko prebentzioarekin eta bide laguntzarekin».
Sozializatzeko arazoak
Mugikorraren gehiegizko erabileraren beste arazo bat ere nabarmendu nahi izan du psikologoak, nerabearen sozializatze gaitasunetan eragiten baitu. «Beraientzako babestuta sentitzen diren gaztelu batean sartzea bezala da mugikorra. Orduan, beste pertsona berri batekin edo aldamenekoarekin erlazionatzeko deserosotasun edo lotsa horretatik ihes egiteko mundu batean bezala sartzen dira. Gaitasun sozialetarako oztopo nabarmena izan daiteke mugikorra».